astekaria 2019/03/22
arrowItzuli

bizigiro

Donibane Garazi-Baiona trenari hitza

Ainize Madariaga

Donibane Garazi-Baiona trenari hitza

Eguerdi eta laurden da, Donibane Garaziko tren geltokiak ez du mugimendu handirik erakusten kanpoan. Aparkalekuan, lekua sobera dago. Egia erran, aro goibel eta hezeak ez du nehor kanpoan egotera gomitatzen. Ezkaratzeko jargietan adineko hiru ibiltari jarriak daude, beroa atxikitzeko hetsia den atearen ondoan, oren batean aterako den trenaren beha: «Fijacekoak gara [Okzitania]. Donejakue bidea egiten ari ginela belaunean min hartu dut; horregatik, etxerako bidean gara, triste», auhenka ari da mankatua den beilaria. «Trena hartzen dugu ez baitugu bertze manerarik, Baionan hamar minutuz zain egon eta Bordelera doan AHTan sartuko gara sarri».

Haien parean dagoen leihatilan agertu da burdinbide langile bat harrera epeltzera, baina trena abiatzeko oren erdia eskas delarik txarteldegiko oihala apaldu du; frantses hutsezko neguko ordutegiak hala markatzen du: «05h45-12h30 / 13h00-17h30». Orduan sartu da bikote gazte bat geltokiko atarira, eta larriturik nasara hurbildu eta langilearengana jo dute zalu batean: «Non eros ditzakegu txartelak?!». Langileak begitartea atsekabeturik azaldu die: «Orain ailegatzen denari ezin diot txartelik saldu!». Hala, bidaiariak trenean berean txartel kontrolatzaileari eros diezaiokeela ihardetsi die, baina martxoaren 20tik aitzina, «kontrolatzaileek dituzten makinak murritzagoak direnez, familia ugariei ezin izanen diete araberako prezio apalduan saldu. Beraz, ikusirik ez dutela txarteldegirik, Ortzaizen iganen den familiak, prezio beherapena jaso ez, eta arrunta ordaindu beharko du: 10,10 euro edo 11,7 ordaindu beharrean».

Aldarrikapen hauek berak helarazi zizkioten trenbideetako hiru langile sindikatuek (CGT, LAB, Sud Rail) SNCF-Eskualdea-Elkargoa hirukoteari; Baiona eta Donibane Garazi arterako egindako proposamenarekin ez baitira ados. Haatik, abendutik aitzina plantan ezarriko dute erreforma berria, Donibane Garazitik abiatzen diren bi tren kenduz, 09:00etakoa eta 13:00etakoa; halaber, Baionatik arratsalde hastapenean partitzen dena ere kenduko dute, Kanbo eta Baionaren artean bat gehitzeko oren horretan. Baionatik abiatuko da arratsaldeko 17:00etan orain arte ez zegoen bagoi bat.

Partitzeko tenorea

Iritsi da Baionatik trena, dozena bat bidaiari jautsi da, eta kanpotik nahiz geltokiaren ezkaratzetik aparkalekura buruz joan dira. «Donibane Lohizunetik jin naiz, oren batez beha egon naiz Baionan. Entseatzen naiz autoa ez hartzen; beraz, trena baliatzen dut, edo auto-stopez noa. Trena ezohiko ordutegian hartzen dut, nihauren kontu ari bainaiz lanean; beraz, egokitzen ahal naiz. Tenore hau ez da baitezpada langileen tenorea», xehatu du Joana Arbeletxek.

Partitzeko tenoreak hamar minutu eskas dituelarik agertu dira bizi-bizi lau gazte, zuzenean igan dira trenerat, dagoeneko motorra martxan baitu eta ateak zabalik. Jarri orduko norberak bere telefonoa eskuratu du, eta lagunarekin partekatzen ditu pantailan ageri zaizkionak, aurikularren hariak han-hemenka dilindan dituzten ber. Kontrolatzaileari txartelak erosi dizkiote. Beilariek denbora gehiago hartu dute jarleku erosoetan eseri aitzin, erromesen maskordun bizkar zaku lodiak apalategietan antolatu baitituzte. Aldi honetan, 80 tokiko bagoiak badu lekua sobera.

Langileak txilibitua jo, eta berehala abiatu da trena jin den bide beretik, ezti-eztiki.

Lauko aulkietan parez pare jarriak diren gazteak Donibane Garaziko Navarre lizeoko ikasleak dira, astelehen batez eguerdiko oren batean trenean dira, usaian ez bezala kurtsorik ez baitute arratsaldean, ez eta biharamun goizean ere: «Lizeoan, barnetegian egoten naiz, baina egun sartuko naiz, ez baitut goizean baizik kurtsorik ukan. Kanbon jautsiko naiz, Hazparnekoa bainaiz. Trena biziki ontsa da, eskola bukatu orduko zuzenki sartzen ahal baikara; bikaina da. Bestela ere, hilabetean behin baliatzen dut ortodontistarengana joateko. Ordutegia bikaina da enetako. Gainera, ikasle prezioari esker, lau euro bakarrik ordaintzen ditut. Eta autobusez bidaiatzea ez dut maite, eritzen bainaiz, tripako minez», azaldu du ikasle batek. Bere ikaskide makearrak, berriz, lehentze du trena baliatzen duela.

Kontrolatzaileak bidaiari orori eskatu dio txartela, zeinari zirrimarra bat egin baitio. Oharkabean heldu da jada bagoia Arrosa-Ortzaizeko geltokira, eta segidan Bidarrai, Luhuso eta Itsasukoetara, mikrotik eman frantses hutsezko abisuei esker. Autoz ikusten ez den paisaiak laketgarri egiten du bidaia, Errobiren gainetik sigi-saga baitoa trena. Kanbokoan utzi dute bizpahiru bidaiarik trena. Haltsu-Larresoro, Jatsu, Uztaritze eta Milafrangak egiten dute kostarekiko muga, orduan bere burua agertzen baitu tanpez hiriguneko apainketak, hormigoiaren zabalari uzten baitiote lekua baserrialdeko pentze berdeek. Badirudi aroak ere joko bera segitzen duela: Donibane Garaziko euria ez baitzaio gailendu Baionako eguzkiari.

52 kilometroko ibilbideari geltoki zaharrak egiten dio batzarri, hitzeman bezala: bietarako tanko, beilariak dira jausten azkenak.

18:30 dira, bagoia kontrako bidea egiteko beha da. Joateko baino jende aise gehiago dago bertan. Ordenagailua besapean eta bizkar zaku tipia altzoan, jestu automatikoz antolatu ditu bere puskak bidaiariak, usaiakoa dirudi betaurrekodun eta bizardunak: «Egunero baliatzen dut trena etxetik lanera eta lanetik etxera joateko. Goizetan, 06:20koa hartzen dut, eta sartzeko hauxe. Auto ilararik ez duzu jasan behar, estresik ere ez, zinez laxatua naiz. Gainera aski puntuala da; ez da deus erratekorik! Ez dut inolako gogorik autoa hartzeko, hori segur; bidaia bakoitzean hiru oren laurden irabazten dut, pentsa! Paisaia buruz ezagutzen dut, baina ez nau aspertzen! Arras atsegina da, aisita eta merkea. Bidaiaren denboran lan egiteko edo irakurtzeko parada ematen dit». Donibane Garazi inguruan bizi bada ere, trena Ortzaizetik hartzen du; «ez baita aparkatzeko aski tokirik». Bistakoa da, beraz, hori hobetzea nahiko lukeela, bai eta ordutegia ere: «Niretzat ordutegi aldaketa hobera doa, 17:00etako trena gehituko baitute Baionatik, baina egia da goizeko lehen trenetik landa bigarren tren bat ezartzea ongi litzatekeela».

Urrunago jarria den gizon hura ezagutzen du; bidaia bera ordutegi berean egiten baitu: «Laneko baliatzen dut, baina nola gerta, ordutegia ez dator beti bat, tren gehiago falta da; bada gehiagoren beharra: goizekoari bat gehituko nioke pixka bat geroago, eta arratsean ere ongi litzateke beste bat izatea 18:30 eta 21:00 artean, 20:00etan edo, huts eginez gero beste bat aski fite ukaiteko gisan, eta eguerdi eta biak artean ere bat gehi nezake. Baina badirudi ez doala norabide horretan...». Itsasun bizi da, geltokitik jori kilometrora. Ez du autoa erabili nahi, tarte hori oinez egitea «goxoa» baitzaio.

BERRIAn argitaratua (2019/03/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA