astekaria 2019/03/29
arrowItzuli

kultura

JULIO SOTO

«Poztu nau loturetatik libre kantatzeko aldartea aurkitzeak»

Ainhoa Larretxea Agirre

«Poztu nau loturetatik libre kantatzeko aldartea aurkitzeak»

Bortzgarren txapela irabazi berritan, pozik eta lasai dago Julio Soto (Gorriti, Nafarroa, 1987). Ahotsa pixka bat urratua izanagatik, batetik bestera dabil prentsari elkarrizketak ematen; alta, horiek ere ahalik eta gehien disfrutatzen ari da. Txapelketa «xelebrea» egin ondotik, pozik dago finalean loturarik gabe kantatzea lortu zuelako, libre.

Nola sumatu zenuen zeure burua finalean? Zer gorputzaldirekin joan zinen?

Gorputzaldi ona sumatu nuen. Egia da aurretik bertsolariak urduritasuna, duda eta tentsioa sumatzen dituela barruan, baina oholtzaratu bezain pronto eta agurra kantatuta nahiko bakean sentitu nintzen. Bertsoak sortzeko orduan nahiko argi sumatzen nuen burua; bertsoa momentu askotan nahi nuen bideetatik eramaten, ez beti. Aldarte onean harrapatu ninduen finalak.

Egun batzuk pasatuta, zer sentsaziorekin gelditu zara finaletik?

Hau izan da beharbada finala gehien sentitu dudan eguna, presenteen egon naizena oholtzan. Bertsoa sortzen, aulkian nengoenean kideak entzuten; han nengoen. Nire pozik handiena horixe da. Askotan, urduritasunak eramaten zaitu beste mundu batzuetara, eta askotan finala bukatzen duzu eta ez zara han egon, ez duzu bertsorik sortu nahi zenuen bezala. Lehengoan beste aldea tokatu zitzaidan; oso presente bizi izan nuen finala eta finalak eskatzen zuen ariketa.

Nolako saioa atera zela uste duzu?

Oholtzatik, esango nuke final ona atera zela. Final askotan gertatzen da norbait bidean erortzea, eta uste dut lehengoan ez zela inor erori. Denok eman genuen gure onena momenturen batean ez bada bestean.

Nola jaso duzu txapela?

Poz-pozik. Ez txapela, baizik eta larunbatean bizi izan nuena. Gogoan neukan oholtzan argi eta lasai kantatzeko, batez ere Euskal Herriko txapelketatik nentorrelako eta nahiko txapelketa kaotikoa izan zelako niretzat. Ez nuen asko disfrutatu ez txapelketa ez bertso sorkuntza, eta nahiko lotuta kantatu nuen momentu batzuetan. Faktore askok eragin zuten nik txapelketa nahiko zapore gaziarekin bukatu izana. Oso pozik jaso dut larunbatean loturetatik libre kantatzeko aldartea aurkitu izana. Hori da larunbatetik gelditu zaidan pozik handiena.

Bizitzaren ederrari eskaini diozu txapela. Hautu kontzientea izan da?

Bai, batik bat Nafarroako azken txapelketak, biak, eta zer esanik ez nire azken urteetako bizitza, oso loturik egon dira nire anaiaren heriotzarekin eta heriotza horrek sortu digun ilunarekin. Baina denbora aurrera joan ahala —eta denbora behar izan dudan arren, behar izan dugun arren etxean dolua igarotzeko—, irakaspen handiak eta oso ederrak atera ditugu zoritxar batetik.

Zer irakaspen atera duzu?

Gure anaiaren istripua gertatu aurretik ginen baino pertsona askoz aberatsagoak garela esango nuke; gure min horrekin, noski, baina irakaspen oso ederrak atera ditugu. Eta irakaspen horietako bat hori izan da: bizitzea gauza ederra dela. Ez dut esan nahi beti dela poza, baina mina ere izan daiteke ederra, eta mina tokatzen denean mina sentitu behar da, eta min horretatik irakaspen bat atera. Eta gertatzen zaizun hori guztia irakaspen gisa hartzen saiatu, nahiz eta batzuetan denbora behar duzun horretarako. Xalbadorrek esaten zuen argiak ez duela inon egiten distira ilunetan bezain eder. Nik ere denbora behar izan dut, baina orain datorkidan argitasun hau oso argia eta oso ederra da. Jendeari eta neure buruari mezu hori eman nahi nion. Oholtza horretan kantatu nahi nuen ederra dela bizitzea, eta mezu positibo batekin bukatu.

Nola moldatu zineten zortzikote gisara?

Finala ona ateratzeko edo bertsotan ongi egiteko baldintza derrigorrezkoa hori da: bertsokidea adiskide sentitzea. Txapelketetan, batzuetan, hori ahazten zaigu. Lehia sartzen da, batzuetan sartzen zaigu zainetan, eta gertatzen da ondokoa, kide baino gehiago, aurkari potentzial gisa ikustea, baina hori oker bat da bertsotan egiteko eta saio on bat ateratzeko. Lehengoan kontrakoa pasatu zen: talde bat ginen. Lagun asko geunden oholtzan. Nik uste dut nabaritu zela gure artean benetako laguntasuna eta elkarrekin ongi egin nahia.

Oholtzatik nabaritzen zenuten publikoa gozatzen ari zela?

Bai, hori segituan nabaritzen da. Oholtzara igo ginen bezain pronto sintoniarekin. Ez dut sekula esan, baina Nafarroan gaur egun duguna niri pertsonalki asko gustatzen zait. Musika horrekin Anaitasunara sartu ginenean oso bero zegoen, oso beteta ikusten zen. Bertsotan egiten asko laguntzen du horrek. Nabaritu genuen bertso on bat egitean jendeak erantzun egiten zuela.

Orain bi urte bezala, berriz ere Eneko Lazkozekin pasatu zinen buruz burukora.

Kristoren poza eman zidan hori Enekorekin konpartitzeak. Beste edozein izan banu ondoan edo ni izan ez banintz ere, ederra izango zatekeen. Enekorekin, beste batzuekin bezala, harreman oso ona daukat aspaldidanik. Berezia izan zen.

Unerik hunkigarriena beharbada Joxema Leitza oholtzara igo zenekoa izan zen. Nolakoa izan zen haren eskutik txapela hartzea?

Egia esan, izugarri hunkitu ninduen txapela Joxemak jartzean, Nafarroako bertsogintzan zutabeetako bat izan baita. Nafarroako bertsogintzatxo hau gertutik ezagutu ez duenak ezin du kalkulatu zenbat eman dion, eta, batik bat, zenbat eman digun bertsolari gazteoi. Joxemak asko eman dit, hasieratik. Beti goxo, beti laguntzen, zer esanik ez Enekori. Eneko oholtza horretan egon izanaren motiboetako bat da. Asko hunkitu ninduen elkarri eman genion besarkadak eta Joxemari egin zitzaion omenaldi horrek; oholtza batean izan dudan momenturik hunkigarrienetako bat izan da hori.

Agurrean esan zenuen diskurtsoetan zerbait berria ekartzeko gogoa zenuela; saioan nabaritu zen ahalegin hori.

Nik uste dut bertsogintza momentu oso interesgarri batean dagoela. Mundu osoan iraultza feministak ekarri duen aldaketa honek munduaren zimendu hauek dardarka jarri ditu pixka bat. Bertsogintzan ere dar-dar handiak eragin ditu azkeneko urteetan emakume bertsolariak egiten ari diren lanketak ekarritako kolore berriak. Horrek opari bat egin digu gizon bertsolarioi.

Zein da opari hori?

Guk ere geure burua landu behar dugula, lanketa feminista bat egin behar dugula gizon bertsolariok. Geure burua ispilu aurrean jarri behar dugula, aztertu, gure maskulinitatea errepasatu. Norberak ikusi beharko du zer egin, irakurketa horretan zer ondorio ateratzen duen. Nik uste dut nabarmen xamar dagoela gizon bertsolariok ere pauso bat eman behar dugula aurrera: guk ere ardurak hartu eta lanketa bat egin beharra daukagula. Lanketa horren ondorio izango da diskurtsoan ere ikuspuntu berri batzuk agertuko direla; jakina, bakoitzak dauzka bere ikuspuntua eta mundua ikusteko begiratua. Bertsolari bakoitza da bere horretan bakana eta berezia. Ni gogo horrekin harrapatu nau txapelketak. Uste dut mugimendu feministak opari bat egin digula, eta behartu gaituela zorionez lanketa hori egitera, bestela egingo ez genukeena.

Zergatik?

Gizon bertsolariok ere posizio oso eroso batean geundelako. Diskurtsiboki ere, uste dut lanketa egiten goazela eta entzungo direla gauza berriak; eta uste dut finalean, oro har, entzun zirela, nahiz eta zortzi gizon egon oholtzan eta hori gabezia baten seinale izan.

Gabezia hitza aipatu duzu. Agurrean berean aipatu zenuen zortzi gizon oholtzaratuta gabezia bat igartzen dela.

Alde batetik, gabezia hori hain nabarmena izatea eta han gaudenok ere hainbertzeko azpimarra egitea seinale ona da. Seinale da ez dela normalena hori Euskal Herriko oholtzetan, eta jada ez dela normala larunbateko irudi hori; aldi berean, normala da gertatu zelako. Nik uste dut ematen ari direla pauso izugarriak, baina larunbatekoak erakusten du oraindik ez gaudela uste dugun bezain oparo alde horretatik, eta lan handia falta zaigula bertso eskoletan kantuan ari diren emakume bertsolari horiei bidea egiten laguntzeko eta larunbateko irudi hori anizteko. Egia da finaleko ateetan egon direla emakumezko bertsolariak eta Euskal Herrian gauzak ez direla larunbatean ikusi zirena bezain gordinak. Baina egia da gordintasun hori ere badela.

Emakumerik ez, baina gazteak iritsi dira finalera. Nola ikusi dituzu finalean eta, oro har, txapelketan?

Bi gazte sartu izanak, bi gazte bertsotan asko egiten dutenak eta izugarri egingo dutenak, kristoren arnasa eman dio Nafarroako bertsogintzari. Azpimarratu nahi nuke finalera sartu ez diren bertze bertsolari gazte batzuek ere pauso bat eman dutela aurrera, eta ematen segituko dutela, lan egiteko gogoz daudela. Xabat eta Joanes Illarregi, beste batzuekin batera, Nafarroan aro baten parte izango dira hurrengo urteetan. Garai baten parte eta erreferente izango direla uste dut.

Nafarroako bertsolaritza loraldian dago?

Nafarroako bertsogintza urtez urte, txapelketaz txapelketa, ari da salto kualitatibo bat ematen. Uste dut gero eta lan handiagoa egiten ari dela bertsolarion partetik ere jauzi hori emateko. Ikusi besterik ez dago larunbatean zenbat bertso eder asko entzun ziren. Zer hobetu eta zer edertu asko dugu, baina iruditzen zait Nafarroan pixkanaka jauzi bat ematen ari garela. Uste dut hurrengo urteetan gauza eder asko entzungo direla.

Bukatu da aurtengo txapelketa; hemendik aitzinera, zer?

Asteburuetako martxan jarraitzea. Gogoz nago kantatzeko eta lanean segitzeko. Gogo horretatik segitu nahiko nuke bertsotan. Gogoa badut, eta aukera dudan saioetan kantatzen eta neure burua lantzen segituko dut.

BERRIAn argitaratua (2019/03/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA