astekaria 2019/03/29
arrowItzuli

kultura

Sorgin izan, sorgin esan

Nerea Fillat

Sorgin izan, sorgin esan

Asteburu honetan, Sorgin Ehizaren Historiari buruzko I. Topaketa Feminista egin dugu Iruñeko Katakraken. Zuek lerro hauek irakurtzen ari zaretelarik, topaketan parte hartu dugunok Zugarramurdiko eta Sarako leizeetan egonen gara, hango museoak sorginei buruz helarazten duen mezuaren inguruan hausnartzen eta sorginen iruditeriarekin egiten den komertzializazioa salatzen.

Irakurleak pentsa dezake sorgin-ehizaren inguruko topaketak antolatzea nolabaiteko nobedadea edo feminismoak bere gain hartutako azken ikerketa-ildo baten emaitza dela. Nolanahi ere, historiografia feminista lantzen dihardutenek zenbait hamarkada daramatzate emakumeen aurkako prozesu horren irakurketa ez-ohiko bat egiten. Hala, prozesu horri beste ikuspegi batetik begiratzean, ohartu gara ezen gertaera historiko haren bidez egungo gizartearen oinarria den egitura eraikitzeko pausoak eman zirela. Gertaera hura aintzat hartuta uler dezakegu zer dela-eta naturalizatu den historian zehar emakumeen aurkako indarkeria, gaur egunera arte iritsi dena, eta gertaera hari begiratuta uler dezakegu kapitalismoaren funtsaren sorrera.

Hau da, sorgin-ehiza ez zen izan prozesu periferiko bat; aitzitik, XVI. mendetik aurrera Europan milaka emakumeren aurka garatutako jazarpen hura ezinbestekoa izan zen gaur egungo sistema ekonomikoa eta gaur egun patriarkatuaren bortizkeriak hartzen dituen forma askotarikoak ulertzeko. Horregatik, iruditzen zaigu ezinbestekoa dela gai hau ere mahai gainean jartzea eta honi buruz hausnartu eta eztabaidatzea.

Emakumeen gorputzen aurkako ehiza haren ondorioz, milaka emakume erail zituzten Europan. Halere, eta azken mendeetan gertatutako prozesu historiko odoltsuenetako bat izan bazen ere, erailketa haien aztarnak ez dira inon ageri, ez gure herri eta hirietako kale-izendegietan, ez sorgin-ehizarekin lotutako tokietan, ez gure umeen eskura jartzen ditugun sorginen irudi inozoetan. Ez dugu eta ez da inon argi esaten sorgin izendapenarekin estigmatizatuak izan ziren emakume haiek bortizki torturatuak eta erailak izan zirela. Alderantziz, iruditeria xalo bat eskaintzen zaigu, emakume zahar bat erratzarekin, katu beltza altzoan eta kapela puntaduna buruan (Euskal Herrian, azken urteotan, etxekotu egin dugu irudi hori, eta, ohiko kapela beltzaren ordez, oihal zuriko kapela bat jarri diogu). Kasurik onenean, sorginen irudiari gaitasun miragarriak erantsi dizkiogu, sorgin tradizioz maltzurra emakume jakintsu eta ahalduna bihurtu dugu, eta, hala, sorginaren irudi progre bat eratu dugu, emakume kontzientziatuenek ere errazago digeritzeko modukoa.

Emakume haien memoria aldarrikatu nahi badugu, sorginaren irudia makillatzeak eta produktu xamurrago bat eskaintzeak ez digu ezertan lagunduko. Egin behar duguna da gizarteak sorginei buruz duen ezagutza faltsu hori irauli, eta garbi eta ozen azaldu salaketa eta erailketa haiek emakumeak estigmatizatzeko estrategia ondo pentsatu eta ondo gauzatu baten parte izan zirela.

Historian leku bat ukatu izanak, eta sorgintzat salatutako emakumeen aurkako bortizkeria estali izanak, argi adierazten digute sorgin-ehiza eta sorgin kontzeptua bera gatazka-iturri direla. Bi kontzeptu horiek berrizendatzen baditugu, historia berrirakurtzeko aukera izanen dugu, eta, ondorioz, emakumeok historiaren subjektu gisa agertu ahal izango dugu geure burua. Horregatik guztiagatik, topaketa hau antolatuta, sorginkeriaz salatutako emakumeen memoria berridazteko eta memoria-lekuak berreskuratzeko prozesu bat abiatu nahi izan dugu, eta helburu horrekin bildu gara Iruñean Euskal Herritik, AEBetatik, Ekuadorretik eta espainiar estatuko hainbat txokotatik etorritako emakumeak.

Gurean, ez dago sorginkeria egotzita eraildako emakumeen ikuspuntua ardatz duen museorik, ezta haien memoriarako bestelako lekurik ere. Erre ez zenituzten sorginen bilobak garela abesten dugunean, memoria hori izendatzeko asmoa azaltzen da. Olatu feministak eta emakume historialariak egiten ari diren lan itzelak bidea ireki digute gure historiaren irakurketa justuago bat egiteko. Aurrera begiratuz, bide ederra ikusten da.

BERRIAn argitaratua (2019/03/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA