gizartea
NANCY FRASER
«Proposamen antikapitalistaren abangoardian dago feminismoa»
Maite Asensio Lozano
Zertan datza %99rentzako feminismoa?
Mugimendu feministaren norabidea aldatzeko proposamen bat da. Azken urteetan hedabideetan nabarmendu den feminismoa liberala izan da, nolabaiteko feminismo enpresarial bat, emakumeen %10i bideratua: hezkuntza maila handiena dutenak, baliabide ekonomikoak dituztenak, batez ere zuriak edo etnia nagusikoak direnak... Emakume horiek enpresen hierarkian gora egin dezaten, diskriminazio batzuk ezabatzean zentratzen da feminismo mota hori, baina oso gutxi egin du egoera horretan ez dauden emakumeen alde, hau da, pobreen, langileen, migratzaileen alde. Oraintxe bertan, krisi handi batean dago gizartea, kapitalismo neoliberalaren krisian, eta jendea norabide berrien bila dabil; beraz, feminismo molde berri bat sortzeko garaia da: ezkerreko feminismo bat, emakumeen gehiengoaren egoerak eta premiak erdigunean jarriko dituena, eta ez %1ena edo %10ena.
Zerk batzen du %99ko jendea: sexuak, klaseak, arrazak...?
Ez gauza bakar batek. %99rentzako feminismoa gizadiarentzat da; beraz, horren barruan daude haurrak eta gizonak ere. Dugun ezaugarri komun nagusia ez da hainbeste egiturazko posizio berean gaudela, baizik eta etsai bera dugula: finantza kapitalismoa eta neoliberalismoa. Arerio hori gure bizimodua suntsitzen ari da, demokrazia hondatzen, planeta txikitzen... Baina krisia ez dago soilik politikan, ekonomian edo ingurumenean: erreprodukzio sozialeko krisi sakon bat eragiten ari da, ezerezten ari delako zaintza modu guztiak, normalean sistema ekonomiko ofizialetik kanpo egon direnak, eta emakumeen lan gisa identifikatu direnak. Arazo horien guztien oinarian neoliberalismoa dagoela azaldu dugu liburuan; beraz, oposizio bateratu bat koalizio berri baterako oinarria izan daiteke.
AEBetan, milaka emakume atera dira kalera Donald Trumpen aurka, baina, era berean, milaka emakumek eman zioten botoa; Hillary Clintoni baino gehiagok. Zer gertatu da andre horiekin?
Emakume zurien %53k bozkatu zuten Trumpen alde, baina ez zuen koloreko emakumeen gehiengoa irabazi. Andre zuriek, gizonek bezala, aldaketa handi bat nahi zuten, eta Trumpek aldaketa ordezkatzen zuen; Hillary Clintonek, ordea, jarraitutasuna. Gai hori oraindik ez dago oso ondo aztertuta, baina andre horiek hainbat elkarrizketatan adierazi dute ez zeudela ados Trumpek kanpainan emakumeez esandako gauza izugarriekin, baina erabaki zutela gainerako proposamenak garrantzitsuagoak zirela. Ez dira tuntunak, badakite Trump misogino bat dela, baina, balantzan, pentsatu zuten eurentzat presidente hobea izango zela Clinton baino, eta ulergarria da, hain justu, Clintonek ordezkatzen zuelako Wall Street, Silicon Valey eta finantza kapitalismoaren feminismo enpresariala, langile klasearentzat suntsitzailea izan dena —eta langile klaseko andreez ari gara—.
Eta nola txerta daitezke Trumpen aldeko horiek %99an?
Betiko errepublikanoak —sekula demokraten alde bozkatuko ez dutenak— albo batera utzita, interesgarria da aztertzea Trumpi garaipena eman zioten hiru estatuetako 8,5 milioi pertsonak Bernie Sanders bozkatu zutela demokraten primarietan —eta 2008an eta 2012an, Obama—, eta hark galtzean egin zutela Trumpen alde. Horrek erakusten du ez direla arrazista amorratuak, baizik gauza diferenteak probatzen ari direla. Nire sentsazioa da oso egoera aldakorrean gaudela: Frantzian, egun batean Melenchoni emango diote botoa, eta hurrengoan Le Peni.
Politika likidoa, nolabait?
Horixe. Baina, era berean, iruditzen zait irekitasun handiko une batean gaudela, eta horregatik sustatu dugu %99rentzako feminismoaren ideia: hutsune eta kaos abagune horretan ezkerreko feminismoa alternatiba gisa eskaintzen badugu, jende hori irabazteko aukera bat izan dezakegu, zerbait diferentea eta erradikala nahi dutelako. Estrategia politikoaren ikuspegitik, bi haustura behar ditugu. Batetik, langile klaseko boto emaileak eskuineko alderdietatik apartatu behar ditugu —eta emantzipazio mugimenduek identifikatu behar dute eskuin muturraren aldeko botoen jatorria miseria dela—. Eta bestetik, progresistak feminismo enpresarialetik urrundu behar ditugu. Zeren feminismo horrek ospe txarra eman baitio feminismoari: elitismoarekin eta indibidualismoarekin lotu gaitu.
Feminismoa alderdi politiko bat izan al daiteke?
Herrialde batzuetan badituzte alderdi feministak, baina ez da oso ohikoa, eta esango nuke AEBetan ez litzatekeela estrategia on bat izango. Uste dut garrantzitsuagoa dela lan egitea irekien dauden alderdiekin, ez bakarrik genero gaietara, baizik eta ekologismora, demokraziara... Baina bide hori bi aldeetara egin behar da: feminismoak ere irekita egon behar du besteen eskaeretara. Askotariko mugimenduen arteko gurutzatze bat behar da: %99 ordezkatzen duten guztiak elkarrekin aritu behar dira, euren aldarriak nola uztartu pentsatu behar dute.
Feminismoak ezingo du hori guztia bakarrik egin, beraz?
Ez, ezingo du berak bakarrik, baina feminismorik gabe ezingo da ezer onik gertatu.
Nola erakar daiteke jendea feminismo antikapitalistara, kontsumoak zoriona agintzen duen gizarte honetan?
Egia da kontsumoak horrelako mezuak bidaltzen dituela, baina nire esperientzia da jendeak ez duela hainbeste arreta jartzen hor, ikusten badu kontratu soziala ez dela betetzen ari eta gure seme-alabak gu baino okerrago biziko direla. Hori da langile klasearen kezka: oinarrizkoagoa. Beraz, ondo eta segurtasunez bizitzeko aukera eskaini behar diegu; mundu hori zehatz eta posible bihurtu behar dugu. Ideia horrek babes handia lor dezake: hor elkartuko gara %99koak.
Azken hamarkadetan, identitate eta klase politiken arteko gatazka aztertu duzu, besteak beste. Nola ikusten duzu egun eztabaida hori?
Eztabaida horiek nahiko akademikoak ziren, eta uste dut orain beste une batean gaudela, larrialdi egoera batean. Gainera, iruditzen zait klasea versus identitatea debatea desagertzen ari dela, neurri batean klasearen inguruko ideia aldatzen ari garelako. Uste genuen klase politikek soilik eragiten zietela fabriketan lan egiten zuten gizon zuriei, emazteak etxean zituztenak, eta sindikatuak sortzen zituztenak soldata handiagoak jaso eta familiak mantendu ahal izateko. Baina kontua da langile klasea askoz zabalagoa dela: etxekoandre horiek ere badira —soldatarik jaso ez arren—, eta lan merkatuan dauden emakumeak, ez soilik fabriketan, baizik eta zerbitzuetan, eskoletan, zaintzan, nekazaritzan, bulegoetan, gizarte zibilean... Ideia horren barruan daude migratzaileak ere, langabeak, prekarioak... Alegia, klasea ez dagokio soilik kapitalaren eta enpleguaren arteko erlazioari; ekonomia ofizialetik kanpo dauden gainerako harremanekin ere lotuta dago.
Dena den, oraindik badago feminismoa identitate auziarekin soilik lotzen duenik...
Beti haserretu nau horrek. Genero menderakuntza gainditzeko borroka bat da feminismoa, eta menderakuntza hori kapitalismoaren egiturazko ezaugarri bat da, klase esplotazioa den bezala. %99rentzako feminismoari buruz irakurrita, argi geratzen da ez duela zentzurik galdetzea ea auzia identitateari edo klaseari dagokion; noski, feminismoa klase borroka bat da, baina beste klase borroka molde bat.
Eta nola lagun dezake %99rentzako feminismoaren ideiak gatazka hori gainditzen?
Kapitalismoa sistema ekonomiko bat baino gehiago da: ordena sozial instituzionalizatu bat da, mundua antolatzeko modu bat. Kapitalismoa ulertzeko modu tradizionalak klase menderakuntza jarri du erdigunean, baina uste dut ikuspegi mugatua dela egungo krisia ulertzeko, besteak beste, ontzat jotzen duelako kapitalismoak ekonomia gisa definitu duena, eta kanpoan uzten duelako erreprodukzio soziala, hau da, ekonomia kapitalista posible egiten duten harreman eta prozesu sozial guztiak. Kapitalismoaren inguruko ikuspegi zabalago baten arabera, egiturazko beste menderakuntza batzuk ere badaude, hainbat banaketa instituzionalizatutan oinarritzen delako sistema: produkzioa-erreprodukzioa, ekonomia-politika, gizakiak-natura... Bereizketa horiek berezkoak ditu kapitalismoak. Emakumeen zapalkuntza ez zuen kapitalismoak asmatu, baina bai instituzionalizatu, lana sexuaren arabera banatuz.
Beraz, erreprodukzio sozialak kapitalismoan duen zentraltasuna ulertu ondoren, ezingo dugu klasea berdin ikusi: klase borrokak barnean ditu erreprodukzio sozialaren inguruko borrokak, hala nola, osasunaren unibertsalizazioa, hezkuntza publikoa, ingurumena edo etxebizitza eskubidea. Egun, erreprodukzio sozialaren eremu hori da borroka politikoaren abangoardia. Gizartearentzat funtsezkoa den zaintza lan hori presio handia jasaten ari da, eta lehertu egin da: bestelako gizarte baten aldeko borrokaren lidergoa hartu du. Olatu feminista berria proposamen antikapitalistaren abangoardian dago.
Hain justu, Euskal Herrian zaintzarekin lotutako lan gatazka esanguratsuak izaten ari dira azken urteetan: zahar etxeetako langileak, etxez etxekoak... Nola ulertu behar dira gatazka horiek? Eta nola konpondu?
Gai hori gizarte kapitalistetako egiturazko kontraesan bat da, eta hala aitortu behar da. Kapitalismoak bereizi egin zuen produkzioa pertsonen zaintzatik, eremu guztiz desberdinak balira bezala tratatu zituen, eta erreprodukzio lanaren gain utzi zuen etekinak ematen zituen sektorea sostengatzea, baina ez zuen pagatu nahi izan lan horren truke. Doan edo oso gutxi ordainduta jasotzen bada, gizarteak ez du lan hori baloratuko; neurri batean, emakumeen lana delako, eta ematen duelako ez duela kualifikaziorik eskatzen, baina pertsonak artatzeak gaitasun ugari eskatzen ditu, batez ere zaharrak direnean edo gaixo daudenean. Beraz, kapitalismoak ez daki nola lotu produkzioa eta erreprodukzioa; beti tratatu du erreprodukzioa bigarren mailakotzat, garrantzi gutxikotzat, produkzioaren eremura egokitu beharko balitz bezala. Gu aldaketa erabateko bat eskatzen ari gara. Gizarte postkapitalista bat imajinatzen hasi behar dugu, erreprodukzioa erdigunean izango duena.
Martxoaren 8ko grebek galdera dezente eragin dituzte gizonen artean. Zein rol izan behar dute gizonek orain?
Gizonek grebak egin izan dituztenean, andreek babestu egin dituzte, piketeetan parte hartuz, grebalarientzako jana kozinatuz... Beraz, zergatik dauzkate hainbeste zalantza alderantziz denean? Gizonek sostengatu beharko gintuzkete. Izan ere, feminismoa ez dago ugalketa organoetan, baizik eta ideietan, uste izatean gizartean genero menderakuntza dagoela eta hori aldatu egin behar dela. Gizon asko bat datoz ideia horrekin; agian ez dute interpretaziorik sofistikatuena, baina ikas dezakete. Ez dut uste gure mugimenduaren lidergoa hartu behar dutenik, baina zergatik ezin dute parte hartu, babestu eta ikasi? Izan ere, %99rentzako feminismoa ez da gizonen aurkakoa, baizik eta kapitalismoaren aurkakoa: gizonak eta emakumeak elkarren aurka jartzen dituen sistemaren aurka.