astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

gizartea

BIDESARIA, BIDEZIGOR

Garikoitz Goikoetxea

BIDESARIA, BIDEZIGOR

Prezioen igoera izan da azken tanta. Urte berriarekin batera, bidesarien prezioak handitu egin dituzte. A-8 autobidean, adibidez, Bizkaiko zatian %2,5 igo dira, eta %3,5 Gipuzkoan. Durangaldean sortu da mugimendua, bidesariaren kontrakoa. «Injustizia jasaten ari gara. Hori da giltzarria», nabarmendu du plataformako ordezkari Juan Carlos Poderosok. Oinarri hau du taldeak: Bizkaian, Durangaldea da Bilbora joateko bidesaria ordaindu behar duen bakarra; gainerako eskualdeetatik ez dute pagatu beharrik. «Diskriminazioa», Poderosoren hitzetan. Durangokoa adibide bat soilik da Euskal Herrian, hala ere. Leku batzuetan bai eta besteetan ez, desoreka handia dago eskualde batzuetatik besteetara. Bidesariak bidezigor baitira batzuentzat.

Interneten bidez sortu da Durangaldeko taldea. «Tokiko gaiei buruz Interneten kexak eta iradokizunak egiten dituen talde bat dago, eta prezioak igo zituztenean hark sortu zuen bidesaria kentzeko eskaria sarean», azaldu du Poderosok. Elkarrekin harremanetan jarri ziren sinatzaile batzuk, pauso irmoagoak emateko. Hilaren 4an egin zuten lehen bilera. «60 bat lagun. Lokal batean sartu ginen, lehen bilera egiteko». Beste batzar batzuk ere egin dituzte harrezkero; 40 bat lagun ari dira orain. «Jendea oso sentsibilizatua dago», ohartarazi du Poderosok.

Ekinbide mugatua da Durangaldekoa. «Bileretara etorri da beste eskualde batzuetako jendea ere; Eibarkoa, adibidez. Planteatu zen zergatik ez genuen hartzen A-8 osoa, bidesarien aurka ekiteko». Ez dute hori egingo oraingoz. «Bataila handia da, bi erakunde daude... Bizkaitik hasiko gara».

Auzia zabalagoa dela dudarik ez dago, nolanahi ere. Herrialde guztietan ageri dira desorekak. Bizkaian, adibidez, A-8 autobidea eta Supersur dira pagatzekoak; beste eskualdeetan doako errepideak daude. Gipuzkoan, hiriburura joatea debaldekoa da, esaterako, Tolosaldetik eta Goierritik, baina pagatu egin behar da Urola eta Deba inguruko eskualdeetatik. Nafarroan, Iruñera joateko autobide bakarra da ordainpekoa, Erriberatik eta Tafalla aldetik doana —Irurtzundik aurrera dago bidesaria—; beste batzuk, berriagoak, dohainik daude. Lapurdin, ordainpekoak dira bi autobideak.

Desoreka, finean, Euskal Herri guztira dago hedatua. Adibide argia da Bilborena. Gainerako hiriburuetatik hara iristeko, ezinbestekoa da bidesaria ordaintzea; Kantabriatik eta Asturiastik (Espainia) joateko, berriz, ez daukate bidesaria pagatu beharrik A-8an.

Euskal Herriko ikuspegia

Durangoko plataformari hutsunea hor ikusten dio Hiru garraiolarien sindikatuko ordezkari Esteban Muruamendiarazek: eskualde horretara mugatua dagoela. «Edo denok irabazten dugu borroka hori, edo inork ez du irabazten». Euskal Herri osoko ikuspegiarekin jokatu behar dela aipatu du, aurreko hamarkada hasierako A-8 Doan plataforma gogoan: «Puntu politiko bat ematen genion: jendeak Bilbotik Castrora joateko joera zuela, dohainik zelako, eta Zarautzera etortzeko ordaindu egin behar zela. Esaten genuen herria ere egin behar zela».

Desoreka horiek badaudela aitortzen dute erakundeek. «Badago oreka falta bat gure lurraldea osotasunean ikusita», adierazi du Aintzane Oiarbidek, Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatuak. «Bai: beharbada, ez da justua leku batzuetan bidesaria ordaintzea eta beste batzuetan ez, baina errepideak ere ezberdinak dira». N-1 eta AP-1 errepideen egoera, adibidez, oso desberdina dela dio.

Nafarroako lehendakariorde Manu Aierdik ere antzeko gogoeta egin du asteon legebiltzarrean; «asimetria» dagoela, AP-15ean bakarrik baitaude bidesariak.

Soka ekarriko du gaiak. Durangaldeko plataforma mozioak aurkeztekoa da inguruko udaletan. «Azken helburua da gaia Batzar Nagusietara iristea, eta bertan behera uztea A-8an Usansolo eta Ermua artean dagoen bidesaria», azaldu du Poderosok. Tarte hori da A-8ak Bizkaian bidesaria duen bakarra; Usansolotik aurrera ez dauka. Udaletan izango dira lehen mugimenduak, horrenbestez. Zuhurtzia handia dago; Bizkaiko Diputazioaren harremanetan jarri da BERRIA, baina ez dute gaiari buruz adierazpenik egin nahi; EAJren alkate batzuek ere ez dute hitz egin nahi.

Gipuzkoan, Bide Azpiegituretako diputatuak dio «gogoeta» egin behar dela, «oreka gehiago aurkitzeko». Aurreko bi legealdietan egin dituzte lantaldeak Batzar Nagusietan errepideen finantzaketari buruz, baina, finean, errepide batean bidesaria jarri edo ez erabakitzeko funtzioa izan dute.

Enpresek egina

Oiarbidek azaldu du aintzat hartu behar dela autobide bakoitza egiteko «zein formula» erabili den ere. A-8a, adibidez, ordainpekoa da eraiki zutenetik. Hain zuzen, horri helduta eskatu du Durangoko taldeak bidesaria kentzeko: «Aldundiari ez zitzaion pezeta bat ere kostatu. 25 urteko kontzesioaren truke, enpresek egin zuten». 2003 arte, Europistas enpresak zuen ardura. Ituna bukatuta, diputazioek jaso zuten.

Bidesariei eutsi egin zieten erakundeek. «Ikusi zuten diru sarrera erraza zela», salatu du Hiruko ordezkariak. «Sekulako pagotxa da!». Adibide bat jarri du: «Hilaren 9an, presoen aldeko manifestazioan, zenbat fakturatu zuten A-8an?». Errepidea jada pagatua dagoela eta bidesaria ez dela behar diotenen aurrean, Oiarbidek defendatu du gastua dela mantentzea ere. «Oso gainean egon beharra dago: askotan edukitzen ditugu luiziak, zirkulazioarekin asko hondatzen dira errepideak, eta horrek eskatzen du etengabeko inbertsioa. Hori dena egiteko dirurik ez dauka aldundiak». Bidesaririk gabeko bideetan, diru publikotik egiten da hori. Aierdik gogoeta eskatu du, Nafarroan aurrekontu handiagoa behar baitute lan horiek.

Diru mugimenduak ere badaude. Bidesarien inguruan bizi diren herritarren artean ohiko kexua da autobide batean bildutako bidesaria beste azpiegitura batzuk pagatzera bideratzen dela. Oiarbidek aitortu du «parte batean» hala dela, «sare guztia ordaintzeko» erabiltzen direla bidesariak.

Hori aldatzea da, hain zuzen, Durangoko plataformaren eskaria: «A-8 autobideko Usansolo-Ermua zatia ere diru publikoarekin finantzatzea nahi dugu, zergetatik, Bizkaiko beste errepideekin egiten den bezala». Berdintasuna eskatu dute.

Bidesaria ez pagatzeko formula bakarra dago: autobidea saihestea eta beste errepide batzuk hartzea, bigarren mailakoak. Ohiko ibilbide laburretarako askok egiten dute hautu hori. Durangaldean, arriskua dela dio Poderosok: «N-634 errepidea hirugarren mundukoa da, oso arriskutsua».

Gastua arintzeko neurriak ere badira han-hemen. Adibidez: Bizkaian, A-8 autobidean 26 bidaia baino gehiago eginda, %45eko jaitsiera dago; Nafarroan, AP-15ean, antzeko formula dute beste kopuru batzuekin —36 bidaiatik gora, %60 gutxiago—; Araban, AP-1ean, erdia pagatzen da 25 bidaiatik gora. Gipuzkoakoa izan da azkena ezartzen: hilean gehienez 28 euro pagatzen dira A-8ko eta AP-1eko bidesarietan. «Guk ez, guk ez daukagu horrelako beherapenik», agertu da kexu Hiruko kidea. Oiarbidek azaldu du jarduera ekonomikoa errepidean egiten dutenei lege aldetik ezin dietela ezarri horrelako tarifa berezirik.

Durangaldean sortutako plataformaren aurrean, aldundiak iragarri du kanpaina bat egingo duela «lehenbailehen», nolako deskontuak dauden herritarrei azaltzeko. 7.200 pertsona daude izena emanda deskontuak lortzeko zerrendan; %60 ez dira bizkaitarrak.

Gipuzkoan, beste bi

Horrelako mugimenduak izango dira, izatekotan. Bidesariak kentzen hasteko asmorik ez du agertu erakunde batek ere. Are gehiago, Gipuzkoan beste bi bidesari ipintzeko asmoa du diputazioak: N-1ean eta GI-632an jarriko ditu.

Aurreko agintaldietan zeresan handia jarri du bidesarien auziak Gipuzkoan. Orain bi agintaldi, bidesaria N-1 autobidean jartzearen alde egin zuten Batzar Nagusiek: Etzegarateko mendatean, soilik kamioientzat. Bildu diputaziora iritsi zenean, ordea, beste proiektu bat jarri zuen mahai gainean: gaitasun handiko bide guztietan kobratzea. Aldaketa handia zen, bidesarien aurkako aldarritik baitzetorren ezker abertzalea. Bidegiren zorra ikusita ezinbestekoa zela ohartarazi zuen. Autoei eta kamioiei, denei kobratzea zen asmoa; gero kamioietara mugatu zuten. Azkenean, hala ere, ezerezean geratu zen proposamena, gainerako taldeak aurka zirelako.

Oraingo aldundiak hartua dauka erabakia: kamioiek ordaindu egin beharko dute N-1ean, Etzegaraten. Oiarbidek iragarri du asmoa dela aurten bertan urte bukaeran jartzea bidesaria, edo datorren urtearen hasieran. Ez da kasu bakarra izango. Deskargan, GI-632 errepidean, beste bidesari bat jarriko dute; kamioiek ez ezik, autoek ere pagatu beharko dute. «Behartuta» daudela adierazi du Oiarbidek; obra egiteko mailegua eskatu zutenean, diru sarreren berme gisa jarri zuten bidesaria —EAJ bera zegoen agintean—. Iragarpenen arabera, 2018 bukaerarako bukatuko dira hango obrak.

Garraiolariei eragingo die Etzegarateko bidesariak. Aurreko legealdian ere protesta egin zuten Bilduren gobernuaren kontra, eta orain ere bide berean hasiak dira. Muruamendiarazek berretsi du bidesarien aurka daudela erabat. Uste dute ez direla justuak: «Berdin ordaintzen dugu denok: asko duenak eta gutxi duenak, auto handiek eta txikiek, lanean ari denak edo oporretara doanak, pertsona bat doanean edo bost doazenean... Ez da kontuan nork erabiltzen duen azpiegitura hori». Gero eta ikuspegi zabalduagoa da: errepidea erabiltzen duenak ordaindu dezala. «Baina denok erabiltzen ditugu», erantzun du Hiruko eledunak. «Produktu bat erosten dugunean ere, nonbaitetik ekarri digute produktu hori».

Zirkulazioa berbideratu

Etzegaraten bidesaria jartzeko argudioek aurrez aurre ipintzen dituzte Gipuzkoako Diputazioa eta garraiolariak. Batetik, aldundiaren asmoa da N-1eko zirkulazioa arintzea bidesariarekin: «Daukagun trafiko pilaketa hori AP-1era eta AP-8ra bideratu nahi dugu, N-1a arintzeko». Finean, helburua da Etzegarateko bidesariaren ondorioz kamioilari batzuek uko egitea N-1ari, eta beste autobide bat hartzea —AP-1a errepide berriagoa da, ibilbide erosoagoa du—.

Desbideratzerik ez da izango, ordea, Hiruko ordezkariaren esanetan. «Ezinezkoa da». Azaldu duenez, N-1aren bueltan daude kamioilariek behar dituzten azpiegiturak —gasolindegi handiak, tailerrak...—. «Trafikoa hortik joan da beti, eta zerbitzu guztiak hor jarrita daude, Irun eta Gasteiz artean». Alegia, garraiolariek ez dute uste zirkulazioa banatuko duenik Etzegararteko bidesariak. «AP-1ean eta AP-8an ez daude zerbitzu horiek. Kamioilariak behartuta daude N-1etik ibiltzera».

Beste argudioa da Gipuzkoatik pasatzen diren kanpoko kamioilariei kobratu egin behar zaiela, «errepideen mantenurako dirua ipini dezaten». Argudio zabaldua da hori: Euskal Herritik garraiolari asko igarotzen direla, errepideak erabiltzen dituztela ordaindu gabe. Hiruko ordezkariak aitortu du ideia hori errotzen ari dela: «Jendeak erraz onartzen du kamioilariak doan pasatzen direla».

Kanpoko garraiolariek ekarpena egiten dutela nabarmendu du: «Erregaia denek hartzen dute hemen, merkeago dagoelako. Eta prezioaren ia erdia zerga da. BEZa eta erregaien zerga berezia foru aldundiek kobratzen dituzte». Horrenbestez, kanpoko kamioilariek ere zergen bitartez ekarpena egiten dutela azaldu du Hiruk.

Kanpokoak eta bertakoak

Bidesarien beharrari buruz argudioak ematerakoan, «kanpoko garraiolariak» aipatzen dituzte erakundeek. Arazoa da, baina, berdin tratatu behar dituztela kanpokoak eta hemengoak. Muruamendiarazek ohartarazi du bertako kamioilariek jasango dutela kalterik handiena bidesariarekin. «Hemengo garraiolari batek gehiago erabiltzen du N-1a kanpoko batek baino: bertakoari egunero kobratuko zaio bidesaria, eta kanpokoari, noizean behin». Bidesariaren gastua bezeroen fakturetara eramatea izan dezakete aterabidea. «Baina nekeza da; gasolioaren prezioa igo zenean ikusi genuen».

Aldundiak eta garraiolariek harremanak izan dituzte azken denboretan, baina adostasunik ez da. «Erabakia hartua dago: zer adostu behar dugu?», salatu du Hiruk.

Foru gobernuak ez du erabat etsi. Txosten juridiko bat eskatua du Etzegarateko bidesariari buruz. Bertako kamioilarien egoera ere aztertuko dute; «beste trataera bat nola eman». Oiarbidek aitortu du trabak daudela. «Ez da erraza. Hasieratik dakigu hori. Zuzentarau bat dago indarrean. Europa beste araudi bat ari da lantzen, eta jakin nahi dugu zer aldaketa dauden. Zuhur jokatu behar dugu». Europako Batasuna zorrotza izan da orain arte: Alemaniari, esaterako, kenarazi egin dio kanpotarrei soilik kobratzen zien tasa, beste europarrekiko «diskriminatzailea» zelakoan. Hiru sindikatuak argi du ezinezkoa dela Etzegaraten salbuespena egitea. «Ez da posible. Aldundiak badaki. Europak ez du onartzen».

Egun indarrean dauden bidesarietan hori da egoera. Gehiago datoz orain. Eredu okerra da, Hiruren ustez: «Beste azpiegiturekin ez da hori egiten. Abiadura handiko trena zergatik ordaindu behar da denen artean? Erabiltzen duenak ez du bidaiaren kostua ere ordaintzen». Durangaldeko taldearen aldarria ez da hain orokorra, baina bidesariei buruzko eztabaida abiarazi du Bizkaian, eta erakundeetara ere eramango du. Gipuzkoako Aldundiak aitortu du, Etzegarateren ondoren ere «gogoeta» behar dela bidesariez.

BERRIAn argitaratua (2016/01/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA