astekaria 2019/03/29
arrowItzuli

politika

Motxila «gogoz eta indarrez» beteta Altsasun, aurrera egiten jarraitzeko

Gotzon Hermosilla

Motxila «gogoz eta indarrez» beteta Altsasun, aurrera egiten jarraitzeko

Aurreikustekoa zen handia izango zela, eta handia izan da. Baina joan den igandean Altsasun (Nafarroa) egindako mobilizazioak marka guztiak gainditu ditu. 60.000 lagun, antolatzaileek egindako neurketen arabera; ehun autobus baino gehiago, horietako asko Euskal Herritik kanpo antolatutakoak; manifestazioaren helburuekin bat egin duten 55 udalerri inguru; hamar kilometroko auto ilarak Altsasura iristeko; Altsasuko hiru sarrerak, kolapsaturik, eta inguruetan ezin aparkatu —egon zen autoa Bakaikun (Nafarroa) utzi eta Altsasuraino dauden hamar kilometroak oinez egin zituenik— eta abar. Indar hori guztia «motxilan» kargatu eta aurrera egiteko baliatuko dutela esan dute antolatzaileek.

«Eskertuta» eta «hunkituta» dira Altsasukoak Aske plataformako Aritz Leozek gehien errepikatzen dituen hitzak, zigortutako zortzi gazteen aldeko mobilizazioa gogora ekartzean: «Manifestazioak lortu zuen neurria, jendearen gertutasuna, berotasuna, benetan edonor hunkitzeko modukoak izan ziren. Oso eskertuta sentitzen gara».

Helburua «bete» zutelakoan dago Leoz: «Helburua zen berriro ere ikusaraztea jendea justizia eta askatasunen alde dagoela, eta hori lortu da: gizarte oso bat dago, epai honen kontra ez ezik, azken bolada honetan pairatzen ari garen eskubide murrizketen kontra ere». Bereziki, altsasuarren erantzuna nabarmendu du Leozek: «Herri osoa astebetez lanean ikustea ikaragarria izan da», esan du. Horren adierazgarri, datu bat: antolatzaileek kalkulatu zuten 150 lagun beharko zituztela lanean aritzeko, dena ondo irten zedin. Ikusita altsasuar askok bere burua eskaintzen zuela laguntzeko, kopuru hori 250era igo zuten. «Azkenean, 300 lagun agertu ziren igandean, lan egiteko prest».

Manifestazioan jasotako babesa «aurrera egiten jarraitzeko» erabiliko dute Altsasukoak Aske plataformakoek: «Jendeak argi izan dezala; motxila gogoz eta indarrez betetzeko balioko digu igandekoak. Gu ez gaude hemen urte baterako edo bi urterako, justizia egin arte baizik».

Espainiako Auzitegi Nazionalaren azken ebazpenaren aurrean, Auzitegi Gorenera jotzeko aukera badago, baina bide horrek luze joko du —urtebete gutxienez, plataforman kalkulatzen dutenez—. Bitartean, zigortutako zortzi gazteen auzia «nazioartera» eramaten jarraituko dute, eta mobilizazioa ere ez dute bazter utziko.

Parlamentuan ere bai

Manifestazioaren arrakastaren oihartzunak Nafarroako Parlamentura ere iritsi dira, eta han talde politiko guztiek eman dute horren inguruko iritzia. Aldaketaren aldeko indarrek herritarren jokabide «eredugarria» nabarmendu dute, eta «justizia» eskatu dute espetxeratuentzat. UPNk, PPk eta PSNk, berriz, kritikatu egin dute Nafarroako Gobernuak ordezkaritza bidali izana manifestaziora.

Geroa Baiko Koldo Martinezek esan du Altsasun «justizia eta neurritasuna» baino ez zutela eskatu, eta Altsasuko herritarren jokabidea «eredugarria» izan dela, «probokatzera joan diren buruzagi politikoena ez bezala». EH Bilduko Adolfo Araizen aburuz, «elkartasun olatua» gero eta handiagoa da, eta espetxeratuei ezarritako zigorra, «astakeria juridiko eta politikoa». Ahal Dugu-Orain Baiko eledun Laura Perezek, berriz, esan du Altsasuko kaleak «duintasunez eta elkartasunez» bete zirela.

UPNren Javier Esparzak, aldiz, salatu du Nafarroako Gobernuak «erasotzaileen alde» egin duela «erasoa pairatutakoak» defendatu beharrean. Antzeko argudioak erabili ditu PPko Javier Garciak, eta PSNko Maria Txibitek esan du «errespetatu» egiten duela herritarren manifestazio eskubidea, baina ez zaio gustatu gobernuaren bozeramaileak manifestazioan parte hartu izana.

BERRIAn argitaratua (2019/03/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA