astekaria 2019/03/29
arrowItzuli

kirola

Hazten jarraitzeko borrokan

Ainara Arratibel Gascon

Hazten jarraitzeko borrokan

Lanetik 18:30ean atera, eta Donostiako izotz jauregira joaten da Rosa Zubeldia, Txuri Urdineko presidentea. Bederatzi urte daramatza karguan, eta «lan handia» dela onartu du. «Egun batzuetan hamaikak arte egoten naiz bertan, gustatzen zaidalako jokalariekin, entrenatzaileekin eta gurasoekin hitz egitea, eguneko kudeaketa lanaz gain». Egitekoak ez zaizkio falta kluba izaten ari den hazkundeari eusteko: babesleak topatzea eta izotz jauregiaren egoera hobetzea, besteak beste. Hori lortzeko bermerik onenak bi direla uste du: «Kirol emaitzak eta harrobiko lana».

Kirol emaitzei erreparatuta, sasoi biribila izaten ari da Txuri Urdinentzat. Izotz hockeyan, gizonezkoen talde nagusia Espainiako Ligako txapeldun izan da hirugarrenez jarraian; emakumezkoena, berriz, txapeldunorde izan da. Curlingean, halaber, titulua irabazi dute bi mailatan; gainera, 80 patinatzaile artistiko dituzte. Horri harrobiko taldeen lorpenak gehitu behar zaizkio.

Txuri Urdinen ikurra izotz hockeyko taldeak izan dira sorreratik. Hain zuzen ere, onartu du denboraldiko «ezustea» emakumezkoen talde nagusiak eman duela: «Denbora gutxi darama taldeak, eta egin dutenak meritu handia du. Aurreko sasoian Espainiako Koparako sailkatu eta gero, gure erronka kanporaketetarako sailkatzea zen. Baina balentria handia izan zen finalerdietan Gasteizko Sumendi kanpoan uztea, han bi lehiak irabazita».

Ez zuten espero horren bizkor emaitzak lortzea. «Gero eta neska gehiago ditugu klubean, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun maila nagusian talde bat izatea, harrobiko jokalariek erreferenteak izateko eta neskato gehiago erakartzeko hockeyra. Apustua oso ondo atera da, eta ospea ematen dio taldeari». Onartu du «oso hunkigarria» izan zela Majadahondaren kontrako partidan izotz jauregia beteta ikustea. Apiril hasieran Espainiako Kopako erronka dute, eta, Lauko Finala etxean jokatuta, «ilusio handia» dute.

Gizonezkoek asteburu honetan jokatuko dute Espainiako Kopa, Jakan (Espainia). Finalerdietan, Bartzelona izango dute aurkari. Aurreko sasoian liga eta kopa irabazi zituzten, eta errepikatu egin nahi dute. «Asmo horrekin joango da taldea, baina kopa txapelketa berezia da, eta beti egoten dira ezustekoak». Onartu du «erronka zaila» dela. «Puigcerdaren kontrako ligako finala oso gogorra izan zen, eta Majadahondak eta Bartzelonak, adibidez, Kopa prestatzeko denbora gehiago izan dute». Nabarmendu du «balentria handia» izan dela hirugarrenez erreskadan liga irabaztea. «Aurreko sasoikoa baino gogorragoa izan da, orduan ez baikenuen laugarren eta bosgarren partidarik behar izan».

Gainera, denboraldi hasieran aldaketa asko izan ziren taldean. «Irabazteko gakoa, kontu tekniko eta taktikoetatik harago, jokalarien artean izandako giro ona izan da. Horrek, hain final gogor batean, batuta egoten eta sufritzen jakiten lagundu die». Horretan «erabakigarria» izan da, Zubeldiaren arabera, taldean denbora gehien daramaten jokalarien lana. «Harrobitik irten dira gehienak. Oso barneratuta dituzte klubaren balioak, eta ederki helarazi dituzte».

Babesleak eta pista

Jokalariek oraindik badute nahikoa egiteko pistan denboraldi honetan; bulegoetan, berriz, hasi dira hurrengo sasoian pentsatzen. Kirol arloan datozen asteetan hasiko dira erabakiak hartzen. «Jokalariekin eta entrenatzaileekin hitz eginez joango gara. Baina oraingoz nahiago dugu denboraldia amaitu». Bi irizpide argi dituzte, dena den: «Maila nagusiko bi taldeen bizkarrezurrari eustea da gure lehentasuna, eta harrobiko jokalarien alde egiten segitzea». Dena den, jokalariren batek jada esan die datorren ikasturtean kanpora joateko asmoa duela ikastera: «Guretzat hori funtsezkoa da, eta beti esaten diegu lehentasuna ikasketak direla, hockeya ez baita profesionala».

Babesle eta diru iturri berriak lortzeko lanean ere murgilduta daude. «Lan handia egin behar dugu, gureak ez baitu bestelako kirol batzuek adina ikusgarritasun. Gure buruhauste nagusia da». Argi esan du: «Balio bera ematen diegu 300 euro ematen digun babesle bati eta 50.000 ematen dizkigunari. Gainera, badira beste modu batera laguntzen diguten babesleak».

Urtero babeslez aldatzen ibiltzeak «buruhausteak» eragiten dizkiela onartu du. «Gogorrena da, ate asko jo behar dituzulako. Nahiko genuke urte batzuetarako babesle bat lotu, baina zaila da, Gipuzkoa oso txikia baita, eta goi mailan dauden talde asko baitaude». Horri lotuta, nabarmendu du harrobiaren alde egin nahi duen babesle batek begira diezaiela haiei. «10 urtez azpitik hasita, bi talde ditugu maila guztietan».

Dena den, babeslerik onena klubean dauden gaztetxoen gurasoak direla dio. «Haiek pagatzen dituzte seme-alaben ekipamendua, kuota... Haietako asko hain daude lotuta klubari, babesleak lortzen ere laguntzen baitigute».

Bestalde, izotz jauregia txiki geratu zaie, eta oso adi daude Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak kirol azpiegituren inguruan har ditzaketen erabakien inguruan. «Gurea kasu berezia da, izotza dagoelako tartean, eta jende arruntak ere erabil dezakeelako. Hori dela eta, oso ordutegi estuak ditugu entrenatzeko eta jokatzeko». Bi adibide adierazgarri jarri ditu. «Taldeek kalean egin behar dute prestakuntza fisikoa, ez baitugu gimnasiorik. Bestalde, neskak 23:00etan entrenatzen dira, eta gauerdian amaitu. Ez dago ordu gehiagorik».

Illunbe berritzea edo erabilera anitzeko pabiloi bat egitea da gehien entzun diren proposamenak. «Izotzaren alde egingo balitz, gu prest geundeke edozer proposamen aztertzeko. AEBetan, besteak beste, saskibaloi kantxa asko izotz hockeyrako pista bihurtzen dituzte».

BERRIAn argitaratua (2019/03/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA