astekaria 2019/04/05
arrowItzuli

iritzia

Nahiko nuke

Onintza Enbeita

Nahiko nuke Onintza Enbeita

Nahiko nuke urte bat iragan hilik gabe. Horixe esan du Baionako Prokuradoreak. Hilketa matxistez ari zela esan ditu hitzok, eta ez daude gaizki esanda berez, baina hilketa matxistei izena aldatzearen aldekoa da bera: nahiago du familia dramak deitu.

Nik ere nahiko nuke urte bat iragan nire sexuak nire agerpen publikoak baldintzatu gabe. Nahiko nuke hamabi hilabetez ikustea emakumeak telebistan nahi duten moduan jantzita, eta ez bero zein hotz tirantedun soinekoekin. Nahiko nuke urte bat iragan esaten dudana esaten dudala ere, berdinetik berdinera eztabaidatzen didan jendearekin; inork isiltzeko agindu gabe. Nahiko nituzke 52 aste iragan notizietan hildako ahizpen gorpurik ikusi gabe. Nahi nuke kurtso bat iragan iloba negarrez ikusi gabe irakasleak ez duelako ulertzen bakoitza nahi duena izan daitekeela. Nahi nuke urte bat iragan agintariak benetako politika feministak zorrozten dituztela ikusten. Nahi nuke urte betez bizi, bizitza erdigunean jartzen duen sistema batean. Nahiko nuke bizitza oso bat iragan gauez etxera etortzeko beldurrik gabe.

Baina hori horrela izan dadin beharrezkoa da gauzei euren izenez deitzea. Eta hiltzen gaituena matxismoa bada, alferrik deituko diegu hilketei familia barruko drama. Zeren, nola desagerraraziko dugu existitzen ez dena?

BERRIAn argitaratua (2019/04/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA