iritzia
Kristalezko sabaia
Jone Uria Albizuri
Kristalezko sabaiaren inguruan eman dira zenbait iritzi truke interesgarri azken boladan. Ereduak izatea garrantzitsua dela, eta ikusarazi beharra dagoela kristalezko sabaia «haustea» lortu duten emakume horien lana, dudarik ez. Baina hori nola transmititu behar den eta zenbateraino; hori transmititzeak non uzten dituen bestelako emakumeen lanak, hausteko sabairik ez dutenenak eta halako ikusgarritasunik ematen ez zaienenak; noraino sortzen duen pisu eta presio ez-osasungarri bat zenbaitengan, eta beste zenbait kontuk sortu ditu zalantzak eta eztabaidak han hemen. Nik ere konpartitzen ditut kezka eta zalantza horiek, eta zaila zait postura argi eta koherente bat definitzen. Baina gaur eztabaida horretan zentratu baino, saldu diguten metafora; kontzeptua bera, zalantzan jartzera natorkizue.
Kristal hitzarekin zientzian askotan gertatzen den fenomenoa ematen da: izen berak gizartean eta zientziaren komunitatean gauza ezberdinak adierazteko balio duela. Kristalezko sabaia diogunean, denon burutara datorren kristala gure etxeko leihoetakoa da, edo gure etxeko edalontzirik finenarena, optimistenei, akaso. Baina finean kristal mota bera da, behin hautsiz gero mila zati txikitan hausten den kristal hori, puzzlea berregitea ezinezko bihurtzeraino. Eta beharbada hori da saldu nahi izan digutena, behin kristalezko sabaia hautsiz gero, kitto; betirako geratuko dela mila zati eginda eta ez dela gehiago kristalezko sabairik izango gure buruen gainean.
Baina kristala, molekulen egiturez ari garenean, ohiko kristalena baino kontzeptu zabalagoa da. Egitura kristalak simetria handiko eta ondo egituratutako molekulak dira, ordena handikoak. Eta simetria asko izateak esan nahi du, mugimendu asko egin dakizkiokeela eta izaera berdina izaten segituko duela hala ere. Zenbat eta simetrikoagoa egitura, mugimendu ezberdinen aurrean berdin mantentzeko gaitasun handiagoa. Eta bai, egia da simetria hausteko nahikoa dela atomo bat lekuz mugitzea, kentzea edo gehitzea. Baina horrek ez du egitura osoa mila zatitan hautsiko, eta denboraren poderioz, kristalaren egiturak aurkituko du modua atomo hori bere baitan txertatzeko.
Beharbada bigarren honetara ikusita zentzu handiagoa du metaforak. Karen Uhlenbeck atomo bat da, berarentzako eginda ez dagoen kristalezko egitura batean. Kristalografian «defektu» edo «inpurutasun» esaten diete halakoei, eta kristal gehienek omen dauzkate. Baina kristal izaten segitzen dute, inpurutasun eta guzti. Ez dira hautsi eta mila zatitan desegiten.
Nahiko nuke nik ere sinistu hautsi eta desegiten diren sabaietan. Hartara, egunen batean sabairik gabeko gizarte batean bizi ahalko ginateke. Baina beldur naiz eskaparatetan, lehian, saritan eta sailkapenetan eraikitako gizarte bati sabairik ez izateko eskatzea, zientziaz aritzea baino, zientzia-fikzioaz aritzea ez ote litzatekeen.
Hori bai, sinistu nahi dut badela beste motatako sabaiak eraikitzeko modua. Beste material batez osatutakoak. Ez naiz ni materialgintzan aditua, baina ziur naiz izango dela material malguagorik kristala baino. Inpurutasunak definitu ezingo zaizkion materialen bat, adibidez. Eta etxeak teilatutik eraiki ezin diren bezala, sabaia aldatzeko etxea bera aldatu beharko dugulakoan nago. Oinarri oinarritik hasi eta sabairaino. Horregatik da denon ardura hori eraikitzeko modua eta lana egitea. Ez dezagun ardura osoa etorkizuneko balizko atomo inpuru horien bizkar utzi.