bizigiro
Gezurrak ez du beti hanka motza
Urtzi Urkizu
Azkeneko hamarkadetan, izan dira tankerako iruzurgileak: Janet Cooke Washington Post-eko kazetaria —1980an, Pulitzer saria itzuli behar izan zuen—, Jayson Blair The New York Times-ekoa, Stephen Glass The New Republic aldizkarikoa —haren istorioa Shattered Glass filmean (2003) kontatu zuten—... Albiste faltsuen garaian, hedabide handi batzuetan gero eta gehiago inbertitzen dute egiaztatze taldeetan. Baina, adituek diotenez, gezurra antzematea askotan ez da erraza izaten.
Relotiusen iruzurra ikerketa kazetaritza klasikoa eginda deskubritu zela azaldu du Sergio Ludtkek, Brasilgo Comprova proiektuko zuzendariak —24 komunikabide elkartu dira Hego Amerikako herrialde horretan, «eduki susmagarriak egiaztatzeko»—. «Kazetari batek [Moreno] susmoak zituen, iturrien atzetik joan zen, eta istorioa birsortu zuenean ikusi zuen Relotius asmakizunetan ari zela». Oscar Coromina Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearen iritziz, Relotiusen kasuak agerian utzi du fact-checking errutinek —datuen eta gertaeren egiaztatze lanak— eraginkortasun txikia dutela sarri. «Askotan, kazetariaren prestigioa eta ospea nahikoak izaten dira errutina horiek gainditzeko», gaineratu du.
Ludtkek nabarmendu duenez, komunikabide handiek bi egiaztatze modu erabiltzen dituzte: fact-checking-a, bereziki diskurtso ofizialen datuak eta gertaerak egiaztatzeko. Eta, bestetik, social debunking deiturikoa. «Kasu horretan, iturri ez-ofizialetatik sare sozialetan zabaltzen diren edukiak egiaztatzen dituzte. Bigarren egiaztatze modu hori zailagoa da; monitorizatzeko pauso bat eman behar da, eta informazio susmagarrietan gaiak, profilak eta orrialdeak begiratu behar dira». Bai batean eta bai bestean kazetaritza ikerketa egitea funtsezkoa dela uste du Comprovako arduradunak.
The New Yorker aldizkarian hemezortzi lagunek egiten dute lan fact-checking-a egiten. Horietako bat Camila Osorio kazetaria da. «Editoreen eta kazetarien artikuluen zirriborroekin egiten dugu lan. Prozesua hasten denean, normalean kazetariak elkarrizketatutako iturriekin harremanetan jartzen gara; erabilitako agiri eta testuak berrikusten ditugu, eta gaiari lotutako beste iturri eta testu batzuekin alderatzen ditugu. Artikuluen egileei aldaketak azaltzen zaizkie, eta argitaratu aurretik editoreak sartzen ditu». Osoriok gaineratu du prozesua gaiaren arabera aldatu daitekeela, eta sailean hizkuntza ugari dakizkitela. «Hori erabilgarria da nazioarteko informazioak aztertzeko». Aldizkariaren webgunean beste lau lagunek egiten dute lan fact-cheker gisa.
Bego Zalbideak deontologia eskolak ematen ditu EHUko Kazetaritza Fakultatean, eta, haren ustez, gertaerak egiaztatzea kazetaritzaren «funtsezko oinarria» da. «Gertatzen denaren eta horren ondorioen egia kontatzeko orduan, kazetariak obligazioa du kontrastatzeko eta egiaztatzeko, albistea argitaratu aurretik. Egiaztatze lanak zerbait berritzat jotzen dira gaur egun, baina abandonatuta utzitako praktika bat berreskuratzea besterik ez da». Zalbidearen ustez, urteetan gizarteari «bizkarra emanda» egin dute kazetaritza hedabide askok, «boterearen mesedetan, pluraltasuna eta konpetentzia teoria huts bihurtuz».
Relotiusen eta beste iruzurgile batzuen kasuak eragoztea ez da kontu erraza, EHUko irakaslearen aburuz. «Izan ere, beti egon dira eta egongo dira kode deontologikoek esaten dutenetik aparte jokatuko duten pertsonak. Ez da ahaztu behar oinarri deontologikoak betetzea edo ez betetzea kazetari bakoitzaren konpromisoaren parte dela».
Nazioarteko proiektuak
Corominak kazetariaren ospeari egin dio erreferentzia, eta Zalbideak ere ohartarazi du ospeak «immunizatu» egiten duela: «Inork ez baitu izarra osagai kutsatu edo foku kutsatzailetzat jotzen. Halakoetan, berdin du komunikabide batean zenbat egiaztatzaile dauden, inork ez baitu susmorik izaten imitatu nahi den kazetariarekin». Alarma pizten duen ahotsak, bestalde, ez du zertan hedabidean bertan egon, eta Internetek ematen dituen tresnekin milaka kilometrora egon daiteke.
Relotiusen kasuak argia ikusi zuenean, El País egunkariak argitaratu zuen Der Spiegel aldizkariak 60 laguneko taldea duela egiaztatze lanetarako. Coromina ez da fio: «Oso harrigarria iruditzen zait hori, sinesteko oso zaila. Agian modu bat izango da esateko erredakzioan kazetari guztiek egiaztatu eta kontrastatu behar dituztela argitaratutako informazioak». Ludtkek aitortu duenez, komunikabide gehienentzat tabua izaten da egiaztatze lanaren berri ematea. «Imajinatzen dut Der Spiegel-en txekeatze sistemaren bat izango dutela. Baina, hala ere, oso zaila da une oro egiaztatzen ibiltzea iturri batek kazetari bati esan diona benetan hala den. Are gehiago, kazetariak gehienetan konfiantzazko harreman bat du iturriarekin, eta konfiantza horrek segurtasuna ekartzen du».
Ludtkek martxan dagoen proiektu bat aipatu du: IFCN International Fast-Checking Network taldea. Poynter Institutuaren unitate bat da; 2015ean sortu zuten, eta nazioartean gertaerak egiaztatzen aritzen da. Egiten duen lana sinesgarritzat jo du Comprovako kazetariak: «IFCNk rol garrantzitsua du estandarrak eta praktika onak sortzeko orduan. Aldi berean, funtsezkoa da haren ereduei jarraitzen dieten erakundeek lan hori baliagarritzat jotzea. Halako estandarrek kazetaritzaren gardentasunean laguntzen dute». Zalbidearen ustez, praktika onak sustatu dezaketen proiektuak ongi etorriak dira: «Ahalegina nazioartekoa baldin bada, are hobeto». IFCNk 50 kide ditu, eta EHUko irakasleari iruditzen zaio ahalegina ez dela nahikoa. «Nola indartu ikusi behar da. Izan ere, lan horren eraginkortasuna ez bada benetakoa, zaurietan lotailuak jartzen baino ez dira arituko».
Corominak testuinguruan jarri du albiste faltsuen fenomenoa. «Gaizkia ez dator derrigor Interneteko plataformetatik. Kontua da erabiltzaileek joera dutela ahaidetasunen bat sentitzen dutenei jarraitzeko eta pareko ideologia dutenen informazioak sinesteko. Plataformen algoritmoak, gainera, diseinatuta daude profil bakoitzarekin ondo ezkontzen diren edukiak erakusteko». Komunikazioaren munduan dauden defizitak ere plazaratu ditu: «Aipatutako guztiari gaineratu behar zaio sistemaren krisia, non alderdi politikoek eta komunikabideek sinesgarritasuna eta autoritatea galdu duten. Oso larria da hedabideek botere politiko eta ekonomikoarekiko independentzia galdu izana».
Brasilen testuinguru hori guztia hartu zuten aintzat Comprova proiektua sortzeko. «24 komunikabideren koalizio bat osatu genuen, sare sozialetan eta mezularitza aplikazioetan zabaldutako eduki susmagarriak egiaztatzeko», azaldu du Ludtkek. Proiektuaren bigarren parteari ekingo diote orain. «Jair Bolsonaroren gobernuaren politika publikoak monitorizatuko ditugu, eta horretan apirilean hasiko gara lanean. Egin izan ditugun aurkikuntzek erakusten dute egiaztatze lana funtsezkoa dela informazio eremu osasungarri bat izateko». Edonola ere, Ludtkek uste du estatuak, gizarteak berak eta Interneteko plataformek aktiboki egin behar dutela lan informazio eremuaren depurazio prozesuan.
Comprovako babesleen artean Google eta Facebook egon ziren. Corominaren iritziz, erraldoi horiek «berandu» erreakzionatu dute, baina «aurrerapen nabarmenak» egiten ari dira factchecking prozesuetan. «Taldeak sortu dituzte albiste faltsuen zabalpena salatzeko, eta algoritmoak ere hobetu dituzte eduki faltsuak antzemateko. Edonola ere, ez dira nahikoa egiten ari, eta haien kezka da iragarleek espazio ziur bat izatea». Zalbideak zalantzak dauzka: «Kontua da ezerk ez duela arriskuan jarriko enpresa erraldoi horien negozioa, ekonomikoa eta politikoa». Ludtkek honela ohartarazi du: «Egiten ari direna oraindik gutxi da, desinformazioa oso erraz zabaltzen baita haien plataformen bitartez».