astekaria 2019/04/05
arrowItzuli

kultura

Koaderno orrietan norbera

Itziar Ugarte Irizar

Koaderno orrietan norbera

Hamalau urte dira Angel Errok (Burlata, Nafarroa, 1978) azken poesia liburua argitara eman zuenetik —Gorputzeko humoreak (Alberdania, 2005)—, eta, itzuli den honetan, «euskal literaturan gutxi landu den genero batekin» egin du: dietario batekin. Xabier Mendiguren editoreak hala aurkeztu zuen atzo, Donostian: «Munduan barrena idazle askok ohitura izaten dute egunero oharrak hartzeko; beren bizitzaz, irakurketez, beste idazleekiko harremanez, gauza publikoez eta pribatuez. Eta gero noizean behin publikatu ere egiten dituzte. Hori da, hain zuzen, Angel Errok egin duena». 2004tik 2018ra bitartean hainbat koadernotan jasotako oharrekin osatu du Lerro etena idazleak. Askotariko testuak dira, ez kronologikoki ordenatuak, ezta gaika ere. Hori jostea izan du erronka egileak: «Badira urte batzuk nire ezer jendaurrean aurkezten ez nuela, baina ez da idatzi gabeko denbora bat izan. Tarte honetan idatzitakoak aurkezpenetan aurkezten ez diren horietakoak dira. Eta liburu honekin, neurri batean, lortu dut idazki mota horiek liburu batean bilduta aurkeztu ahal izatea».

Gorputzeko humoreak argitaratu aurretik, Eta harkadian ni estreinako poema liburua argitaratu zuen Errok, 2002an. Elkarrekin argitaratu zuen, eta orduan Xabier Mendigurenek prentsarako idatzitakoa gogora ekarrita, editoreak «profeta dohain txikiak» dituela iradoki zuen: «Idazle gaztea nintzen orduan, eta hala jartzen zuen oharrean: 'Idazle honek ez du sortu plataformarik edo bandarik, ez du idazten zutaberik'». Eta ironiarekin segida: «Orain ia-ia besterik ez naiz. Zutabeak idazten ditut [BERRIAko zutabegilea da], eta urte hauetan garrantzia oso handia izan du nire ibilbide literarioan banda batek: batelariek». Aurkezpenean izan ziren, hain justu, Volgako Batelariak taldeko zenbait kide; Iban Zaldua eta Uxue Apaolaza, besteak beste. «Hortik ere elikatzen da liburuaren tonua: nahiko liburu volgatiarra eta zutabexkoa da».

Etenetan gertatzen dena

Liburuari eman dion izenburua hasieratik etorri zitzaion burura Errori. Gerora egin du azalpena bilatzeko ariketa: «Uste dut egituragatik jarri diodala Lerro etena, eten asko daudelako gertatzen diren eta kontatzen diren gauzen artean. Ez naiz izan dietarista kontzientziaduna, asmo horrekin apunteak hartzen dituena; gehiago dira topatu ditudan gauzak. Baina aritu naiz beti koadernotxo batekin mundutik zehar».

Azkenean, liburutik kanpo geratu den testu batean ere aurkitu du izenburua justifikatzeko beste arrazoi bat. Institutu garaiko ikaskideekin topo egin ostean idatzitakoa da, haien aurrean sentitutakoa jasotzen duena, eta lerro hitza dakarrena. «Nortasun sexuala dela, edo erdaldun hutsa izatetik euskalduna izatera pasatu den norbaitek ezin du bere burua ikusi lerro zuzen bat bezala. Ezin duzu iritzi irmorik izan tokiz aldatu zarenean, bandoaren bestaldean egon zarenean; izan zarenean erdaldun, esaterako». Bere burua «lerro eten bat bezala» ikusten duela ohartu da izenburuaren bueltan hausnartzean, baita bere abizenarekin dagoen hitz-jokoa ere: «Esan dezaket hemen agertzen dena naizela ni toki guztietatik».

Urtebete dela otu zitzaion argitalpena osatzearen ideia, zenbait koaderno beteta aurkitzean. Hasieratik izan du argi ez zuela testu berririk sortuko libururako. Are, koadernoetako idatziak ahalik eta gutxien ukitzen saiatu da. «Nabaritzen da ez direla gerora edertutako apunteak». Alde horretatik, zerbaitez harro badago, liburuaren joskerarekin da hori. «Hasierako asmoa gehiago zen oharrekin testu egituratuak osatzekoa; aurkitutako teselak hartu eta mosaiko bat osatzea, ipuingintzara hurbilduko zen zerbait». Horren ordez, idatziak modu kronologikoan antolatzea proposatu zion editoreak. «Baina horrek emango zion denboraren eta aldaketaren narratiba bat, nik eman nahi ez niona. Azkenean, pozik nago emaitzarekin; idatziak ibai baten moduan isurtzen dira. Desordenatzeak aukera eman dit jolasteko, gai batzuk agertzeko eta desagertzeko».

Modu horretan, gaitegi zabalari egin dio leku; azaltzen dira, besteak beste, amaren heriotza eta ospitaleko esperientzia —«liburuaren motorretako bat»—, sexualitatea, hemofilia gaitza, bidaiak, Iruñea eta hango bizipenak, Madrilera lekualdatzean bizi izandakoak... Eta agertzen dira, orobat, literatur plazako «txutxu-mutxuak» ere. «Euskal idazleen artean txutxu-mutxuak ahotik belarrira zabaltzen dira; ez dira paperean askotan jartzen». Hor, ordea, «moztu» egin dela aitortu du egileak.

Generoko «konbentzio» moduan, liburuan agertzen diren idazleen izenak jarri ordez siglak erabili ditu. «Sarreretako batean ere aipatzen dut Miguel Sanchez Ostizen bi eguneroko aldi berean irakurtzen ari naizela, eta erotzen nabilela asmatu nahian zein dagoen bakoitzaren atzean, eta ez dudala lortzen. Euskal idazleekin errazagoa da asmatzea, baina jolastu nahi izan dut horrekin». Umoretik eta ironiatik idatzi baitu asko. «Mundua modu ironikoan hartzen baduzu, toki guztietatik darizu, baita bakarka zaudenean ere». Mendigurenek berretsi egin du, hartara, liburuaren tonu «volgatiarra»: «Literaturari buruz aritzeko zorroztasuna eta ironia etengabekoak direlako. Baita fribolitate puntu bat ere».

BERRIAn argitaratua (2019/04/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA