astekaria 2019/04/05
arrowItzuli

politika

Erreferenduma xede, lankidetza lanabes

Jon O. Urain

Erreferenduma xede, lankidetza lanabes

«Gure Esku Dago-ren iparra zera da, herri honetan libre eta demokratikoki gure etorkizuna erabakitzea, erreferendum bitartez. Erreferendumaren edo erreferendumen bidez». Angel Oiarbide GEDeko bozeramaileak horrela azaldu zuen herri dinamikaren egitekoa BERRIAk hilaren 20an argitaratutako elkarrizketan, eta zeregin horri begira ariko da herri dinamika bihar abiatu asmo duen etapa berrian. Kontsulta izango da jomuga, baina, hori ahalbidetzeko, GEDek ezinbesteko dauka eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko lankidetza, eta elkarlan hori sustatzeko lanetan ariko da datozen hilabeteetan. Ildo horretan, Kataluniako Omnium Culturalek abiatutako Som el %80 egitasmoa «erreferentzia» da GEDentzat.

2013ko ekainean hasi zirenetik, GEDek ia sei urteko ibilbidea egin du, eta bere jardueran etapa berri bat zabaltzeko asmoa iragarria du. Bihar egingo dute hori irudikatzeko ekitaldia, Bilboko Euskalduna jauregian, eguerdian; «egindako ibilbidearen balioa aitortu eta etorkizuneko erronkak mahaigaineratzeko garaia izango da», jakinarazi dutenez. Hainbat eragile sozial, sindikal eta politiko ere izango dira, eta Oiarbidek eta Zelai Nikolasek bozeramaile karguaren lekukoa emango dute; Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk beteko dute zeregin hori, GEDek atzo jakinarazi zuenez.

Bihar emango dute dinamikaren asmoen berri, baina bi izango dira ardatzak: batetik, Oiarbidek hilaren 20ko elkarrizketan esan zuenez, «elkarrekin erabakitzeko tresna demokratikoak geureganatzea eta legeztatzea». Bestetik, erabakitzeko eskubidearen «bandera» ez izatea soilik GEDena. «Erronka da sektorekako eragileak inplikatzea; erreferendumari begira, gizartearen inplikazioa eskuratzea», azaldu zuen Mario Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta GEDeko kideak, otsailaren 2an, Errenterian (Gipuzkoa).

GEDek herrialde osoa izango du jarduteko esparru datozen hilabeteetan. Halere, abaguneak eta testuinguru politikoak ezberdinak dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Nafarroan edota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iparraldean, Euskal Elkargoak bi urteko bidea eginik, Batera plataformak bere jarduna demokratizatzeko proposamenak egin ditu; Nafarroan, berriz, ostegunean egin zuten legealdiko azken osoko bilkura, eta maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzek definituko dute zer aukera egon litezkeen hurrengo legealdian autogobernuaren eztabaida parlamentarioari heltzeko.

Eusko Legebiltzarrean, ordea, bost adituko talde bat forma juridikoa ematen ari zaie Autogobernu Lantaldean onartutako oinarri politikoei, eta batzorde hori aste erabakigarrietan sartua da, testu artikulatua ekainerako taxutu behar baitute. Oinarri horietan, berariaz jasota dago erabakitzeko eskubidea: «Estatus berrian, euskal erakundeek gaitasuna izango dute herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz». Hori lege bihurtuz gero, Eusko Legebiltzarrak ahalmena izango luke galdeketak antolatzeko Espainiako instituzioen baimenaren beharrik gabe. Egun, Madrilek eman behar du horretarako oniritzia.

Autogobernu Lantaldeak onartutako oinarriak lege bilakatzeko bideak hainbat etapa gainditu beharko ditu oraindik; adituek ekainera arteko epea dute, eta testu artikulatu hori gutxienez talde politiko batek erregistratu beharko luke legebiltzarrean, ohiko prozedurari bide emateko; batzordean eztabaida, zuzenketak eta bozketa osoko bilkuran. Oniritzia jasoz gero, Espainiako Gorteen onespena jaso beharko luke hurrena, eta, azkenik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrena, erreferendum bidez. Aitzitik, ordena molda liteke, EAJk eta EH Bilduk proposatutako galdeketa gaitzailea egingo balitz, eta litekeena da prozedura osoa amaitzerako legealdia bukatzea. Edozein kasutan, jada adostuta dauden oinarriak gizarteratzeko lanetan ari da GED azken asteetan, hitzaldi eta abarren bidez.

2.019 arrazoi, 218.248 boto

GEDek Herritarron Ituna izeneko txosten batean bildu zituen herritarrek erabakitzearen alde emandako 2.019 argudio, eta iazko urrian erregistratu zuen dokumentua Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Dokumentu horri ekarpenak egin zizkioten hainbat eragilek, eta aurrerantzean ere eragileen inplikazioan sakontzea da GEDen asmoa, elkarlanaren bidetik. 2018ko ekainean, 175.000 lagun inguruk osatutako giza kate batek txosten hori eraman zuen Donostiatik Gasteizera, Eusko Legebiltzarreko atarira.

Era berean, herri galdeketak izan dira dinamikak aurreko etapan sustatutako beste ildoetako bat. 218.248 herritarrek parte hartu dute 2014az geroztik 209 herritan estatus politikoari edo erabaki eskubideari buruzko galdeketetan; azkenak, iazko azaroan; tartean, Donostian. Gipuzkoako hiriburua izan zen gisa horretako kontsulta bat egin zuen lehen hiriburua. Oiarbidek horren garrantzia azpimarratu zuen biharamunean: «Mugarria izan zen loteslea izango den erreferendum horren bidean».

Bide horretan, bazkidetza kanpaina izango da GEDen lehentasunetako bat, gihar soziala eta baliabide ekonomikoak beharko baititu erronka berriei heltzeko.

BERRIAn argitaratua (2019/03/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA