ekonomia
Lemazain aldaketa norabideari eusteko
Xabier Martin
Mitxel Lakuntza (Iruñea, 1976) idazkari nagusi izendatu berriak edozein zalantza uxatu zuen atzo, kargua hartu eta berehala. Minutu gutxian Donostiako Kursaaleko areto nagusia patrikan zuen, batik bat euskaraz egindako agerraldi zuzen eta adierazkorrari esker. Nafarroan urte askoan trebatutako sindikalistak erakutsi zuen komunikatzaile petoa dela, eta zutik jarri zituen mila entzuletik gora, umorea eta tentsioa tartekatuz, eta, lan esparruaz harago, «politikan eta ideologian» buru-belarri sartuta, Adolfo Muñoz aurrekoak ohi izan duen moduan; atzo ere egin zuen moduan, agurrean.
ELA sindikatuak lemazaina aldatu du, baina kargua utzitakoak eta kargura iritsi berriak garbi utzi dute sindikatuaren norabidea ez dela aldatuko. Eta norabide horrek konfrontaziora darama ezinbestean. Horretarako lehen-lehenik autonomia behar dela esan zuen Lakuntzak, botere politikoarekiko independentzia. «23 urterekin afiliatu nintzen. Banekien ELA sindikatu borrokalaria zela, abertzalea, baina gero ohartu nintzen gauza garrantzitsuenaz: autonomiaren balioaz».
Lakuntzak ordezkari gehien-gehienek emandako zilegitasuna lortu du datozen urteetan euskal sindikaturik handiena gidatzeko. 736 ordezkarien botoen %95,02ko lortu zituen, eta, harekin batera, afiliatuek batzorde eragile osoa onartu zuten: Amaia Muñoa, Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialen Aranburu (Adolfo Muñozek utzitako lekua hartu du), Ivan Gimenez, Laura Gonzalez de Txabarri, Pello Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.
Zuzendaritzako erreleboak bakarrik ez; hiru ebazpen ere onartu zituen biltzarrak, sindikatuaren bide orriaren hiru mugarri gisa. Lehenak dio Euskal Herria «ez dela oasi bat» eskuin muturra Europa estu hartzen ari den honetan, eta «aliantza sindikalak eta sozialak» sustatzera deitzen du, «eraldaketa sozial, ekologiko, feminista eta demokratikoaren alde». Botereaz besteko gune bat eraiki nahi du ELAk, «ekintzarako gaitasunaz».
Prekaritatearekin loturik dago bigarrena. Langileak menderatzeko «tresnatzat» jotzen du ELAk, eta prekaritate eremuak bilatzen jarraituko duela dio, «sektore feminizatuetan batez ere», haiek antolatzeko eta «gatazkaren motor bilakatzeko».
Hirugarrena «autogobernuari egiten ari zaion erasoarekin» loturik dago. «Euskal Herrian eta Katalunian gertatzen ari dena ikusita», sindikatuak dio presazkoa dela «eskaera subiranistanaren hedapen sozialean sakontzea». ELAk konpromisoa hartzen du «Euskal Herriaren askapen nazionalean eta sozialean eragile aktiboa izateko».
LAB, EAJ eta Espainia
Ebazpen onartu horretan bakarrik ez, ELAren soslai abertzalea oso argia da Mitxel Lakuntzaren ahotan: «Sindikatu abertzalea gara, subiranista». Espainia «lehen-lehenik batasuna» dela esplikatu zuen, eskuin eta ezkerrean, «eta gero, atze-atzean, demokrazia dator». Erantsi zuen Madrilek «jazarpen politikoaren abangoardia» ordezkatzen duela, Altsasuko gazteak, Kataluniako «preso politikoak» eta euskal presoak gogoratuz; Iñigo Cabacasentzako justizia eskaera bat ere egin zuen. Eta EAJk helarazten duen aldebikotasuna «fikzioa» dela azaldu zuen gero, «EAJren asmakizun bat». «Subiranotasuna autobide baten 30 kilometrora mugatu dute». Horregatik, uste du «zoru bat» finkatu behar dela subiranisten artean, «baina fikziorik gabe, non gauden jakinda».
Mitxel Lakuntzak LAB ikusi nahiko luke zoru horretan, baina bien arteko aliantzaren aukera «gaizki dagoela bistan da», haren ustez. Ohartarazi zuen balizko aliantza batek aurrera egin dezan grebetan «batera» joan beharko luketela, eta «menpekotasun politikorik gabe». Azaldu zuen eguneroko lan gatazkei begiratu beharko zaiela aliantza horretan aurreratzen den jakiteko. Eta mezu argi bat utzi zuen grebaren alde: «Grebak nortasun kolektiboa ematen digu, ahaldundu egiten gaitu; greba bat irabazten dugunean denok irabazten dugu». Grebak berez patronalak eragiten dituela erantsi zuen; «beraien esku daude». Eta Jaurlaritzarenetan ere bai: «Euskal Herriko ABLErik handiena bihurtu da euskal administrazioa».
Muñozen agurra
Mitxel Lakuntza izendatu aurretik esan zuen agur Adolfo Muñozek. Agurrak lagun, senitarteko eta lankideen malkoak eragin zituen, baina idazkari ohiak bare eutsi zion bere hitzaldiari, egin eta esandakoaz harro: «Orain 40 urte gure historia aldatu genuen», aldarrikatu zuen. «Politika egin behar dugu; ELA eragile politiko kontsolidatua da». Sindikatuak duen ideologia ez da «likidoa», haren esanetan. «Subiranotasuna eta klase borroka» dira ELAren esparruak. «Neoliberalismoaren nagusitasunaz ondo baino hobeto jabetzen gara. Gatazka sozial bat dago hemen; horretan obsesiboak gara», esan zuen, eragileen arteko aliantzen beharra azpimarratuz, eta gaineratuta ELAk ez duela aukerarik pasatzen utziko «aukera bat badago» .
Edonola ere, Muñoz lasai doa erretiroaren bidera -oraindik tartetxo bat falta du-; lasai doa, uste duelako «erreleboa eginda» dagoela, «gazteak eta emakumeak» sindikatuaren arduretan ikusita. «Jende askok behar du gure sindikatua, eta ez diegu huts egingo», esan zuen bukaeran; «ELAk ondo daki zer den sindikaturik gabeko gizarte bat, baita neoliberalek ere. Horregatik egiten dute gure aurka, haiek eta gobernuek». Lakuntzarentzat babesa eskatu zuen azken unean: «Jakin dezatela ELAk aurrera jarraitzen duela». Txalo zaparrada baten artean, aginte makila eman zion Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak.
ELA SINDIKATUAREN BURUZAGI HISTORIKOAK