iritzia
Egungo gerrak (V)
Garazi Arrula Ruiz
Zurrumurruei buruzko kantu bat bada 100% Oion diskoan. Periodiko honetan, Andrea Ruiz Balzola antropologoak zioen estereotipoak daudela zurrumurruen oinarrian: «Estereotipoen bitartez eraikitzen dugu gure ingurua. Ezin gara kaosean eta muturreko konplexutasunean bizi. Ordea, estereotipotik aurreiritzira pasatzen garenean, egoera aldatu egiten da. Emozio bat txertatzen diogu estereotipoari, eta horrek eraman gaitzake jokabide batzuk hartzera». Egiturazko arazo batez ari baikara, eta gurean kate oso baten emaitza baizik ez da ikusgarri. Hemen hasi eta hemen bukatzen den katea.
Orain jakin dugu EBk ez duela erreskaterako ontzirik bidaliko Mediterraneora, «behin-behinean». Ane Irazabalek esan izan du iheslarien drama kronifikazio egoeran dagoela, ez larrialdi egoeran: kezkatik ahanztura kronikorako bidean. Belaunaldi oso bat galtzen ari gara, eskolara joan ezinik baitaude harrapaturik milaka ume, familiak hautsirik, gizatasunaz gabeturik. XXI. mendeko mundu gerra da; hain zuzen, hileta-martxa eginen dute bihar Gasteizko kaleetan, itsasoan hil diren (hiltzen ari dira, oraintxe) migratzaileen oroimenez. Tarteko katebegi horiek.
Gaztelan, 1502. urtean, Errege-Erregina Katolikoen pragmatika argitaratu zen; horrek mudejarrak hautatzera behartzen zituen: bataioaren bidea hartu ala migrazioaren alde egin. Milurteko erdi pasatu den honetan, gauza batzuk zer gutxi aldatu diren. Orain beste bat da fedea, beste bat jainkoa, beste bat arrazoia. Aldiz, hautatzeko aukeraren ilusioak hutsaren hurrengo izaten segitzen du, baita migratzaileentzat ere.