bizigiro
JOSE LUIS GORROTXATEGI
«Bertsolaritzak ikaragarri egin du gora: lehengo onenen pareko asko daude»
Maialen Unanue Irureta
Baduzu damurik batere?
Ez... Lehen, garai batean, dezente ibili nintzen: urtean 100 plaza ez nituen egingo, baina 90en bueltan ibiltzen nintzen. Azken urteetan gutxiago egin izan ditut: jakineko egun batzuetan baino ez, hamar edo hamabi saio urtean. Lagatzeko asmoa neukan, eta, gainera, ez nuen horrek ezer sortuko zidan beldurrik: hain gutxi ibilita, gehiago kostatzen da kantatzea.
Bertso mordoxka bat gorde zenituen Gogoan dauzkadanak liburuan: zein da hain memoria ona edukitzeko sekretua?
Ez dakit, baina zerbait ona izan badut, horixe izan da: memoria ona. Orain ez dut bertso bakar bat ere gogoan hartzen, oso ona behar du izan nik gogoan hartzeko. Baina, garai batean, saio bat entzun eta hogeitik hamabost bat bertsorekin gogoratzen nintzen: oso hitz gutxiren aldearekin kantatzen nituen.
Zure etxean bazen bertsotan aritzen zen beste inor?
Nik dakidala, ez, ez amaren ez aitaren aldetik ere.
Lagun artean hasi zinen, beraz.
Bai, eta beste bat hasi zelako hasi nintzen ni. Laguna bertsopaper batzuk kantatzen hasi zen; Mendaroko [Gipuzkoa] seme batek Etxebarriko [Bizkaia] Altizbarren baserrian hilketa batzuk egin zituen, eta horri jarritako bertsoak ziren; ni, berriz, neuk asmatutakoak kantatzen hasi nintzen. Horixe izan zen lehenengo aldia, erromeria batetik etxera bueltan gindoazela. Ordura arte ez nuen sekula bertsorik kantatu, baina egun hartan umoreko etorriko ginen eta...
Azpeitira ezkondu baino lehen maitemindu omen zinen Azpeitiarekin. Zergatik?
Jose Mari Iriondok Loiolako Herri Irratian bertso sariketa antolatzen zuen udaberriro. Azken saioa Zelaitxo zineman izaten zen; orain botata dago. Anaia eta biok etorri ginen bizikletaz Osintxutik bertsoak entzutera. Harrituta gelditu nintzen jendeak euskaraz zenbat hitz egiten zuen entzunda; Bergaran, euskaraz zekitenek ere gazteleraz egiten zuten. Buelta bat eman genuen arratsaldean, eta pentsatu nuen: «Hau duk herri elegantea: hemen biziko nindukek gustura!». Eta, azkenean, bertara etorri.
Soldaduska, berriz, Cadizen (Espainia).
Kanpamentuan egon nintzen han, San Fernandon, eta, gero, Ceutara. Han urrestildar bat zegoen, Kubara joan eta aberastutakoa; Castro sartu zenean ihes egin eta hara joana zen. Hamarretik bederatzi bereak zituen: arropa garbitegiak, jatetxeak, okindegiak... Edadeko gizon bat zen, eta Jose Mari Iriondok laguna zuen. Iriondok esan zion joatekoa nintzela: hark aholkatu zidan, norakoa aukeratzean, zalditeria aukeratzeko. «Ez duk leku ona, baina hi ondo ibiliko haiz».
Eta, zer moduz zalditerian?
Soldadu gutxi geunden, eta guardia asko egin behar izaten ziren. Baina primeran pasatu nuen: ni baino hilabete zaharragoa zen teniente baten laguntzaile aritu nintzen. Goizean El faro de Ceuta egunkaria eraman behar nion: hori izaten zen nire zeregin bakarra: ez nuen kolperik jotzen, eta eguna libre izaten nuen.
Eta, tartean, 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusia.
Soldadu joan aurretik sailkatu nintzen. Tolosako [Gipuzkoa] finalean Txomin Garmendiak irabazi zuen; nik bigarren egin nuen, eta Etxeberriak, hirugarren. Baina soldadu joan behar nuen egun gutxira: etorri izan ez banintz, Etxeberria litzateke finalista.
Baina finalean egon zinen: zeinek lagunduta?
Paper batzuk eman zizkidan Euskaltzaindiak, haiek entregatu eta baimena emango zidatela, baina ezetz esan zidaten. Antonio Arrue Euskaltzaindian zegoen, gorteetako prokuradorea zen, Francok izendatua: hura karlista zen, abokatua, eta oso euskaltzalea. Baimena eman ezean deitzeko esan zidan. Telefonoz deitzeko lekua militarrez betetako gela bat zen, eta haien aurrean hitz egin behar izaten zen.
Haien aurrean, euskaraz?
Euskaraz ezin nuen hitz egin, baina segituan pentsatu nuen nola egin. Gazteleraz galdetu nuen: «Gorteetako prokuradore Antonio Arrue jaunaren etxea al da?». Militar guztiak jota harrituta gelditu ziren, eta hortik aurrera bai, euskaraz jarraitu nuen. Laguna zuen Burgosko kapitain jeneral bat, eta haren bidez egin genuen: bi egunetara jaso nuen baimena.
Eskapada egin zenuen, beraz.
Kanpamentura fruta ekartzen zuen motorzale batek eraman ninduen trenera. Han, alde batean bi guardia zibil, armak bizkarrean hartuta; beste aldean, gizon trajedun bat. Madrilerako trenak alde egin ote zuen galdetu nion, gazteleraz, eta hark erantzun: Txo, ondinok eztau irten, baina laster ertengo dau. Merkataritza ontzidiko kapitain bizkaitar bat zen, eta baimena zeukan etxera joateko. Hizketan egin genuen bidaia: kontatu nion bertsolari txapelketara nindoala eta, hara, Lopategiren kuadrillakoa zen.
1967ko txapelketa sonatura zindoazen: gogorra izan zen?
Gogorra. Uztapiderekin Xalbadorrek kantatuko zuela esan zutenean, kristorena izan zen, nahiz eta merezi zuen finalera pasatzea. Orain hemengo jendeak gehiago ulertzen dio hangoari, [Sustrai] Colinari eta Ametsi [Arzallus] ulertzeko ez dago arazorik, baina hemengo jendeak erdia baino ez zien ulertzen ordukoei. Jendeak oso gaizki hartu zuen ezer ulertu ez zitzaion tipo batek aurrera egitea eta besteek ez.
Latza izan omen zen txistualdia.
Kristorena. «Txistuak jo dituzue bainan maite zaituztet oraindik!», esan zuen. Baina nik uste dut jo eta denak garbituko lituzkeela. Hark ez zuen ezeren errurik.
Egun hartan ezagutu zenuen Xalbador, eta harreman estua izan zenuten.
Xalbadorren etxean lo eginda gaude emaztea eta biok, eta haiek gure etxean ere bai. Ezkondu eta hurrengo urtean, artean haurrik ez geneukala, Gotaine-Irabarnera [Zuberoa] joan ginen, Pette Beretter pastorala ikustera; han ezagutu nuen Etxahun Iruri. Urepele bi kilometrora zegoela ikusi, eta hara joan ginen: Xalbador non bizi zen galdetu eta bere etxera. Agurtzen hasi, eta haiek ezetz, han afalduko genuela eta lo ere bertan egingo genuela. «Nik kantatutako bertso batzuk isilik izango al dituzu?», galdetu zidan Xalbadorrek. Haren emazteak eta Jose Mari Aranaldek soilik entzundako bertso batzuk zituen, eta gu izango ginen hurrenak entzuten. Odolaren mintzoa liburuko Mendian galduak bertsoak ziren, Afrikako bazterren batetik ekarritako hiru gazteri buruzkoak.
1967tik 1980ra arte ez zen txapelketarik izan: zer giro?
Bertso munduak berdin-berdin jarraitu zuen, nahiz eta txapelketa baten berotasun hori falta zen. Gainera, frankismoa indarrean zegoen: Azpillagak eta Lopategik debekatua zuten kantatzea; Xalbadorri ere iritsi zitzaion zerbait —hemengo iheslariak hartzeko paperen bat sinatu zuen, eta hango Poliziak hona pasatu zuen albistea—.
Eta, gaur egungo bertsolaritza nola ikusten duzu?
Zeharo ezberdina da. Aktoreak desberdinak dira, zergatik garai batean zortzi bertsolariko saioetan ni izaten nintzen gazteena: Euxebio Igartzabal, Imanol Lazkano, Azpillaga, Lopategi. Plazetan zeuden, baita ere, Uztapide, Lasarte, Mitxelena, Lazkao Txiki... Mutiko bat nintzen haien ondoan, baina egun batetik bestera ni nintzen zaharrena. Egundoko aldaketa izan zen, baita bertsotan egiteko moduan ere. Grazia egiten dit, batek baino gehiagok esan izan baitit: «Zuek bai bertsolariak: gaur egungo bertsolariei ez diet ulertzen». Euskaraz kantatzen dute, ba.
Gauza gehiago ere aldatu diren seinale, ezta?
Gauzak esateko molde ezberdina dutela: guk baino askoz dotoreago esaten dituzte gauzak. Bertso eskoletan hezten dira, ez gu bezala tabernako saioetan. Pentsamoldeak desberdinak dira: nire karrerarik altuena ofizial industriala da; nirekin ibiltzen zirenek hori baino gutxiago zuten. Gaur egun, gutxienez, abokatuak edo ingeniariak dira: gauzak ikusteko era desberdina da zeharo. Doinu berriak ere badaude, eta batzuek esan izan didate ez dutela antzematen noiz amaitzen den bertsoa, doinuak arrotzak zaizkielako.
Baina aldaketa horiek guztiak, onerako ikusten dituzu?
Bai, bai: bertsolaritzak ikaragarri egin du gora, lehengo onenen pareko asko eta asko daude.
BEC betetzeko modukoak.
Bai. Pena ematen didan gauza bat dago: BEC puntaraino bete zortzi finalistarekin, baina ipini finalista horiek berak txapelketarik gabe handik hamabost egunera, eta BEC ez litzake beteko ezta hirutik bat ere. Euskaldunak borroka behar du, jendea joango bada.
Bada gaur egungo bertsolaririk harekin abestu ez duzunik eta nahiko zenukeenik?
Gehienekin kantatu dudala esango nuke; gazte-gazteenekin ez, baina bai finalean aritzen diren denekin. Sekula ez naiz izan onena, baina onenak diren guztiekin abestu dut; lehengoekin eta oraingoekin.
Gaurko bertsolarien artean, zein gustatzen zaizu gehien?
Bat ez, bi dauzkat gustukoak: [Andoni] Egaña, hura joaten den lekuan, beti dagoelako saltsa, eta bestela, alde handiz, [Aitor] Mendiluze: ez da bertsolaria, makina bat baizik; pieza guztiak berdinak egiten ditu. Lau puntukoa edo bederatzikoa eskatu, eta berdin egiten ditu. Unai Iturriaga eta [Igor] Elortza bera ere asko gustatzen zaizkit.
Bertso eskolak aipatu dituzu: zein izan da zure eskola?
[Jesus Alberdi] Egileor bertsolaria Osintxun bizi zen, eta beti ez, baina jai iluntzeetan askotan tabernan egoten zen; noiz eta zein tabernatan egoten zen ikusten nuen, eta saio txiki bat egiten genuen: hori izan zen nire bertso eskola. Hasi uztailean eta martxoara arte, [1963ko] martxoaren 3an debutatu nuen: lankide batek esan zidan jaialdi bat antolatu zutela Bergaran soldadu joan behar zuten batzuek, eta ea kantatuko nukeen. Hantxe egin nuen debuta 18 urte bete eta astebetera.
Saio hartako zer oroitzapen duzu?
Asko eskolako lagunak eta izan ziren. Harrituta gelditu ziren, baina gogorrena da oraindik ere batzuk harritzen direla: lagun batzuek ez naute sekula bertsotan ikusi, zaletasunik ez dutelako.
Oholtzatik kanpoko zentsura aipatu izan duzu: zertan, zehazki?
Gaiak jartzerakoan zentsura zegoen: Donostiara, gobernu zibilera edo, bidali behar izaten ziren. Han oniritzia ematen zuten. Baina ez ziren oso azkarrak, gero nahi zituzten gaiak jartzen baitzituzten. Donostiako Astorian urtero egiten zen bertsolari jaialdi bat, behin, Iriondo gai jartzen ari zela, hara joan zitzaizkion gai eske poliziak: aurretik bidalitakoak eta saiokoak berdinak ote ziren ikusteko. Esan zien saioa bukatu ostean emango ziela papera, behar zuela saioarekin jarraitzeko; bukaeran bestea eman zien, eta listo.
Bertsotarako sasoiko ez zaudela diozu: zertan nabaritu duzu?
Lehen, binaka abestean, nik banekien besteak non bukatuko zuen bere bertsoa hark erdia kantatzerako. Orduan nirea prestatzen nuen, erantzuteko; gero, segundo batzuk hartu, dotoretzeko. Orain, denbora gehiago behar dut, eta hori da goiko makina honek [burua seinalatuz] ez duelako lehen bezala funtzionatzen.
Ez duzu estuegi hartu zeure burua bertsotan?
Ez, ez. Kezka bat baneukan: zaharrekin kantatzeko problemarik ez nuen, baina gaurko bertsolari gazteek erabiltzen dituzten doinuak zeharo desberdinak dira, eta doinu berri bat entzuten nuen aldiro pentsatzen nuen: «Egunen batean harekin kantatzea tokatzen bazait...». Doinuak beti adostutakoak izaten dira, baina inoiz tokatzen da deskuidoren bat, eta horrek ematen zidan beldurra.