politika
Memoria, itzaletik argira
Edurne Begiristain
Euskal Herrian ez ezik, Europako beste herrialde askotan ere egiten ari dira memoria gordetzeko ahaleginak; hemen, baina, beranduago eman dira pausoak, eta emaitzak orain ari dira ikusten. Iritzi horretakoa da Patxi Juaristi soziologoa: «Gu Europako beste toki batzuetan baino beranduago hasi gara memoria historikoa lantzen, eta beste herrialde batzuek gure aurretik egin duten bide bera egiten ari gara».
Askotan, elkarte memorialistak sortu dira norberaren interes pertsonaletik abiatuta, etxean tabuak ziren gaiak ezagutzeko grinatik, eta nor garen eta nondik gatozen ulertzeko nahitik. Hala, asko dira Euskal Herrian norbere etxeko eta herriko historia ezagutzeko helburuarekin memoria historikoa lantzen hasitako norbanakoak eta taldeak. Gaur egun, gainera, lehen baino errazagoa da informazioa eskuratzea eta artxiboetan sartzea, eta horrek ere erraztu egin du memoria historikoa jorratu ahal izatea.
Hainbat arrazoi daude elkarte memorialistek azken urteotan izan duten hazkundearen atzean. Horietako batzuk identifikatu ditu Juaristik; haren ustetan, Iraganari buruzko memoria «galtzeko arriskua» sumatzea da arrazoi horietako bat: «Gure memoria historikoa betirako desagertzeko arriskua antzeman dugu, Gerra Zibilarena, adibidez, eta, beraz, ulergarria da hori ez ahazteko elkarteak sortu izana».
Juaristik arrazoi «moralak» ere aipatu ditu elkarte horien gorakada ulertzeko. Uste du gizarte «osasuntsu» guztiek nahitaez jorratu behar dutela memoria historikoa, aurrera egin nahi badute: «Ikuspuntu moraletik, gehiegikerien biktimen senideek euren aurrekoek jasan zuten mina ezagutzeko aukera izan behar dute, eskubideak izan behar dituzte jasan zituzten kalteak ikertu eta epaitzeko, kalte ordainak jasotzeko eta duintasuna eta babesa izateko. Herri baten arima horrelako gaiez osatzen da».
Gaur egungo gizarteen ezaugarrietako bat ziurgabetasuna izanik, memoria historikoa jorratzeak «identitatea» eraikitzen laguntzen du, eta «ziurtasuna» ematen du, Juaristiren ustez. Haren iritziz, parametro horietan ere ulertu behar da elkarte memorialisten hazkundea. Gogoratu du, halaber, giza eskubideen alorreko nazioarteko legediak «oinarrizko esparrua» ematen duela erakunde horiek euren aldarrikapenak bururaino eraman ditzaten.
ETAren osteko aroa
Beste faktore bat ere aintzat hartu beharrekoa da: ETA desagertu ostean Euskal Herrian zabaldu den giro politikoa abagune aproposa bilakatu da elkarte memorialisten lanari dagokion balioa aitortzeko. «Momentu egokia da atzera begiratzeko eta azken urteotan gertatu denaren inguruan gogoeta egiteko», dio Juaristik. EHUko soziologoak ezinbesteko deritzo memoria historikoa jorratzeari zauriak behar bezala ixteko.
Memoria horrek bere baitan biltzen du argitu eta zigortu gabe dauden estatu indarkeriaren biktimen oroimena ere. Egiari Zor Fundazioak horren alde lanean dihardu 2012tik. «Estatua beti baliatu izan da biolentziaz eta errepresioaz. Estatu frankistak biolentzia baliatu zuen boterea lortzeko, mantentzeko eta erreformatzeko, eta ostean etorri zirenek ere berdin egin zuten», azaldu du Ainara Esteran fundazioko kideak. Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan estatuen errepresioak hildakoen senideek, zaurituek eta torturak jasandakoek osatzen dute Egiari Zor Fundazioa, eta, azken urteotan, haien aldarrikapenek oihartzun zabala izan dute. «Jaio ginen ekarpen positiboa egiteko 2011. urtean zabaldu zen bake agertoki berrian, eta oraindik bide handia dugu egiteko», ziurtatu du Esteranek.
Andoni Txasko Martxoak 3 Biktimen elkarteko eledunaren ustetan, berriz, ETAren osteko aroa lagungarri izan da elkarte memorialisten lanari«ikusgarritasun handiagoa» emateko. «ETAren existentzia aitzakia bat zen erakundeek pausorik ez emateko beste biktima batzuen alde». Hala ere, azken urteotan elkarte memorialisten aldarrikapenek indarra hartu badute, elkarte horien ahaleginari esker izan da. Biktimen memoriaren aldeko politika aldatzen ari bada, elkarteen lanari eta gizartearen bultzadari esker da; argi du Txaskok. «Elkarte memorialistek ugaritu egin dute euren presentzia; horrek piztu egin du gizartearen kontzientzia, eta, ondorioz, klase politikoa mugitzen hasi da».
Juaristik ere argi du hori. Elkarte memorialisten ekimenari esker lortu da biktimen gaia agendaren erdigunea jartzea: «Herri ekimena izan da nagusi arlo honetan. Alderdi politikoak eta erakundeak beranduago iritsi dira, eta elkarteen lanaren ostean hasi dira gaiari garrantzia ematen».
Indar metaketa
Garai ezberdinetako errepresioaren biktimen aldeko elkarte ugari daude Euskal Herrian, eta hori berez «albiste ona» dela uste du Amaia Kowasch Sanferminak 78 Gogoan elkarteko kideak. Uste du positiboa dela tokian tokiko errealitatea ezagutzeko eta lantzeko bertako taldeak egotea, baina «lokalismoan» ez geratzeko ezinbestekoa dela «koordinazio maila handitzea eta gorpuztea».
Izan ere, memoriaren aldeko elkarte asko egoteak sarri zaildu egiten du haien aldarrikapenek nahikoa ikusgarritasun eta zabalkundea izatea. Horregatik, eragile gehienek uste dute ezinbestekoa dela elkarlana sustatzea. Bide horretan urratsak egin dituzte hainbat elkartek; besteak beste, 30 bat elkarte memorialistak Martin Villa ministro ohia epaitzearen aldeko kanpaina abiatu dute duela gutxi —tartean daude Ahaztuak, Egiari Zor, Goldatu, Sanferminak 78 Gogoan eta Martxoak 3 elkarteak, eta baita Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako beste hainbat talde ere—. «Elkarlana da bidea», ziurtatu du Carlos Otxoa Ahaztuak-eko kideak: «Elkarte asko gara memoriaren alde lanean ari garenok, eta, proiekzio publikoa eta eraginkortasuna lortu nahi baditugu, ezinbestekoa da memoria historikoaren berreskurapenean jauzi kualitatiboa ematea eta elkarrekin jardutea».
Indar metaketa horren abantailak azpimarratu ditu, halaber, Kowaschek. Hiru aipatu ditu: batetik, uste du elkarlanak balio duela nork bere aldetik egiten eta bultzatzen dituen ekimenak «zabaltzeko eta indartzeko». Bestetik, esan du aukera ematen duela elkarte bakoitza bere kabuz iritsi ezin den lekuetara iristeko eta jorratu ezin dituen ekinbideak gauzatzeko. Azkenik, Euskal Herritik harago dauden elkarte memorialistekin batera aritzeak «hemengo bidegabekeriak lau haizetara zabaltzeko» eta estatukoen berri izateko parada ematen duela azpimarratu du.
Txaskok nabarmendu du, halaber, tresna baliagarria dela elkarlana, justizia eta aitortza lortzeko. Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren lana jarri du horren adibide. Bertan parte hartzen du Martxoak 3 elkarteak, eta haren bitartez lortu nahi dute, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak memoriaren lege integral bat onartzea. «Guk bakarrik ezingo genuke halako ekinbide bat proposatu».
Indar metaketa hori ere funtsezkoa izango da Espainian —eta Europan— gorantz doan ultraeskuinari aurre egiteko. Izan ere, baliteke orain arte memoria historikoaren alorrean egin diren lorpenak galtzeko arriskua egotea. «Berez ahul dagoen Memoria Historikoaren legeak geldialdi bat izan lezake», ohartarazi du Juaristik. Horren aurrean atzerapausorik ez ematea eta «borrokatzen jarraitzea» beste biderik ez dagoela iritzi dio Otxoak. Iritzi berekoa da Kowasch ere: «Gure aldarrikapenak lortzeko aldaketa demokratiko sakona egin behar dugu, eta trantsizio garaian baztertuak geratu ziren planteamendu asko mahaigaineratu behar ditugu». Alderdiei eskaera bat luzatu die Esteranek: «Garaia da zauriak denon artean sendatzeko, ez zabalik mantentzen dituzten iraganeko formuletan behin eta berriro katramilatzeko».