politika
Gazte Topagunea egingo dute Ernaik eta Aitzinak, «indarrak biltzeko»
Maider Galardi F. Agirre
«Proiektu politiko berak elkartzen gaitu, eta Gazte Topagunea bera gure helburuak betetzeko beste urrats bat dela ulertzen dugu», adierazi du Servierrek. Horregatik, antolatzaileek nahi dute egun Euskal Herrian «irekita dauden eztabaiden topaleku» izatea Gazte Topagunea. Formakuntza politikorako tartea izango da hiru egunetan 50 mahai ingurutik gora antolatu dituzte, eta, besteak beste, hizketagai izango dituzte burujabetza, feminismoa, herri eredua, prozesu independentista eta langile borroka.
Gainera, Aitzinako bozeramaileak jakinarazi du internazionalismoari garrantzi berezia emango diotela aurten: «Hainbat herrialdetako delegazioak etorriko dira beren esperientzien berri ematera». Besteak beste, Venezuelako gobernuko kide Blanca Eekhout, Jordi Borras fotokazetaria eta Uruguaiko herritarren parte hartze mugimenduko kide Camilo Cejas izango dira, baita Kurdistango, Norvegiako, El Salvadorko, Andaluziako eta Galiziako gazte antolakundeen ordezkariak ere.
Gazte Topagunea formakuntzarako «espazioa» dela oroitarazi dute bi bozeramaileek, baina ohar egin dute hiru eguneko elkargune hori herrietako antolakuntzaren bitartez «elikatzen» dela, eta topagunearen ostean ere herrietan eta auzoetan lanean segituko dutela: «Topagunea leku aproposa iruditzen zaigu egindakoa bildu eta lanean jarraitzeko indarrak biltzeko. Gure herri eta auzoetan, eguneroko borroka eta lanaren bidez, Euskal Herria eraikitzen ari garenon topaleku izango da», adierazi du Servierrek.
Hain justu, Albizuren arabera, 150 gazte ari dira Lemoako gunea atontzen, eta «milaka» izango dira egun horietan antolakuntzan eta koordinazioan parte hartuko dutenak. Horregatik, Gazte Topagunea «bere osotasunean bizi beharreko esperientzia gisa» irudikatu du Ernaiko bozeramaileak.
Edonola ere, egun bakoitzak izango du ekitaldi propioa. Apirilaren 19an, Kalera kalera-k euskal presoen aldeko ekitaldi nazionala egingo du; izan ere, bi egun lehenago Preso Politikoen Nazioarteko Eguna baita. Larunbatean, berriz Bulkada berrien garaia da ekitaldia egingo dute Aitzinak eta Ernaik. Igandean Errautsetatik askatasunera ekitaldirako deia egin dute.
Gazte sortzaileen plaza
Hitzaldi eta mahai inguruez gain, ordea, kulturari ere arretaz erreparatuko diote, Servierrek eta Albizuk nabarmendu dutenez. Aurten, berrikuntza gisa aurkeztu dute Euskal Herriko gazte sortzaileen plaza. Xedea da Euskal Herrian banaka zein era kolektiboan kultur sorkuntzaren inguruan ari diren gazteen elkargunea eraikitzea, eta esperientziak eta proiektuak ezagutaraztea. «Sorkuntza kulturaren oinarri da, eta Euskal Herria nekez eraikiko dugu gazteon kultura bulkadarik gabe», adierazi zuen Servierrek.
Gainera, 50 kontzertutik gora antolatu dituzte hiru egunetarako. Euskal Herriko hainbat talde arituko dira Lemoan. Besteak beste: Su Ta Gar, Hesian, Huntza, Gatibu, Fermin Muguruza, Huntza, Deskontrol eta Sociedad Alkoholika, baita Topaguneko abestia egin duen Eskean Kristo ere. Baina, Ernaiko eta Aitzinako kideek jakinarazi dute oholtza handietatik kanpo eta «ospearen fokutik at» dauden sortzaileei ere leku egingo dietela.
Albizuk azaldu du 25 egun falta direla Topagunerako, baina «prest» direla dagoeneko. Sarrerak salgai daude, Gaztetopagunea.eus webgunean eta Baionan, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Arrasaten (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia) eta Iruñean.
Indarrak bildu eta lanean segitzea dute asmoa: «Euskal Herria independentziara eramango duen gazte belaunaldia Lemoan elkartuko da».