astekaria 2019/04/12
arrowItzuli

gizartea

DAVID DURAN

«Ikasgeletan kooperazioa kontrakulturala da gaur egun»

Ane Ubegun Goikoetxea

«Ikasgeletan kooperazioa kontrakulturala da gaur egun»

UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Psikologia doktorea da David Duran (Bartzelona, 1963). Irakastearen eta ikastearen inguruko hainbat ikerketa egin ditu, eta ondorioztatu du zenbait ikasle gai direla euren jakintasuna garatzeko beste ikasle batzuei irakasten dieten bitartean. Aprenseñar (ikasi eta irakatsi aditzetatik eratorritako terminoa) erabiltzen du teoria hori izendatzeko, eta izenburu hori duen liburu bat argitaratu zuen 2014an. Gai horri buruz mintzatu zen Ikastolen Elkarteak Hernanin (Gipuzkoa) antolatutako jardunaldi pedagogikoetan, atzo.

Azaldu duzu ikaskuntza kooperatiboa metodo egokia dela dibertsitaterako. Zer zentzutan?

Ikasgeletan ikasleak taldekatu egiten dituzte, eta dibertsitatea da ikasle talde horien ezaugarri nagusia. Horregatik, komeni da aniztasunarentzat aproposak diren metodologiak erabiltzea. Esaterako, irakasle batek aurkezpen bat egiten duenean, ikasle guztientzat egokia den metodologia erabiltzen du. Ikaskuntza kooperatiboa erabiltzen duenean, berriz, ikasleen arteko desberdintasunez baliatzen da, eta ikasteko metodoa moldatu egiten du. Modu horretan, gaitasun handiagoa duten ikasleek ikasi egin dezakete ikaskideei irakatsiz.

Zein gaitasun sozial garatzen dituzte ikasleek prozesu horretan?

Ikasleek taldean egiten dutenean lan bi ikaskuntza daude: alde batetik, euren artean kooperatzen ari dira, helburu didaktiko batekin; baina, ikasteko kooperatzen ari diren heinean, kooperatzen ere ikasten ari dira. Eta kooperazio horrek gaitasun sozial konplexuak izatea eskatzen du: entzute aktiboa, enpatia, komunikazio aktiboa, iritzia emateko eta besteen iritzia jasotzeko ahalmena, eta abar. Gaitasun horiek lortzeko modu bakarra da lana taldean egitea, beste pertsona batzuekin zaudenean soilik azaleratzen baitira. Zenbait autorek soft skills moduan definitzen dituzte gaitasun horiek —gaitasun leunak, ingelesez—, baina, nire iritziz, hard skills izan beharko lukete —gaitasun gogorrak edo zailak, ingelesez—, ezinbestekoak direlako.

Dena den, esan duzu ikaskuntza kooperatiboa praktika korapilatsua dela askorentzat. Indibidualismo eta lehiakortasun kontzeptuak ere aipatu dituzu.

Jatorriz, hezkuntza sisteman beti baloratu izan dira asko lan indibidual eta lehiakorrak: lan onena saritzen dute, lehia bat dago nork bukatuko lehenago... Gaur egun, oraindik ere, kooperazioa kontrakulturala da ikasgeletan, eta, beraz, ikaskuntza kooperatiboa hezkuntzaren arloan asko ikertu den arloa izan arren, autoreek ohartarazten digute esanez korapilatsua dela. Irakasleek ere esaten dute zaila dela ikasgeletan kooperazioa praktikan jartzea, egunerokoan. Noski, ikasleek lana indibidualki ere egin behar dute, baina taldean lanean ari direnean ere ari dira indibidualki. Ikaskuntzaren antolaketaren barruan konpondu gabeko arazo bat da kooperazioa, maila internazionalean.

Zergatik da horren zaila irakasleentzat metodologia hori euren ikasleekin aplikatzea?

Zailtasun asko daude. Zenbait irakaslek diote zailtasun nagusia dela ez dutela formakuntzarik jaso ikaskuntza kooperatiboa praktikan jartzeko. Beste batzuen iritziz, berriz, sistemaren estrukturak kooperazioaren beharraz hitz egiten duen arren, antolaketa handiagoa behar du. Arrazoi asko daude. Gaur azaldu nahi izan dut gizartean zailtasunak daudela azaltzeko beste ikasleei laguntza pedagogikoa ematen dieten ikasleek ere ikasi egiten dutela. Urte askoan azaldu izan dute adituek nola pertsonek ikasten dugun jasotzen dugun laguntzari esker, eta, horren ondorioz, barneratu dugu horrelako harremanetan batek irakatsi egiten duela eta besteak, berriz, ikasi.

Halere, oinarrizko ezaugarri batzuk izan beharko ditu ikasleak horretarako gai izateko, ezta?

Hala da. Prozesu horrek ezaugarri batzuk eskatzen ditu, baina egin ditugun ikerketetan ikusi dugu, askotan, irakasteko erabiltzen dugun metodoak baldintzatzen duela emaitza. Gure helburua baldin bada ikasle batek ikastea beste ikasle bati irakasten dion bitartean, beharrezkoa da tutore rola izango duen ikasleari zenbait baldintza jartzea: adibidez, esan diezaiokegu ikaskideari azaldu behar dion informazioa transformatu egin behar duela, adibideen edo ilustrazioen bitartez. Informazioa jasoko duen ikaslearen beharren arabera helarazi beharko du edukia.

«Audientzia efektua» aipatu duzu lehen. Azaldu duzu jendaurrean hitz egin behar izateak informazioa barneratzeko modua eta ahalmena aldatzen duela askotan.

Ikerketen arabera, pertsona batek, ikasten ari den bitartean, pentsatzen badu ikasten ari den hori beste norbaiti azaldu beharko diola ondoren, hobeto ulertuko du ikasten ari den informazio hori. Gainera, informazioa beste norbaiti azaltzen diozunean, hartzailea entzule pasiboa baldin bada ere, buruan duzun informazioa hobeto antolatuko duzu, eta, beraz, hobeto ikasiko duzu edukia. Baina interesatzen zaiguna da pertsonak gai garela buruan dugun informazioa transformatzeko, eta transformazio horien bitartez heldu gaitezkeela eztabaida sakonagoetara.

Baina gaur egungo hezkuntza sistema oroimenezko memorian oinarritzen da sarritan.

Ez dut esan nahi irakastea denik ikasteko modurik onena. Metodologia horrek ere muga batzuk ditu, eta irakasleak argi azaldu behar dio ikasleari transformazioak egin behar dituela azalpenak emateko. Bestela, ikasleak buruz dakiena errepikatu egingo du etengabe, eta ez du garatuko dagoeneko dakien hori. Zorionez, hori aldatzen ari da, irakasleen ahaleginari esker.

BERRIAn argitaratua (2019/04/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA