kultura
KATEBEGI HAUSKORRAK
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Adar asko dituen gai bat da euskal kulturaren transmisioarena; ertz askotatik hel dakioke. Euskal kulturak, bere horretan, ez du ikasgairik ikastetxeetan. Literaturarena du adar bakarra, eta hizkuntzarekin batera lantzen da Euskara eta Literatura irakasgaian. Bikoizketa horretan, literatura izan ohi da bazterrean geratzen dena, Mondragon Unibertsitateko irakasle taldearen esanetan. Oier Araolaza dantzari, antropologo eta ikerlariak «utzikeria» hitza erabili du euskal dantzaren transmisioaz jarduteko, eta Rafa Rueda musikariak «arrakala» hitza jarri dio euskal musikagintzaren transmisioari. Artearen transmisioan ere etena. «Ikasgai garrantzitsuak laguntzeko behar diren ekintzak egiten dira arte heziketan», hala azaldu dute Andrea Arrizabalagak, Oihane Espuñezek eta Ana Revueltak. Artaziak arte hezkuntzako taldea osatzen dute hirurek.
«Zerbait berria sortzen duenak arraunlari baten tankeran egiten du: aurrera egiten du, baina bizkarrez; atzera begira lantzen du bide berria». Jorge Oteizaren hitzak bere egin ditu Araolazak gaiari heltzeko. «Guk gaur egungo euskaldunok bezala dantzatu nahi dugu, baina, horretarako, atzoko euskaldunek nola dantzatu zuten jakin behar dugu. Egokitu eta berritu behar dugu, noski, baina aurreko belaunaldiekiko komunikazio gaitasuna mantenduz». Dantzari buruz nola, euskal kulturaren transmisioarekin hala. Ezagutzea da lehen oinarria, eta hori da, hain zuzen, lehen herrena.
CURRICULUMAK DAKARRENA EDO EZKUTUAN DUENA
Argipena lehenik. «Kultura transmititzeaz hitz egiten dugunean, esan nahi dugu curriculumean txertatuta egon behar direla euskaraz sortutako adierazpide horiek». Hala dio Mondragon Unibertsitateko taldeak. Egoera konplexua du Euskal Herriak, baina, zatiketa administratiboaren araberako hezkuntza sistema baitu bere lurraldeetan. Espainiako Gobernuaren hezkuntza legedia aplikatzen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: LOMCE lege polemikoaren hariei tiraka ondu zuen Jaurlaritzak Heziberri 2020 programa. Berdin Nafarroan ere. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioari zuzenean eragiten dion muga bat du Nafarroakoak, ordea: Euskararen Legearen ondorioz, euskarazko irakaskuntza mugatuta dago lurraldearen hainbat zonatan.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere hizkuntzaren estatusa da muga nagusi: euskara ez da ofiziala, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du aitortzen euskarazko irakaskuntza. «Frantziako Gobernuak ez du ahalbidetzen frantsesa ez den beste hizkuntza batek frantsesak baino toki handiagoa izan dezan», azaldu du Celine Mounolek, Baionako Unibertsitateko Euskal Ikasketen irakasleak. Hain zuzen, «euskal hezkuntza eta euskal kultura» sustatzeko sortu zen, 1969an, Seaska elkartea. Oro har, irekiak dira Frantziatik ezarritako hezkuntza programak, Jakes Serraillet Bordeleko Akademiaren euskara ikuskariaren esanetan. «Lurraldeetako eta tokiko kulturak ez dira hezkuntza programetan zehazten; beraz, irakasleari autonomia ematen zaio nahi duen kulturaren atalak lantzeko». Adibide zehatza eman du. «Kolegioan, 11 eta 15 urte bitarteko irakaskuntzan, modernitatea eta tradizioa landu behar dituztela azaltzen da programan. Bada, bertako gaiak lantzen dituzte hor».
Desorekan oreka nabari dute Mondragon Unibertsitateko irakasleek. «Kanpoko kulturak zapaltzen gaitu hiru lurraldeetan. Hortik aurrera, euskara ikasgaian lantzen da literatura lurralde guztietan. Asko dago egiteko sistematizazioaren bidean».
TESTULIBURUAK NON IDAZTEN DIREN
Zaila da transmisioaren egoera orokortzea, Mondragon Unibertsitateko irakasleen iritziz. «Batzuetan, ikastetxearen edota irakaslearen araberako erabakiak hartzen dira transmisioari dagokionez». Testuliburuak dira adibide. «Euskal Herrian azkenaldian ekoitzitako testuliburu batzuetan ahalegin garrantzitsua egin dute euskal kulturak presentzia izan dezan hainbat jakintza arlotan. Garrantzitsua iruditzen zaigu berton eta bertoko begiradatik ekoitzitako testuliburuak erabiltzea». EKI ikasmateriala jarri dute adibide gisa: Euskal Curriculuma lantzeko prozesua egin zuten hezkuntza eragileek 2004an, eta oinarri hartatik abiatuta ondu zuten, gerora, Ikastolen Elkarteak eta Elkar argitaletxeak materiala. «Transmisioa bermatzeko, sistematizazioa ezinbestekoa da; beraz, oso garrantzitsua da material didaktikoak bertan ekoitziak izatea».
Aspaldikoa bezain oraingoa da testuliburuen gaineko eztabaida. Adibide hurbil bat: Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria zenak 22 liburu debekatu zituen 2014an, mapetan Nafarroa Euskal Herriaren barruan agertzen zelako. Abisua emana zuen Michael Apple pedagogo estatubatuarrak: «Ikastegietako curriculum erreala osatzen duten artefaktuak dira testuliburuak». 1881ean Frantziako hezkuntza sistema publikoaren legeak ondu zituen Jules Ferry politikariaren esana ere bada: testuliburuaren jabe dena irakaskuntzaren jabe ere bada.
Joan Mari Torrealdaik ikasmaterialaren ekoizpenari buruzko datu argigarriak eman zituen Jakin aldizkarian euskal liburugintzari buruz egindako azken lanean, 2016koan: ekoizpenaren %73 kanpoko argitaletxeena dela zioen azterketan: «Hezkuntza edo irakaskuntzako liburu produkzio handiena ez dago euskal editorialen esku, baizik eta estatu mailako argitaletxeetan. Curriculum propioa proposatzen duen Eusko Jaurlaritzarentzat badu garrantzirik gertakari horrek».
BEREZ DATORREN ALA IKASI EGITEN DEN
Hautua eta borondatea. Biak aipatu dituzte Mondragon Unibertsitateko irakasleek euskal literaturaz aritzeko. «Euskarak eta kulturak, oro har, badute zama bat: ikasleek euskaraz hitz egin, irakurri, kontsumituko dute baldin eta horretarako borondatea badute. Hautua da hori, eta, beraz, garrantzitsua da bai hezkuntzak haur eta gazteak kulturazaletzea, bai sormenetan eta kontsumoan gaitasunak bermatzea».
Sarritan kezka azaldu ohi da euskaraz gazte literatura lantzera mugatzen ote diren, nahiz eta erdarazko irakasgaietan klasikoak lantzen dituzten. Erantzun argia eman dute adituek: «Kalitatezko lanak ere eskaini behar zaizkie; eskolak eskubide hori bermatu behar du. Askotan entzuten dugu aukera utzi behar zaiela beraiek erabakitzeko zer irakurri, baina badakigu zein liburutara jotzen den sarritan. Kontua da ea horietara jotzen duten benetan horiek gustatzen zaizkielako, edo ez dutelako besterik ezagutzen».
Irakurzaletasunean ikasleek duten pisua nabarmentzekoa dela ondorioztatu zuten Siadeco ikerketa elkarteak eta Elkar Fundazioak, iazko martxoan, kultur kontsumoari buruz egindako azterketan. Argigarriak dira bertan bildutako datuak: ikerketaren arabera, 6 eta 25 urte bitartekoek dute euskaraz irakurtzeko ohiturarik handiena. 2.500 inkesta egin zituzten, eta motibazioagatik ere galdetu zieten euskal irakurleei. Ikasketak azaltzen dira lehen planoan: %21ek zioten ikasketengatik edo lanarengatik irakurtzen dituztela euskarazko liburuak; erdarazkoak, aldiz, %26k. Aisian, baina, nabarmen aldatzen dira portzentajeak. Irakurle euskaldunen artean, %34k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak, eta %63k erdarazkoak. Euskaraz ez irakurtzeko arrazoien artean, erraztasun eta ohitura falta aipatzen dute euskaldunen %43k.
Eusko Jaurlaritzak ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen kultur ohiturak aztertu zituen iaz, 66. Soziometroan, eta Elkar etxeak eta Siadecok aipatutako joera berretsi besterik ez zuen egin: liburuak euskaraz irakurtzen dituztenen artean, 18 eta 29 urteko adin tartean dabil bostetik bat.
Ruedak ere hautu hitza izan du ahotan musikaz aritzeko. «Euskal musikarien lana ez da nahi gabe kontsumitzen». Ikasgelatik kanpo, merkataritza guneetan, telebistan zein sare sozialetan entzuten den musikaz ari da. «Gizarte hiper-informatu honetan, euskarak sortzen duen kulturak ez du behar besteko tokirik hartzen». Gotzon Barandiaran idazlearekin batera, euskal idazleen eta musikarien arteko elkar eraginetik sortutako kantagintza lantzeko saioak egiten ditu hainbat ikastetxetan. 75 saio inguru egin dituzte azken bost urteetan, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. eta 5. mailako gazteekin, eta ezagutzaren eremuan arrakala nabarmena dela dio. «Euskal musikari buruzko ezagutza oso urria da. Esango nuke azken bi edo hiru belaunaldietan sekulako haustura egon dela: transmisio arazo larria dago».
Adibide zehatza jarri du Ruedak: «Egin ditugun saioetan, gazteen %85ek ez zekiten nor den Ruper Ordorika». Kontrapuntua gero: «Baina zer gertatzen da? Galdetzen diezula nor den Miguel Bose, eta denek ezagutzen dutela. Horrek gauza bat uzten du argi: arazoa ez da belaunaldien artekoa, ikusgaitasunak eragina du. Oso modu nabarmenean, gainera».
Musikari buruzko datuak ere eman zituzten Elkarrek eta Siadecok. Ikerketaren arabera, 16 eta 25 urte bitartekoen %90ek egunero edo ia egunero entzuten dute musika. Euskal musikak okupatzen duen tokia: horra gakoa. Jaurlaritzaren 66. Soziometroak bildutako datuek ere agerian uzten dute errealitate hori: euskaraz dakitela diotenen artean, %53k entzuten dute euskarazko musika sarritan, eta, aldiz, euskaldun horien %78k entzuten dute sarritan gaztelerazko musika. «Gazteen munduan presente egotea da kontua. Eremu horretan asko dugu egiteko», azpimarratu du Ruedak.
DIFERENTZIA: IRAKASGAIA IZAN EDO EZ
Bat datoz denak: eskolaz kanpoko ekintzatzat hartzen dira, gaur egun, musika eta dantza. Eta gauza bera gertatzen da ikasketa artistikoekin ere. Ezberdintasunik bada, hala ere, hiruren artean: musikak eta arte hezkuntzak ikasgai propioa dute. «HH Haur Hezkuntzan eta LH Lehen Hezkuntzan ez dago espezialistarik arte irakaskuntzan, eta DBHn gero eta murritzagoa da eskaintzen zaion denbora». Artaziak taldekoen iritziz, ekoizpenaren logikan, edertasun zehatz bat bilatzeko erabiltzen da arte irakaskuntza, eta irakasgaiarekiko dagoen «mitoa» deseraiki beharra azpimarratu dute. «Ongi pasatzeko ikasgai erraza dela zabalduta dago. Ondo pasatzea garrantzitsua da, baina baita ikertzea, gogoetatzea eta esperimentatzea ere. Horretarako, beharrezkoa da irakasleek curriculumaren alde hau ere ezagutu dezan, arteen lanketak dituen aukerez jabetzeko».
Literaturaren garrantzia galduz doala nabari dute Mondragon Unibertsitatekoek ere; «gutxietsita» dagoen eremua dela diote. «Ezagutzan eragin nabarmena badu ere, larriagoa da kulturaren transmisioan izan dezakeen ondorioa. Ikastetxeetan literaturak eta kulturak, oro har, galdu egin dute garrantzia, eta ez soilik euskara irakaslearentzat. Euskal literaturaz jakiteak ez du prestigiorik gizartean». Ildo beretik jo du dute Artaziak taldekoek. «Irakasgaiarekiko zein profesionalekiko errekonozimendua beharrezkoa da. Horrek ekarriko luke baliabide gehiago bideratzea ikasgaiari: denbora, errespetua eta formakuntza».
Dantzek ez dute ikasgai propiorik hezkuntza sistema arautuan. Eskolaz kanpo, baina, aktibismo handiena duen eremuetako bat da, Euskal Herriko herri gehienetan baitago euskal dantzen talde bat. «Hezkuntzan ez da egoera hori islatzen». LHn eta DBHn, Heziketa Fisikoan eta Musika ikasgaietan lantzen dira dantzak; zehar lerro edo osagarri gisa, eta «utzikeria» hitza erabili du Araolazak egoeraz aritzeko. «Eskolaz kanpoko jardueretan bermatu behar dira ikastetxeak ziurtatzen ez dituen trebakuntzak».
Oinarrizko hizkuntzak dira dantza eta musika. «Ematen du musika eta dantza ikasten badituzu, dela musikaria edo dantzaria izateko. Baina inork planteatzen al du hizkuntzak ikasten direla idazle bihurtzeko? Gure bizitzako oinarrizko alfabetizazioak diren arren, konpetentzia horiek bermatzeko, behartuta gaude eskolatik kanpo bilatzera».
Geldialdia egin du antzerkigintzan. «Dantza sistematik kanpo dagoela esaten ari gara, baina benetako sistemarik gabe dagoena antzerkia da. Dantzak, gutxienez, badu herri mailako mugimendu hori, eta hezkuntza sistematik kanpo bada ere, bizirik dago oso». Metodologiari heldu dio, berehala. «Gaur egun sekulako traumak izaten dituzte gazteek aurkezpenak egiteko edo jendaurrean hitz egiteko. Baina oinarrizko gaitasuna da eguneroko bizitzan». Galdera-erantzuna, elkarrekin. «Zein metodo hobea hori lantzeko antzerkia baino?».
Arte eszenikoen datuak ere bildu zituen Jaurlaritzak: 18 urtetik gorako 1.973 pertsonari egin zioten inkesta, eta euskal antzerkiari buruz jasotako datuak oso apalak izan ziren: euskaraz zekitela ziotenen artean, %58k zioten hamabi hilabetean euskarazko lan bakar bat ere ikusi gabeak zirela.
EUSKARAREN EZAGUTZAREN ARABERAKOA DENA
Irakasgai bakarrean biltzen dira euskara eta literatura; eta, sarritan, ikasleen euskara mailaren eraginez, lehenetsi egiten da hizkuntzaren irakaskuntza. Bi ertz aipatu dituzte Mondragon Unibertsitateko irakasleek. «Ikasleek euskara gaitasuna lantzea, gehiegitan, euskara irakaslearen ardura bihurtzen da, nahiz eta ikasgai guztietan zeharkakoa izan beharko litzatekeen. Eta, bestetik, euskarazko irakasgaian literatura lantzen denean, hainbatetan euskararen mesedetan erabiltzen delako, aditzak izenondoak eta halakoak ikasteko. Kosta egiten zaigu ulertzea literatura lantzeak berez dakarrela hizkuntza lantzea, hizkuntza jardueren menpe jarri beharrik gabe».
Ideia berari heldu zion Arantxa Iturbe kazetariak Jakin aldizkarirako idatzi zuen Lau, bat, hiru bost, zazpi artikuluan. Hala zioen: «Euskaraz delako bakarrik irakurtzeak, euskaraz delako bakarrik entzuteak, ez du kulturanahia hazten. Euskaranahia baizik. Eta ez da gauza bera».
Xavier Aragayren hitzak bere egin dituzte Mondragon Unibertsitatekoek. «Aipatzen du egungo curriculumek kilometroak dituztela luzeran, eta milimetroak sakoneran. Hizkuntzaren mesedetan, literaturak oso gutxi du, inork ez duelako bermatzen ikasleek gutxieneko irakurketa batzuk eta ezagutza batzuk jasoko dituztela. Eta, egiten den kasuetan, ez da egiten horretan sakontzen. Hezkuntzako lanketek nolabaiteko eragina lortu behar lukete ikasleengan, bere identitatearen eraikuntzan... eta zalantza dugu literaturaren egungo irakaskuntzak lortzen ote duen. Pentsatzeko, hitz egiteko eta sortzeko espazioak behar ditugu. Horretarako aukera paregabea da literatura».
ZERTARAKO IKASTEN DEN
Adimen anitzen teoria izan du Haizea Barcenilla EHUko arte irakasle eta ikerlariak ahotan. «Adimena lantzeko era asko daudela aitortzen da; eta badirela pertsonak gaitasuna dutenak munduarekin harremantzeko espresioaren bidez». Teoria hori. Praktikan, gizarte arrazionalean bizi garela uste baitu Barcenillak. «PISA eta halako txostenak erredukzionista hutsak dira: badirudi neurtzen dituzten ezagutzak soilik direla garrantzitsuak». Hautaprobak izan ditu ahotan. «Selektibitateak hezkuntza kritikoa hiltzen du. DBH bukaerako etapa azterketa prestatzera bideratzen da: oposizio baterako prestatzen dira ikasleak. Presioa handia da, eta irakasle bat hortik ateratzen bada, kontra egiten diote». Azken hilabeteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kristau Eskoletako lan gatazka izan du ahotan; greben karietara, selektibitatea izan baita gurasoen kezka iturri nagusia edo bakarra.
Antzera baxoarekin ere. Frantziako gobernuak lizeoen eta baxoaren erreforma ezarriko du heldu den ikasturtean, eta euskarari lehen baino puntu gutxiago emango zaio hautaproban. Hala azaldu du Sarralletek. «Ikusteko dago zer eragingo duen. Baina pentsa genezake euskarazko irakaskuntzaren kalterako izango dela neurria».
GORPUTZAREN ETA BURUAREN BEREIZKETA
Sormena bultzatu egiten da haurrak txikiak direnean: marraztea, dantzatzea, instrumentuak astintzea edo irakurtzea sustatzen da. Adinean gora egin ahala, lausotu egiten da joera hori. «Arazoa sakona da. Pentsatzen duguna eta sentitzen duguna adierazteko bide ezberdinak ematen dizkigu arte hezkuntzak. Ikasketa artistikoak eskolaz kanpoko esparrura mugatzean, gaitasun ekonomikoari erabat lotu eta haur eta gazteen garapen pertsonala eta emozionala mugatu egiten da», argi diote Artaziak taldekoek.
Gorputzaren eta buruaren arteko banaketa aipatu du Araolazak. «LHn gorputza baliogabetu egiten da; ez bagenu bezala jokatzen dugu». Ikerlariaren esanetan, errealitate hori iraultzea da hezkuntza sistemak duen erronka nagusietako bat. Ez du hezkuntza zamatzen, baina. «Ez dut uste hezkuntzak euskal kultura salbatzeko egitekoa duenik». Azalpena gero. «Bi norabidetan heldu behar zaio: zer eskaini diezaioke dantzak edo, oro har, kulturak hezkuntzari bere egitekoa bete dezan? Hezkuntzak gure beharra du, eta hartuko balu laguntza hori, transmisioarekiko dagoen kezka konponduko litzateke: ez euskal kulturak behar duelako soilik».
Ezagutzari toki pribilegiatua ematea oinarrizkoa dela diote Mondragon Unibertsitateko irakasleek. «Kulturaren transmisioa ezin da gutxi batzuen borondatearen menpe bakarrik geratu; euskal eta hezkuntza komunitate osoa inplikatu behar duen konpromisoa izan behar da». Derrigortasuna eta sistematizazioa beharrezko direla diote. «Ezagutza bermatu egin behar da. Eta euskal kultura zer den ere adostu egin behar da, elementu komun batzuk identifikatu eta horietatik eragin behar dugu hezkuntzan».
Ideia horri jarraitu dio Araolazak. «Euskal kultura definitzerakoan euskara izan da ardatz nagusia, eta horrek kanpoan utzi ditu ahozkotasunik gabeko kultura adierazpenak; tartean, dantzak eta arte sorkuntza». Sorguneak taldeak euskal kulturaren definizioa egiteko kategoriak izan ditu hizpide: berbazko euskarazko kulturgintza eta ez berbazko kulturgintza bereizi zituen taldeak. «Nik sarritan jarri dut Irlandako adibidea. Musika eta dantza bihurtu dituzte herriaren sinbolo, eta hizkuntza galdu dute ia; gaelikoa. Gurean alderantzizko prozesua eman da: euskara ekarri dugu lehen lerrora, eta kanpoan utzi ditugu ahozkotasunik ez duten kultura adierazpideak». Geldialdia, eta galdera. «Ez al da garaia gai biei heltzeko?».
HIZKUNTZAREN AUZIARI HELDU BEHARRA
Hizkuntza politika erdigunera ekarri du Ruedak. «Gakoa da». Azalpenak eman ditu berehala. «Hizkuntzarena irabazten ez dugun bitartean, oso zaila izango da transmisioan dugun egoera iraultzea: ez gara parez pare borrokatzen ari. Horrek eragina du sortzaileengan, sorkuntzan, baita kontsumoan ere. Nola da posible kultur erreferente euskaldunik ez ezagutzea baina Miguel Bose nor den jakitea? Komunitate espainola askoz ere txertatuago dago gazteen bizitzetan. Hizkuntza politika sendorik ezean, nekez egingo ditugu aurrera urratsak».
Euskararen irakaskuntza indartu beharra aipatu du Serrailletek ere. «Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, kopurua eta kalitatea, bi-biak dira erronka: irakaskuntzaren lehen mailetan % 50 baino gehiagok ikasten dute eredu elebidunean, baina urteak aurrera egin ahala, galdu egiten dira. Derrigorrezko hezkuntzaren azken zikloan %15 besterik ez da geratzen». Beste aldagai bat ekarri du Mounolek: «Euskarazko irakasleak falta zaizkigu».