kultura
Nitasunetik, kolektiboan sortu
Ainhoa Sarasola
Kolektiboaren izenaren eta liburuaren izenburuaren nondik norakoak azaldu ditu Ainara Azpiazu Axpi-k: «Tupust! izena aukeratu dugu onomatopeia batek duen indarra eta komikigintzan duten pisua aprobetxatu nahi genuelako». Eta bilduma plazaratzeko xedea ere zehaztu du: «Lan profesional bat egitea, euskaraz, eta genero ikuspegia zaintzen duena; hori izan dugu helburu hasieratik». Loinaz Lekuonaren ustez, «ikusita zein komikigintza eredu dagoen gure merkatuan, esan liteke liburuak estilo ezberdina eskaintzen duela, bai grafikoki, baita eduki aldetik ere».
Hogei sortzailek osatu dituzte liburuko hamalau komiki laburrak. Bakarka aritu dira zenbait ilustratzaile; idazle edo gidoilari batekin elkarlanean beste zenbait. Hitza erabili dute hainbatek; irudiz soilik osatutako lanak sortu dituzte beste hainbatek. Bi kolore nahastu dituzte zenbaitek; bakarra erabili dute beste hainbatek. Egile bakoitzaren hautuak izan dira horiek guztiak, Maite Gurrutxagak azaldu duenez: «Irudigileak libre izan du hori guztia. Nahi bazuen sortu zerbait berea, propioa, aukera hori bazuen, eta batzuek beren bizipenetara jo dute, edo beren barruko beharrak atera dituzte. Beste batzuek erabaki dugu idazle bati proposamena egitea eta elkarlan bat sortzea. Norberak erabakitzen zuen nola kudeatu bere kontakizuna». Libre aritu direla nabarmendu dute eta, hala, istorio eta estilo aniztasuna da nagusi liburuan.
Baina badira lan guztiak batzen dituzten elementuak ere. Hasteko, gaia bera, guztiek egin baitute gogoeta nitasunaren inguruan. Koloreak ere batasun bat ematen dio bildumari, bi kolore baino ez baitituzte erabili: gorria eta berdea. Azpiazuk azaldu du zergatia: «Proiektua forma hartzen hasi zenean, bagenekien komiki istorio laburrak izango zirela, baina ez genekien nola publikatuko genuen. Autoedizioa zen gure hasierako ideia, eta hori dela eta, bi tinta erabiltzeko hautua egin genuen, elkarren gainean jarrita beltza emango zutenak». Txalapartarekin plazaratzeko aukera sortu zitzaienean, hasierako hautuari eutsi zioten. Lekuonaren ustez, gaiak ez ezik, koloreak ere ematen die batasuna istorio guztiei, bildumari.
Maitane Gartziandiaren ustez, nahiz eta hasieratik hainbat kontu —gaia, kolorea, formatua...— zehaztuta egon, «nahiko prozesu irekia izan da». Azpiazuk eman dio segida gogoetari: «Hasieratik askatasun hori adieraztea zen asmoa; muga teknikoak jarri ditugu, baina norberaren espresioa ez mugatzeko saiakera bat izan da».
Liburua «gaur egungo komikigintzaren lagin bat da» Txalapartako editore Garazi Arrularen ustez, baita «askotariko teknika eta trazuen erakusle» ere. Komikia gero eta indar handiagoa hartzen ari den generoa dela iritzi dio, eta bildumak «gaur egun zer egiten den eta zer egin daitekeen» erakusten duela, baita «zelako potentzialitatea dagoen Euskal Herrian» ere. Tupust kolektiboarena proiektu interesgarria eta «anbiziotsua» dela ere adierazi du editoreak, eta egitasmo kolektibo oro bezala, konplexua izan dela, baina baita «oso aberasgarria» ere. Bilduma osatzeko ariketa kolektibo horren garrantzia nabarmendu du. «Ni-aren inguruan gogoeta egin dute, eta ni-a marrazteko eta irudikatzeko modu kolektiboa hautatu dute».
Kolektiboaren babesean
Donostian, 2016. urtean sortu zen Tupust kolektiboa. Liburuko azken orrialdean jaso dituzte kolektiboaren helburu nagusiak, hala nola «komikia eta feminismoa uztartzea», zalantzak partekatu nahiz proiektu berriak abiatzeko sortzaileen arteko sare bat osatzea, eta beren intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta bestelakoak antolatzea eta sustatzea. Liburua du lehen lana kolektiboak, eta prozesuaren inguruan ere mintzatu dira kideak aurkezpenean. Gurrutxaga: «Asmoa zen erakustea kalitatezko lan bat egiteko gai den emakume ugari dagoela Euskal Herrian. Hori zen asmoa, proposamen berriak egiteko gogoa duen jendea bazegoela erakustea». Lekuonak zehaztu duenez, elkarlanean sortzetik harago doa taldearen asmoa. «Kolektiboaren helburua ez da bakarrik ekoizpen artistiko bat egitea, baizik eta baita ere gure artean babes bat egotea, saretzea, gune goxo bat lortzea, eta ez bakarrik liburuak argitaratzeko. Azkenean, ilustrazioa, komikigintza, artisten mundua nahiko indibiduala izaten da askotan».
Azpiazuren hitzetan, «prozesu nahiko luzea» izan da liburua plazaratzekoa. «Hasieran elkartu ginenean ez zuen forma konkreturik, baina bileraz bilera joan gara galbahea pasatzen eta definitzen bai kolektiboa zer den eta bai nolako lana egin nahi genuen». Liburua elkarrekin biltzeko eta beren gogoetak partekatzeko aukera bat izan dela uste du Gurrutxagak, eta oso aberasgarria izan dela denentzat, guztiek ikasi dutelako asko. «Polita izan da; momentu batzuetan nekatu ere egin gara, baina elkartu eta bilera egin dugunetan berriz ere pilak kargatzea lortu dugu beti. Elkar ikusi, aurpegira hitz egin... Elkartu eta berriro ere dena gorantz abiatzen zen». Bide beretik jarraitu nahi dute orain, elkarren babesean.
Egileek Donostiako Komikigunean aurkeztu dute lana. Haren osagarri, erakusketa txiki bat ere jarri dute hormetako batetik zintzilik. Liburuan parte hartu duen egile bakoitzak bere lanaren «lagin bat» jarri du. Irudiok ostirala bitarte egongo dira Komikigunean, eta ondoren Tabakaleran dagoen Tobacco Days liburu dendara eramango dituzte, han aurkeztuko baitute komiki bilduma, ostiralean bertan, 19:00etan.