astekaria 2019/03/29
arrowItzuli

mundua

SUAD HESEN

«Iraultza honek aukera bat eman digu emakumeoi»

Sara Ainhoa de Ceano-Vivas Nuñez

«Iraultza honek aukera bat eman digu emakumeoi»

Xeikh Maksud auzoa Siriako Alepo hiriaren iparraldean dago. Duela 70 urte fundatu zuten, eta, biztanle gehienak kurduak dituen arren, arabiarrak, asiriarrak eta turkmenak ere badira bertan. Suad Hesen TEV-DEM Gizarte Demokratiko Baten Aldeko Mugimendua erakundeko presidentea da auzoan. 30 urte baino gehiago daramatza kurduen askapenerako mugimenduan militatzen, eta haren bizitzak auzoaren erresistentziaren berri ematen du. Kurdistango Afrin hirian jaio zen Suad, eta 40 urte daramatza Xeikh Maksuden bizitzen. 24 urterekin, ezkondua zelarik eta lau seme-alabaren ama, PKK Kurdistango Langileen Alderdia ezagutu zuen Silan Kobani militantearen bidez, zeina segada batean hil zuten urte batzuk geroago, Irakeko Mosul hiritik gertu. Kobaniri esker, Hesen ohartu zen bazuela herri bat, Kurdistan, eta herri hori zapaldua zegoela. Berehala ekin zion militante bizitzari, bere herriak Xeikh Maksud auzoan zertu duen erresistentziarekin bat.

Zer esan zizun zure familiak militantzia hasi zenuenean?

Inplikatu nintzen, baina makina bat zailtasun ekarri zizkidan horrek. Senarrak ahal bezainbeste oztopo jartzen zizkidan; tratu txarra ematen zidan, eta irainka aritzen zitzaidan. Etxean dena prest utzi behar nuen, akatsik gabe, arazorik eman ez ziezadan. Erdi bi eginik bizi izan nintzen urte askoan. Familiak ere hitz egiten zuen: «Ez zara gizon bat; emakume normala izan beharko zenuke. Hil egin beharko litzateke politikan dabilen emakumea. Zure senarra banintz, hilko zintuzket». Asko sufritu dut emakume kurdu gisa, baina emakume bat bere buruarengan sinetsita badago, tematu egiten da, eta praktikan jarri behar ditu bere sinesmenak. Seme-alabak alde izan nituen, eta asko ikasi nuen haiengandik. Nik eguna kanpoan ematen nuen, baina haiek aitari esaten zioten: «Ez, ama ez da atera». Oso azkarrak ziren, eta iraultzan hazi ziren; nik sentitzen dudana sentitzen zuten. Bazekiten noraino aritzen nintzen borrokan, baita haien aitarekin ere, eta bazekiten hark zer min ematen zidan.

Nola hasi zen iraultza Xeikh Maksuden?

Xeikh Maksudeko iraultzaren txinparta piztu zen gure burkide bat hil zutenean: Gule Selmo, emakumeen antolakundekoa. Oso emakume xumea zen, eskolatu gabea eta ezkondua, baina seme-alabarik gabea. Erregimenak 2012ko martxoaren 9an eraso zion Gule Selmori, eta martxoaren 12an hil zen, martiri. Milaka lagun joan ginen Gule Selmo ohoratzera eta haren gorpua jasotzera. Hilotz hura duintasunaren aldeko borrokaren sinbolo zen. Hilketa hark amorru handia piztu zuen, eta Xeikh Maksud garretan erre zen. Mendekatu genuen gure burkidearen hilketa; haurrak, emakumeak, zaharrak... Guztiek bat egin zuten kontrol postuak hartzen, eta auzoa askatu genuen. Horren ostean, arabiarrek eraso egin ziguten; estatua inplikatuta zegoen oldarraldi horietan. Gure martiriek Gule Selmoren alde egin zuten borroka. Oihuka jasotzen genituen martiriak: «Ez dugu auzotik alde egingo!». Orduan, emakumeak are gehiago antolatu ginen, eta Emakumeen Etxeak ireki genituen. Komunak eta kontseiluak ere antolatu genituen.

Zer esperientzia izan zenuen gerran eta auzoaren setioan?

2013an jihadistak iritsi ziren, laino beltz bat bezala. Xeikh Maksudeko biztanle gehienak Afringoak ziren, eta asko itzuli ziren. Alabak eta biok geratzea erabaki genuen: «YPJko [kurduen andrazkoen miliziako] emakumerik dagoen bitartean, gu ere geratuko gara». Eraso latza egin ziguten, eta guk, erantzun, baina presioak gora egin zuen, eta segituan etorri zen eskasia. Inguratuta geunden, jakirik gabe, ezer gabe. Etxeetako ateak hautsi genituen, eta zapatak ere erre genituen, defentsarako indarrek berotzeko modurik izan zezaten. Zaila izan zen oso, baina baita ederra ere, sentitzen baikenuen horixe zela iraultza. Sentitzen genuen iraultza gu aldatzen ari zela.

Zer baliabide zenituzten?

Medikuek abandonatu egin gintuzten. Herria sendatzeko atera zuten titulua, baina zoritxarra etorri zenean traizio egin zioten beren kausari. Hasi ziren zaurituak iristen, baina hil egiten ziren, ez baikeneukan botikarik, ez ebakuntzak egiteko modurik ere. Zaintzen genituen denon artean, baina ez genekien zer gehiago egin. Izugarrizko mina. Ikustea pertsona bat ausart borrokatu dena, zu babesten jardun dena, eta hil egin behar duena medikuak falta direlako... Xeikh Maksuden erdian hilobi ugari daude. Alepotik kanpo familiarik edo herririk ez zutenek bertan lurperatu zituzten seme-alabak. Goizeko ordu txikitan aritzen ginen: kideek gauez egin zuten zuloa, bonbardaketen azpian. Bonbak euria bezala erortzen ziren. Gu zain egoten ginen, gure martiriak plastikoz bilduta, goizean lur emateko.

Nola parte hartu zuten emakumeek Xeikh Maksudeko frontean?

2016ko martxoaren 16a egun lazgarria izan zen. Etsaiak oldar betean etorri ziren, Siriako Estatuarekin elkar hartuta, eta auzoa inguratu zuten. Gure seme-alabek bat egin zuten defentsarako indarrekin, eta zibilek ere armak hartu zituzten. Guztiok sentitu genuen defentsa geure erantzukizuna zela. Emakumeen lehen indar zibilak Gule Selmo batailoia izena zuen; 64 ziren guztira.

Zeri egin zioten aurre emakumeek?

Gerra odoltsua izan zen. Aditzen genituen «Ala Akbar!» [jainkoa handia da] aldarrika: «Zuen emakumeak harrapatuko ditugu. Zuen emazteak eta alabak halal dira guretzat» [xaria lege islamikoak ontzat jotzen dituen ekintzak dira halal]. Emakumeok erabaki bat hartu genuen berriz ere: frontera jo, eta borrokatu. Haietako batek Leyla zuen izena; senarra, semea eta alaba frontean zituen, eta heval-ekin [karamaradekin] hitz egitera joan zen: «Ez banauzue frontera eramaten bide ofizialetik, neronek aurkituko dut bidea. Ez zait axola hiltzea». Frankotiratzaile batek kolpatu zuen frontean. Haren semea ere Xeikh Maksuden borrokatu zen; gero, erori egin zen Afrinen.

Rengin Mezraa ere heval izan zen. Haur txikiak zituen, semea eta alaba. Senarrari esan zion: «Ez naiz gehiago geratuko hemen eserita. Zure haurrak dira, eta zaindu beharko dituzu; ni banoa». Frontera joan zen, eta, han, kideek esan zioten: «Heval, musu ematen dizugu eskuetan, baina arren, itzuli etxera. Samindu egiten gara zuek, haurrak dituzten emakumeak, borrokan ikusita». Mezraak erantzun zien: «Utz iezaguzue geure erabakiak hartzen! Baliteke gutako inor ez geratzea bizirik, baina ez diegu utziko Xeikh Maksud hartzen».

Familian ba al duzu emakumerik borroka armatuan jardun denik?

Nire alaba Ranya ere joan zen. Senarra galdua zuen, eta bi ume txiki zeuzkan. Esan zidan: «Ama, haurrak utziko dizkizut. Frontera noa». Esan nion: «Ranya, ezin naiz arduratu zure haurrez, badut lanik». Eta hark erantzun: «Badakizu zer gertatuko den ez banaiz joaten? Etsaia sartuko da, bortxatuko gaitu eta lepoa moztuko die nire haurrei. Hartua dut erabakia».

Zer lan zuten frontean borrokatu ez ziren emakumeek? Zer-nolako rola izan zuten?

Egunero, 150 emakumek janaria prestatzen zuten fronterako. Esaten zuten: «Gure seme-alabek ez dezatela goserik pasatu, izan dezatela janari garbia». Beraiek ez zuten jaten. Esaten zuten: «Berdin dio gu goseak bagaude, baina gure seme-alabek izan dezatela janaria». Asko bertan geratzen ziren lotan; berdin zion etxera ez bueltatzea.

Familia bati martiri bat hiltzen zitzaionean, familia hura ez zen bakarrik uzten doluan. Bonbak gorabehera, elkarrekin bisitatzen genituen. Ezin genuen utzi ama hura bakarrik senti zedin; jakin behar zuen elkarrekin gaudela saminean. Xeikh Maksudera bazoaz, ikusiko duzu familia guztietan dagoela gutxienez martiri bat.

Nolako harremana dute emakume kurduek eta emakume arabiarrek Alepon?

Errespetu handia diogu arabiar herriari, elkarrekin egin baitugu aurrera. Emakume arabiarrek parte hartzen dute, eta haiek ere presidente dira komunetan, kontseiluetan eta instituzioetan. Haiek ere borrokatzen dira beren askatasunaren alde. Haiek ere badituzte martiriak. Elkarrekin babestu genuen auzoa. Frontean, gurekin elkar harturik borrokatu ziren; oso indartsua da herrien arteko elkartasuna. Esaten dute: «Guztiok bat gara», «Gure kausa bat eta bera da», «Aska dezagun Siria elkarrekin». Badago Siria aske bat Xeikh Maksuden. Elkarrekin bizi gara ahots bakarrean eta samin bakarrean.

Zer deritzozu zure militante bizitzari? Zer ikasi duzu?

Borroka honetan 30 urte daramatzan emakume kurdu bat naiz, eta beti galdetzen diot neure buruari ea egiten eta ikasten dudana aski den gure buruzagiarentzat eta gure martirientzat. Iraultza honek aukera bat eman digu emakumeoi; agian ez da gauza bera gizonentzat. Emakumeentzat da, emakume kurduen egoera hobetzeko, Ekialde Hurbileko emakumeen egoera hobetzeko, erabat itota baitaude. Eta kurduok eman dugu lehen pausoa. Zailtasunek eta oztopoek ez gaituzte jada geldituko. Zeure buruarengan konfiantza badaukazu, edozer egin dezakezu. Emakumeek borondatea badute, ez dago arazo konponezinik.

Ospatzeko betarik gabe

BERRIAn argitaratua (2019/03/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA