astekaria 2016/01/29
arrowItzuli

kultura

Konstelazioak elkarrizketan

Ainhoa Sarasola

Konstelazioak elkarrizketan

Orain dela 50 urte artista talde berri batek plazara ateratzea erabaki zuen. Bazuen zer esana, bazuen gauzak aldatzeko nahia. Arteari, gizarteari zein politikari ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen zion kideetako bakoitzak, eta kulturak haietan izan behar zuen eraginean ere ez ziren bat etorriko. Baina 1966an, diktadurapean, sorkuntza artistiko askeari bide ematea batere erraza ez zen garaian, plazara elkarrekin ateratzea erabaki zuten. Sormena eta adierazteko askatasuna aldarrikatzera. Eta sormenez egin zuten hori. Manifestu bat kaleratu, eta Donostiako Barandiaran galerian beren lanak elkarren ondoan paratu zituzten Amable Ariasek, Jorge Oteizak, Eduardo Txillidak, Rafael Ruiz Balerdik, Nestor Basterretxeak, Remigio Mendiburuk, Jose Antonio Sistiagak eta Jose Luis Zumetak. Gaur taldeak ez zuen bide luzea egin, baina bai kide izandako artista bakoitzak eta haien lanen arrastoak, beste artista askoren obran eraginez. Urteurrenarekin, haien lan batzuk atzera bildu dituzte Donostiako San Telmo museoan, 1966 Gaur konstelazioak 2016 izenburupean. Gainera, belaunaldi berriagoetako beste artista batzuen lanekin jarri dituzte elkarrizketan.

Erakusketa zabala da, eta bi zatitan edo testuinguru artistikotan dago banatuta: Gaur taldeko sortzaileen lanak daude lehenengoan, eta Kairós garaikidea deitu duten beste multzo batean bildu dituzte, berriz, Txomin Badiola, Azucena Vieites, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum, Goldschmied & Chiari, PSJM, Borjan Fajfric, Eugenio Ortiz eta Avelino Salaren lanak. Guztira, 90 lan inguru daude ikusgai, gehienak lehen multzoan: margolanak, eskulturak, bideo instalazioak... Askotariko estilo, teknika eta moldez ondutako lanak guztiak ere.

Aretoan sartu eta berehala, taldeko kideen zuri-beltzeko argazkia dago ikusgai, 1965ean Oteizaren Irungo tailer etxean hartua. Mugimenduari eta bere testuinguruari buruzko azalpenek laguntzen dute irudia —manifestua eta 1966ko erakusketako katalogoa ere bertan daude—. «Artista hauek jakin zuten ulertzen sormenerako askatasuna imajinario libreak sortzeko ernamuina dela, eta, hortaz, askatasun handiagoa nahi izan zuten, politikoa, kulturala...», azaldu du Fernando Golvano komisarioak. Aurrez Oteizak mahaigaineratu eta 1936ko gerrak ondoren etendako arte modernoaren euskal eskola bat sortzearen gogoa haiengan bizirik zegoen, komisarioaren hitzetan. «Hitza eta jarrera bat hartu zituzten, baina tailerreko lan isiletik hasita». Artearen ikuspegi horrekin, sortzaileek norbanakoei «libreagoak izateko deia» egin nahi zietela dio komisarioak, sormen lana indibiduala izan arren, «komunitatea sortzeko tresna» ere izan badelakoan. Ez ziren bakarrak izan, Gaur taldearen ildo berean sortu baitziren Emen (Bizkaian), Orain (Araban), Danok (Nafarroan) eta Baita (Ipar Euskal Herrian) taldeak ere. Mugimendua sustatzen Dionisio Barandiaran mezenasak eta izen bereko galeriaren jabeak egindako ahalegina goraipatu du komisarioak, erakutsi zuen ausardia eta eskuzabaltasunagatik —Gaur taldearena ez ezik, Ez Dok Amairu mugimenduaren egoitza ere izan zen Barandiaran galeria, baita Argia dantza taldearena nahiz Jarrai antzerki konpainiarena ere—. «Galeria hura arteen benetako laborategi bat izan zen, abangoardiako arteena eta arte herrikoiena. 60ko urteetako kultura herrikoi disidente eta baskistaren egoitza izan zen». Barandiarani eskainitako txoko bat ere atondu dute erakusketaren sarreran, taldearen argazkiaren alboan. Galerian beren lanak erakutsi zituzten beste zenbait artistaren obrak ere jarri dituzte txoko horretan.

Taldea 1967. urtearen amaieran desegin zen, eta galeriak ere bere ateak itxi zituen. Baina Golvanoren ustez, sarean eraikitako mugimendu bat zabaltzeko aukera eskaini zuen. «Esperientzia hori, ondoren, 80ko urteetan edo gaur egun, sortutako beste batzuen ernamuina izan zen, beste batzuk saiatu izan baitira lotura afektibo, kooperatibo, batzuetan sozial eta politikoak ezartzen arte egintza indibiduala soilik ez dadin izan». Haien lanak eta eraginak geratu dira dei hori egiteko.

Ibilbide bat taldean barrena

Espazioan barneratuta, Amable Ariasen lanak dira ikusgai dauden lehenak. «Materialetan zein lengoaietan irekienetakoa zen; poetiken aniztasun handia erakusten dute bere obrek». Mihise gaineko hainbat olio lan eta arkatzez nahiz tintaz ondutako obrak daude ikusgai haren kasuan. Horien aldamenean, berriz, eskulturak, 1957-1959 urteetan Oteizak landutako kutxa metafisikoen bilduma bat. Brontzean egindako Pablo apostoluaren burua eta altzairuz, brontzez edo harriz egindako beste pieza batzuk ere badira aretoan. Txillidaren hainbat lan paratu dituzte aurrerago; tartean, burdinaz eta altzairuz sortu zuen Haizearen Orrazia proiektua I (1966) esanguratsua. Urte haietan jada hasia zen bestelako materialak lantzen, eta horren erakusle dira ikusgai dauden zurezko erliebeak nahiz harzurizko eskulturak. Badira akuaforteak, collageak, eta tintak, litografiak nahiz grabatuak biltzen dituzten bi artista liburu ere.

Aurrera egin ahala, Ruiz Balerdiren hainbat lan daude; tartean, natura oinarri hartuta marraztutako forma organiko eta geometrikoak. «Marrazkirako sekulako trebezia zuen, bere belaunaldiko marrazkilari onena zen». Mihise gaineko olio koloretsuak daude aldamenean: «Akziozko pintura da berea, mugimenduan dagoen keinuarena». Eta bada lan bereziago bat ere: Homenaje a Tarzan (1966) film margotua. Halakoez zer edo zer bazekien Sistiagak, aitzindaria izan zen Ere erera baleibu Izik subua aruaren... (1968-70) film margotuaren sortzaileak. Lan horren zeluloidezko tira batzuk ere ikusgai daude erakusketan. Artistak berak azaldu du tira bakoitzak bi segundoko iraupena duela pelikulan, eta lana sortzeko hamazazpi hilabete eman zituela, egunero, hamabi orduz margotzen. Berau esanguratsuena izanagatik ere, haren beste obra batzuk ere jarri dituzte ikusgai, paper, kartoi edo zur gainean tintaz eta gouachez sortutakoak.

Eta Balerdiren zein Sistiagaren lanen artean, Mendibururen beste hainbat. Puskak batuz sortutako zurezko eskultura handiak nabarmenenak dira akaso, «poetika konstruktibistekin lotura dutenak», komisarioaren hitzetan. Horien erakusgarri dira Argi hiru zubi (1968-77) eta Txapalartari omenaldia (1961) piezak. Baina badira grabatuak, brontzezko eskulturak eta paperean tintaz ondutako hainbat lan ere.

Aretoaren amaiera aldean daude Basterretxearen obrak, hiru margolan eta beste hainbeste eskultura tartean. Pantaila txiki batean, halaber, Fernando Larruquertekin batera sortu zuen Pelotari (1964) ikusteko aukera dago, hamabi minutuko pelikula. Eta ibilbideari amaiera emateko, taldekide gazteenaren lanak paratu dituzte. Zumetak akrilikoz mihisean egindako zenbait margolan ez ezik, zurezko erliebeak margotuz sortutako beste zenbait obra ere jarri dituzte ikusgai. Erdian, sabaitik zintzilik, Txoriak (1969), margotutako burdinazko eskultura. Eta alboan, oharkabean pasatzeko moduko olio pintura txiki bat, Mikel Laboaren Bat-Hiru lehen diskoaren azala izan zena.

'Kairós garaikidea'

Gaur taldeko artistek jorratutako ideien ildotik doaz Kairós garaikidea multzoan sartu dituzten artisten lanek ere. Artearen lengoaiak eta testuinguruak aldatu arren, «pentsarazi eta munduan era desberdin batean sentiaraziko gaituzten formak» ere badira belaunaldi berrietako artistek landutakoak, komisarioaren hitzetan. 16 pieza daude beste espazioan. Bi konstelazioak elkarrizketan jarri nahi izan dituztela-eta, badira artista horiek erakusketarako berariaz sortutako lan batzuk. Beste hainbatek, berriz, Gaur taldearen zenbait ideiari erreferentzia zuzena egiten diete, Txomin Badiolak zurez eta aluminioz sortutako Mitologías. Atzo / Han / Ondoren / Batzuk (2015) pieza, edota Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek paperean egindako marrazkiekin eta liburuxkekin osatutako Libro de plagios (2015).

BERRIAn argitaratua (2016/01/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA