astekaria 2019/04/05
arrowItzuli

politika

Udaletan ere bozak, estreinakoz

Gotzon Hermosilla

Udaletan ere bozak, estreinakoz

Francisco Franco diktadorea hil ostean, eta erregimen politiko batetik besterako trantsizioa abian jartzeaz batera, bozketa ziklo luze bati ekin zioten Espainian, erakundeak eraberritu eta haiei zilegitasun demokratikoa emateko asmoz. Lehenbizi, Espainiako Kongresuaren eta Senatuaren txanda izan zen, 1977ko ekainaren 15ean egindako hauteskundeen bidez; boz haietan aukeraturiko diputatu eta senatariek konstituzio berria atontzea izan zuten lehen zeregina; horren inguruko galdeketa 1977ko abenduaren 6an egin zuten. Konstituzioa onartu ostean, Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak egin zituzten berriro, 1979ko martxoaren 1ean, eta hilabete geroago, apirilaren 3an, udalen txanda iritsi zen: herenegun, 40 urte bete ziren gerraren osteko lehenengo udal hauteskunde haiek egin zituztenetik.

Hego Euskal Herrian, ia bi milioi lagunek izan zuten bozkatzeko aukera. Esan daiteke EAJ izan zela hauteskunde haietako garailea -hark lortu zituen zinegotzi gehien: 1.079-, baina gorabehera handiekin: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso emaitza onak izan zituen, eta, esaterako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkatetzak eskuratu zituen, baina Nafarroan 11 zinegotzi baino ez zituen lortu. Herrialde horretan hautagaitza independenteak izan ziren nagusi -botoen %41,64 zerrenda horietara joan ziren-, eta boto gehien eskuratu zituen alderdia, berriz, UCD izan zen -botoen %18,16-.

Jose Angel Cuerda izan zen hiriburuetako alkate jeltzale horietako bat. Hogei urtez aritu zen Gasteizko alkate: «Egoera guztiz berria zen denontzat», esan du. «Prozesu hartan parte hartu genuen guztiok ilusio eta itxaropen handiak genituen, etapa berri bat abiarazten ari ginelako. Baina, ilusioaz batera, ardura ere sortzen zuen horrek, inork ez zuelako eskarmenturik udal kudeaketan».

Zailtasunak, batez ere, lanean hasitakoan sortu ziren: «Gauza bat da aldez aurretik prestatzen duzun hauteskunde programa, eta beste bat zer aurkitzen duzun gero. Zailtasunak egon ziren, noski, eta horietako bat taldeen arteko desberdintasun politikoak ziren, baina alde horretatik uste dut Gasteizen zorioneko izan garela: gehienok izan dugu antzeko ikuspegia, eta, nire ibilbide politikoaren azken urteetan, hiriarentzat oso garrantzitsuak ziren hainbat erabaki hartu genituen aho batez».

Sei emakume baino ez

Lehenengo udal hauteskunde haien ondorioz, sei emakumezko baino ez zituzten hautatu alkate izateko: Maria Soledad Bujanda (Moreda, Araba), Maria Luisa Murgiondo (Agurain, Araba), Margarita Arrandiaga (Elantxobe, Bizkaia), Ignacia Otegi (Zizurkil, Gipuzkoa), Antonia Azparren (Muruzabal, Nafarroa) eta Maria Jesus Goikoetxea (Bidaurreta, Nafarroa).

Maria Jesus Goikoetxea Tabar irakasleak ibilbide luzea egin du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan; Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasle eta Gizarte eta Giza Zientzietako Fakultateko dekanoa izan da erretiroa hartu duen arte. Baina jende gutxiagok daki 1979an Bidaurretako alkatea izatea egokitu zitzaiola, eta Nafarroan urte hartan egon ziren bi andrazko alkateetako bat izan zela.

«Bidaurreta oso herri txikia da, baina giro handia dago», esan du Goikoetxeak. «Guk ilusio handia genuen; herri hautagaitza sortu genuen, eta bost zinegotzietatik hiru lortu genituen. Niri egokitu zitzaidan alkate izatea». Herri hautagaitzaren eredu hori oso arrunta izan zen Nafarroan lehenengo boz haietan: «Ez zen oso zentzuzkoa alderdi politikoak aurkeztea, herrian oso oihartzun eskasa zutelako. Gu ezagunak ginen herrikoak ginelako, ez inongo alderdiren ordezkari ginelako. Zentzuzkoena eta ohikoena herri hautagaitza eratzea zen, eta gaur egun ere herri txiki askotan oso ohikoa da»

Seguru asko desberdinak izan ziren hautetsi berriek Gasteizen eta Bidaurretan aurkitu zituzten zailtasunak, baina guztientzat izan zen jarduera berria: «Gurean asko nabaritzen zen gerrak eta gerraosteak ekarritako jaitsiera demografikoa», esan du Goikoetxeak. «Adibidez, ez zegoen ia inor berrogei urte ingurukorik. Orduan, gazteagoak ginenoi egokitu zitzaigun aurrera egitea, eta ez genuen inolako eskarmenturik. Gure asmo nagusiak ziren kudeaketa oso gardena izatea, formalki erabakiak hautetsiok botoen bidez hartzen bagenituen ere herritar guztien arteko adostasuna bilatzea, jendeak herri batzarretara joateko aukera izatea eta abar. Udal idazkariak gu sartu eta gutxira hartu zuen erretiroa; suposatzen dut haren lan egiteko moldeak eta gureak oso desberdinak zirela».

Aitzindaria izan zen Goikoetxea, baina ez dirudi horri aparteko garrantzia ematen dionik: «Nik banituen ikasketak, eta nolabaiteko prestakuntza politikoa ere banuen, Euskadiko Ezkerraren inguruan ibilia nintzelako lehen urte haietan; beraz, beste bi zinegotziek nigan utzi zuten alkate izateko ardura. Baina egia esan behar badut, ez zitzaidan iruditu kudeaketaren ardurak nire gaitasuna gainditzen zuenik. Beste aldetik, nire asmoen artean ez zegoen politikaren munduan gora egitea; gehiago zen herriari zerbitzu bat emateko nahia. Agintaldia amaitu zenean, alderdien politikaren kontu hori erabat utzi nuen».

Juan Jose Uria Hernaniko (Gipuzkoa) alkate ohiarentzat ere garai nahasia izan zen hura. «Nik, batez ere, aurreko hilabeteak ditut gogoan. Ezker abertzaleak hainbat batzar egin zituen; bereziki gogoan dut Hernaniko udaletxean egindako batzar handi bat, 500 bat lagunekin, jendea eskaileretan-eta sartu ezinik; han bozketa egin zen, eta nire izena atera zen zerrendaburu izateko. Oso kezkatuta gelditu nintzen; 27 urte nituen orduan, eta ez nuen neure burua horretarako gai ikusten». Azken momentura arte saiatu zen uko egiten, baina, zerrendak aurkezteko epea amaitzear zegoela, onartzea beste biderik ez zuen izan.

Alkate izendatu zutenean, aldiz, Uriak argi izan zuen «aurrera egitea» zegokiola, eta «zalantza guztiak» uxatu zituen. Pozik dago agintaldi hartan lortutakoaz: «Zorte handia izan nuen, gure lan taldea oso indartsua zelako. Hainbat gauza oso ondo atera zitzaizkigun. Harrokeriarik gabe, baina esan dezaket gaurko azpiegitura nagusiak agintaldi hartakoak direla: zahar etxea, kiroldegia, errugbi zelaia eta abar. Den-dena talde zoragarri hari esker».

Bizikidetzaren arloa

Lorpenak lorpen, bizikidetzaren atalean oso urte gogorrak izan ziren. Uriari, esaterako, lehergailua jarri zioten autoaren azpian alkate izendatu eta hiru bat hilabetera, eta lehergailu hark huts egin zuelako dago orain bizirik. Hurrengo hilabeteetan, BVE Batallon Vasco Españolek lau lagun hil zituen Hernanin eta inguruetan. Horri gehitu behar zaio Tomas Alba Irazusta donostiarraren hilketa; Uriaren laguna zen, eta HBko zinegotzia, Uria bezala.

Agintaldia amaitzear zegoenean, Uria atxilotu zuten, beste herrikide batzuekin batera, eta hogei egun eman zituen inkomunikaturik aske utzi aurretik. «Kudeaketaren aldetik oso oroitzapen gozoak ditut, baina, beste aldetik, oso gogorra izan zen, oso latza», esan du.

Cuerdak nabarmentzen duenez, gauzak «asko» aldatu dira azken berrogei urtean, «oraindik prozesu hori burutzea falta bada ere», eta itxaropena du «adeitasun giroa» nagusituko dela azkenean. Uriak, berriz, uste du «denek» eman behar dituztela pausoak norabide horretan: «Ezker abertzaleak ez luke beldurrik izan behar biktimei begietara so egin eta 'sentitzen dugu' esateko. Horretan ari da, baina nire ustez sakondu egin beharko luke. Beste aldekoek, berriz, onartu beharko lukete sufrimendu handia eragin dutela, hilketa, tratu txar, neurrigabeko espetxe zigor eta beste. Hori ezinbestekoa da bizikidetza bermatu nahi badugu».

BERRIAn argitaratua (2019/04/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA