astekaria 2019/04/05
arrowItzuli

kultura

IñAKI VIñASPRE

«Ez daukat argi txapelak zerbait aldatzea nahi dudan»

Miren Garate

«Ez daukat argi txapelak zerbait aldatzea nahi dudan»

«Ta ze marroia eskaintzearena bakarrik bati txapela», kantatu zuen Iñaki Viñasprek, larunbatean, Arabako Bertsolari Txapelketa amaitu berritan. 11. finala zuen, eta, aurrez beste bi buruz buruko jokatutakoa zen arren, hura zen txapel eskaintza egiten zuen lehen aldia. Irabazten zuen lehen aldia. Familia, bertso eskola eta txapela jartzeko ardura zuen Lierni Altuna bertso eragilea ere aipatu zituen arren, Iratxe Yañezi eta Ekaitz Samaniegori eskaini zien, Arabako bertsolaritzarekin lotura estua duten eta gaur egun preso dauden bi laguni. Eta kontatu du marroia aipatu arren, ederra izan zela oholtza gainean bizi izandakoa. «Nik sentitu dudana zera da: nire inguruko batzuek merezita zutela txapela irabaztea, nik baino gehiago, hor egon direlako urtero ni animatzen».

11. finala zenuen larunbatekoa, eta, aurrekoetan ez bezala, txapelarekin amaitu zenuen. Zu zeu zerekin geratu zinen gusturen?

Ofiziotako ariketekin geratu nintzen batez ere gustura, erantzun izanarekin. Batzuetan, bakoitzak berea egiten du, eta uste dut elkarrizketak mantendu genituela eta elkarri erantzuten aritu ginela.

Puntuazioei erreparatuz gero, saio erregularra egin zenuela ikusten da, eta gainerakoei koska bat atera zeniela bakarkakoan.

Egia esan, ez ditut begiratu ere egin puntuazioak, eta ez nekien datu hori. Esango nuke orokorrean saio oso ona egin genuela denok. Peru [Abarrategi] oso ondo aritu zen, eta, gainera, pare bat ofiziotan umorea jarri zuen; Manex [Agirre] fin ibili zen, eta momentu batzuetan bere umoretik ere jo zuen; Oihanek [Perea] beti bezala langa goian jarri zigun; Xabi [Igoa] oso zentratuta ibili zen; eta Aroak [Arrizubieta], momenturen batean estualdiren bat pasatu zuen arren, saio izugarria egin zuen 17 urte izateko. Finala baino gehiago, egin duen txapelketa nabarmenduko nuke nik Aroaren kasuan.

Bi bakarkako egin behar izan zenituen finalean. «Taila handiko modeloa zara. Lehen zutaz barre egiten zuten horiek, orain, Instagramen zure jarraitzaileak dira», egokitu zitzaizun aurrenekoan; buruz burukoan, berriz, «zure familiako ohiturarekin apurtzea erabaki duzu». Gaia zehatzagoa zen aurrenekoan, eta irekiagoa bigarrengoan. Zeinetan sentitu zinen erosoago?

Nondik heldu azkarrago erabaki nuen modeloaren gaian, itxiagoa zelako agian. Bestean zer ohiturarekin hautsi erabaki behar nuen aurrena, eta denbora pixka bat behar izan nuen, ez neukalako argi nondik heldu. Hasi nintzen nire familiako ohiturei begira, eta ez zitzaidan okurritu hautsi nahi nuen bat. Ohiturak modu zabalagoan hartu nituen gero, eta alarde tradizionalaren eta mistoaren arteko lehia hori ikusi nuen, eta oso argi ikusi nuen nire familia alarde tradizionalekoa izango balitz, nik mistora salto egingo nuela.

Hirugarren buruz burukoa zenuen, eta bigarrena Manex Agirrerekin. Zati horretan gora egin zuen saioak.

Normalean beti egiten du gora buruz burukoan, eta ez dakit kantatzen dutenen meritua den edo jendearena. Finalean giroa gorantz joaten da apurka-apurka, eta esango nuke buruz burukoa heltzen denean lehertu egiten garela guztiok, bai publikoa eta bai gu, momentu gorena izaten dela. Eta jendea berotzen denez, bertsolariek ere gora egiten dute pixka bat, merezi duena eskaini nahi izaten diotelako jendeari.

700 lagun elkartu ziren Principal aretoan. Bada zerbait, ezta?

Beteta zegoen, bai. Uste dut zerikusi zuzena duela finala berritu izanarekin, aurrekoen lana ere hor dagoen arren. Kopurua baino gehiago, nik nabarmenduko nuke pluraltasunean ere aberatsa zela aurtengo publikoa: adinagatik, herri askotakoak zirelako, Bertsozale Elkartetik gertuago eta urrunago daudenak zeudelako... Uste dut horrek ematen diola indarra finalari: elkartzen den jende motak, jende horrek izaten duen gogoak eta oholtzan gaudenoi ematen dizkiguten animoek.

Sei bertsolaritatik bik, Aroa Arrizubietak eta Peru Abarrategik, lehen finala zuten. Nola ikusten duzu bertsolaritzaren etorkizuna Araban?

Oso sendo ikusten dut, Aroa eta Peru dira horren erakusgarri, baina baita finalaren atarian geratu diren beste bertsolari batzuk ere, esate baterako, Paula Amilburu eta Aitor Ugarte. Horrez gain, adinez hain gazteak ez izan arren, bertsotan gazteak direnak ere badaude Araban, eta, agian, beste herrialdeetan gertatzen ez den fenomenoa da hori. Txapelketan lehen aldiz 27-28 urterekin kantatzen duen jendea dago gurean, duela urte batzuk arte bertso eskolan hasi ez dena. Manu Bendala eta Beñat Garaio, adibidez, adinez ez dira hain gazteak, baina bertso munduan bai. Horrez gain, nabarmenduko nuke Arabako bertsolaritzak oraindik ere mantentzen duela talde izaera, herriarekiko oso gertu dagoela.

Txapel honek zerbait aldatuko du zure bertso ibilbidean? Nahiko zenuke zerbait aldatzea?

Ez daukat argi zerbait aldatzea nahi dudan. Jende askok komentatu dit akaso saio gehiago izango ditudala, beste mota batekoak... Ni oso gustura nago orain arteko saioekin, oso gustura nago Arabako herrietan, eta zerbait ekartzen badit ongi etorria izango da, baina nik txapelarekin sentitzen dudana batez ere zera da: nire inguruko batzuek merezia zutela txapela irabaztea, nik baino gehiago, hor egon direlako urtero ni animatzen. Eskaintza hori egiteko aukera izatea pozgarria izan zen.

Aurtengo txapelketak ez zuen Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko balio. Txapelketa horretan inoiz parte ez hartu izanaren arantzarik ba al duzu? Hori al da zure helburuetako bat?

Ez, ez daukat gehiegizko arantzarik. Etorkizunean etortzen bada, ongi etorria izango da, baina ez dut beharrik sentitzen. Araban etxean sentitzen naiz, eta Euskal Herrikoan ez dakit hain etxean sentituko nintzatekeen; alde batetik, aukera handi bat izango litzateke, baina, bestetik, presio handia. Iruditzen zait Arabako txapelketan publikoa gozatzera joaten dela, eta Euskal Herrikoan sentsazioa daukat, batez ere kanporaketetan, jendea joaten dela bertsolariak nola puntuatzen duen ikustera. Nahiago dut jendea gozatzera doan plaza batean kantatu.

Zer presentzia du bertsolaritzak zure bizitzan?

Bertso eskolak ematen ditut pare bat taldetan, gazteekin eta helduekin; horrez gain, saio batzuk ere egiten ditut, batzuetan bertso eskolan elkartzen gara kantatzeko... Harreman polita dut bertsoarekin, baina esango nuke lehen baino moderatuagoa dela. Lasaiago hartzen ditut bertsoak eta plazak, eta uste dut horrek on egiten didala. Txapelketara ere inoiz baino lasaiago joan naiz aurten. Erabaki nuen neure buruari helburu handiegirik ez jartzea. 11 finaletan inoiz ez irabazteak hori ere ekartzen du.

BERRIAn argitaratua (2019/04/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA