kultura
EDORTA JIMENEZ
«Nik ez dut egingo beste batzuek egin duten errelatoa; nik neurea egin dut»
Amagoia Gurrutxaga Uranga
Aintzane del Castillo. Gaztelu. Lanetik botako ez bazuten bere lesbianismoa ezkutatuz bizi izan den ertzain erretiratu berria.
Aingeru mendekatzailea.
Hirugarren pertsona. Aingeruaren labirintoan galtzeko prest dagoen museoko langilea.
Flaviobriga. Urdaibaikoaren antz harrigarria daukan erreserba natural baten erromatar garaiko izena. Jaun Zuriaren ibilbide politikoaren hastapen gunea.
Edorta Jimenez (Mundaka, Bizkaia, 1953). Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua nobelaren egilea, terraza batean eserita. «Ingeles izena dauka taberna honek, konturatu al zara? Ezin bestela izan Bizkaia Zuri honetan». Abian da ironiaren makina.
Urteak zeneramatzan nobelarik argitaratu gabe. Gehiago ez idaztea erabaki omen zenuen noizbait. Zergatik?
Ispiluaren kalteak ipuin bilduma argitaratu nuen [2008an, Elkarrekin], eta konturatu nintzen egin nuen literatura hori ez zela gazteentzat. Ostera, oso estimu handitan neukan emakume batek —Karmele Igartua zenak— esan zidan oso liburu ederra zela, eta belaunaldi arteko etenaz jabetu nintzen. Lan horrek ez zuen kritika onik jaso. Omar Nabarroren izenpean egin nuen gero Haragizko amoreak [2010ean, Susarekin], eta oso kritika onak izan zituen. Hala ere, ez zen saldu. Beraz, lekua galduta nengoen.
Hala, neure kooperatiba egiteko asmoa hartu nuen itsasoan lan egiteko, turismoaren arloan, eta, azkenik, nobelaren abiaburua izan dena hasi zen: nire gerra partikularra erakundeekin. 2010. urtea traumatikoa izan zen niretzat. Ehunka folio idatzi ditut batuan, bizkaieraz zein espainol estandarrean, uste nuelako administrazioarekin zuzen hitz eginda konpon nitzakeela sorrarazi zizkidaten arazoak. Ez, baina.
Beste lan bat topatu nuen. Eta idazteari tarte bat eskain niezaiokeela pentsatu nuen.
Nondik abiatuta idatzi, baina?
Ekintzaile soziala naiz, Zain Dezagun Urdaibain dihardut, eta erreserbari buruzko mahaia osatu genuen hainbat elkarteren artean. Hor gertatu dena eta gertatzen ari dena deskribatzea zeinen zaila den ikusi nuen han. Ze kaka nahaste! Esango nuke hori izan zela erronka nagusia eta pizgarriena: neure buruari behin eta berriro galdetzea nola esplika ote zitekeen horko guztia literaturaren bitartez. Eta, hala ere, liburuan ez naiz erabat sartu horretan.
Baina hor dago beti, dena biltzen duen mintz baten tankeran. Eta, kasualitatea, pertsonaia nagusietako batek arazoak izan ditu administrazioarekin-eta, erreserbako kontuak direla-eta.
Nire gerra oso mingarria izan da. Aleph moduko bat bizi izan dut: dena ikusi dut nire gatazka horren bitartez. Piztiaz inguraturik bizi naizela ohartu naiz, eta gizarte honetan edo Oinatz edo Ganboa izan behar dela. Osterantzean, ez dizute jaramonik egiten, eta eskubideak zapaltzen dizkizute. Nire iritziz, Erdi Aroan bizi gara postmodernitate honetan. Egitura politikoa, kontratazio sistema alderdi politikoen bidez egitearena eta abar, hori da. Horregatik aipatzen dut liburuan Ahaiderdia: Ahaide Nagusien Alderdia. Hirigintza eta lurralde antolamendua dira gakoa. Inguruan daukagun hau guztia nondik nora egin da, esaterako? Hor termikoa dagoelako [Boroako zentral termikora begira]. Termikoa ipini zen, eta, beharbada, hau Bizkaiko herririk aberatsena da orain. Ikusiko dugu minbizien bilakaera hemen.
«Miren Agurtzane Jimenez Ormaetxea gure arreba kutunari» eskainia diozu nobela. Minbiziak jota hil zen zure liburua aurkeztu berritan.
Arrebari minbizia diagnostikatu ziotenean, etxean hartu nuen, eta hark zerbaitetan ikusi nahi ninduen. «Begira, bukatu dut atal hau», esaten nion, eta poztu egiten zen. Hain zuzen ere, Durangoko Azokan liburu hau aurkeztu nuen egunean erabaki zuen noiz hil. Horregatik eskaini diot liburu hau berari.
Hizkuntza aldetik ahalegin bat ageri duzu liburuan.
Inportanteena liburu honetan, hain zuzen ere, hizkuntza eta narrazioa ziren, kontatzeko ahalegina. Adbersatiborik gabe idatzi nahi izan dut, jarioan. Hizkera aldaketa eta ñabardura guztiek badute beren arrazoia.
Idaztearen plazera berreskuratu al duzu?
Bai. Dibertitu egin naiz eta zoragarria izan da.
Nobela beltza behar al zuen?
Generoak aukera ematen zidan hitz egin nahi nuenaz hitz egiteko, eta erabili egin dut. Nobela hau genero beltzekoa da, eta Bizkaia Zuriari buruzkoa. Abertzaletasun burges edo karlista —karlismotik eta kondairetatik baitator— horren mito batzuk suntsitu ditut liburu honetan. Jaun Zuriarena, esaterako. Eta gaur munduan saldu nahi dituzten leku guztiak agertzen dira bertan: Guggenheim, San Mames Barria, munduko metrorik garbiena... Badakizu zergatik den garbiena, ezta? Komunik ez daukalako. Gauza jakina da, izan ere, metroan inor ez dela larritzen, emakumeek ez duzuela hilekorik... Hala desfilatzen dugu. Badirudi zoriontsu bizi garela, dekretuz. Irratian eta albistegietan dena da barre, baikortasun. Pentsa ezazu: estatu kolpeak ere positibo bihurtu dizkigute.
Postmoderniaren post-egiak. Hori ere ageri da nobelan.
Patafisika kontzeptua oso inportantea da, izan ere. Eta egungo politikariak iaioak dira esaldi patafisikoak egiten. Adibidez: «Murrizketak egon diren arren, zerbitzua hobetu egin da» [tonua aldatuta]. Patafisika, zientzia hori... Esango didazu murrizketekin nondik hobetu duzun zerbitzua. Eta sinetsi egiten diegu, ze sakonean katolikoak gara. Jainkoa bat bakarra dela, jainkoaren irudiak hiru direla eta bakoitzak bere izaera duela esaten zigutenean lasai asko bizi baginen, nola ez gara, bada, lasai biziko, arren horrekin? Ezagutzen ditugu Kelly-ak, ezagutzen ditugu emakumeen lepo gainera etorri diren lanak. Historian lehen aldiz aberatsak makurtzen ikusten ari gara, zertarako eta beren txakurren kakak biltzeko, eta, era berean, txakur horiek baino okerrago bizi diren etorkinek aberatson gurasoen eta zaharren ipurdiak-eta garbitzen dituzte.
Aberatsen txakurrak desagerrarazi dituzu nobelan.
Mekanismo bat behar nuen mendekurako, ze justiziarik ez dagoenean mendekurako bidea besterik ez da geratzen. Txikitan erakutsi ziguten denoi aingeru mendekatzailearen irudia, eta aingeruaren istorioa etorri zitzaidan. Aldi berean, hasi nintzen txakurren inguruko kontu bila, eta demasekoak irakurri ditut: «Familia eredu berriak txakurra gogoan hartuta», «ez dago txakur arraza arriskutsurik», «txakurrek ere botoak dakartzate»... Eta inori txakurkume esatea ez omen da politikoki zuzena, txakurrentzat iraingarria delakoan. Baina, aizu, zer paper jokatu zuten txakurrek Ameriketako konkistan? Txakurren historia aldatzen denean, inperialismoaren eta kolonizazioaren krudelkeriaren errelatoa ere aldatzen ari gara.
Historia hurbilagoa ageri da zure nobelan, hala ere.
Nik ez dut egingo beste batzuek egin duten errelatoa; nik neurea egin dut. Niretzat inportantea da Ertzaintzak zer egin duen. Errelato hori interesatzen zait, hurbilekoa. Tortura bizi izan dut. Niri elektrodoak jarri dizkidate potroetan eta beste hainbat lekutan. Brigada antiterroristakoek. Eta Euskal Herriaren etorkizunari buruz, torturarena gai printzipala da. Estatuak egiaren mahaian onartzen duenean hau eta bestea torturatu egin zela, orduan hasiko gara bidea egiten. Ordura arte, ez dago zereginik. Segituko dute denek tortura ukatzen. Baita PSOEk ere. Ze ni torturatu nindutenean PSOE zegoen agintean. Post-egia etengabean gaude.
Noiz torturatu zintuzten?
1984an, Orwellen urtean. Eta oraindik ere bizi ditut ondorioak. Beraz, gurean Polizia Integrala ezizena erabilita Ertzaintza horrelako tratuetara ere —ez dut esango elektrodoetara, baina beste batzuetara bai— iritsi izana aztertzekoa eta aitortzekoa da. Bestela, ez goaz aurrera.
Nobela hor dago. Ni ez naiz vasco-a, halaxe frogatu didate. Ez naiz ez Oinatz ez Ganboa; ez ditut zortzi euskal abizen. Aita andaluz baten eta Sabino Arana bera baino jeltzaleagoa zen ama euskaldun baten umea naiz, mestizoa, eta badirudi ni lakoak ez gaudela inon. Inexistentea naiz. Distantzia hori izan dut idazterakoan, ironikoa ere bai. Inexistentea izanik ere, Bermeoko tostartekoen greban egon nintzelako, non Ertzaintza ugazaben alde eta langileen kontra oldartu zen, eta Polizia Integral, oso, bihurtu. Manifestazio baten erdian tiroka ibili zireneko hartan ere egon nintzen, eta egunen batean argitu beharko da zergatik egin zuten tiro. Iñigo Cabacas hil zuteneko egun hartan ere San Mamesen nintzen, eta entzerrona hutsa izan zen.
Ina Zeberioren heriotza ere ageri da, haren izenik aipatu gabe.
Ina Zeberiori heriotza eman zioten goizaldean, ze kasualitate puta, Gernikatik pasatu nintzen, Bilbotik bueltan, eta despliege guztia ikusi nuen. Orduan, ikusi dut tostartekoena, ikusi dut jende arteko tiroa, ikusi dut Cabacasen partida eta ikusi dut Inaren goizaldea. Eta dena etorri da. Etorri ahala idatzi dut dena. Urtebetean.
Musika ere etorri egin zitzaizun?
Isiltasunean eroria nintzen; hilda nengoen. Basora joaten nintzen, paseatzera. Nobela honek musika entzutera ekarri nau berriro.
Zergatik hilda?
Lan honen aurretik, lehenik eta behin, neure gorputzaren eta gaitasunen basamortuko zeharkaldia egon zen; gero, administrazioarekin izandako trauma; eta Berlusconi sindromeaz konturatzea.
'Berlusconi sindromea'?
Halako jantzi bat soineratu eta adingabe bihurtzen diren gizonena. Elementu faliko batek batzen ditu denak: zapata italiarrek. Jende horren agindupean gaude. Berlusconi da gizon klase horren eredua. Eta orain egingo dudan gogoeta oso gogorra da: gizonezkoek inbidia diote Berlusconiri, 16 urteko neskekin —denak eslaviarrak— orgiak egiteari. Berlusconiren inbidia dago. Eta gizon adingabe eta errobotizatu uniformeak. Ez dute bihotzik. Bihotza da erauzi duten lehenengo organoa. Erlojuaren ondoan daukate, tik-tak tik-tak tik-tak. Seme-alaben aurrean janzten dute, eta gero lanera doaz, bihotza erlojuaren ondoan utzita. Horretaz konturatzetik ere badoa basamortuko nire zeharkaldia.
Camboya-k ere post-gorputza bizi du. Eta zeharkaldi propioa.
Hori ere etorri egin da. Nahi nuen berak nire antzeko adina izatea, 65 urte. Eta Gazteluk 60 bat izatea. Gorputza garrantzitsua delako. Camboya-ren katarsia Iñigo Cabacasen partidura joatean lehertzen da. Mertzenario izandakoa, torturatzailea, pentsatzen hasten da zertarako egindako guztia.
Ez daukatenaren desirak bizi ditu ia denak liburuan. Ez al da hori garaion motorra?
Desiraren politika egiten da, bai. Hirigintza eta paisaia oso presente daude liburuan, eta esanguratsua da non bizi den Gaztelu: etxe atxiki batean. Mundu guztiak nahi du etxe atxiki bat. Denek nahi dute Flaviobrigan bizi, euren ontziak eduki, eta, horren bila, urratu egiten dituzte legeak, arauak, behar den guztia. Hori egin ahal izateko, alderdi edo egitura batean sartzen dira, eta, egitura horiek erantzuten ez badiete, alde egiten dute. Utilitarioak dira alderdiak eta egiturak. Eta egiturakoak babestuta daude. Halaxe bizi gara.
Post-abertzaletasunaz ari zara?
Neurri batean, bai. Azkenean, egitura politikoetako batzuk enplegu bulego soilak dira. Urdaibain, esaterako, aipatu dugun desiraren politika horren presiopean bizi gara. Norantz dago fokatuta desira? Lekurik hoberenetara. Eta hor nork sufritzen du? Pobre bizi denak. Denean da horrela. Gaueko langileek, adibidez, ez daukate metrorik Bilbon, eta sufritzaileenak dira: garbitzaileak, hoteletako langileak, goizeko lehen orduetakoak... beste sare batzuk sortu behar dituzte. Gizarte bikotasun hori daukagu.
Horiek ere autoak erosi ahalko omen dituzte laster, diru laguntza publikoei esker.
Ez, horiek ez. Ez baleude bezala tratatzen ditu sistemak. Baina hor daude. Badago esklabotza berri bat orain etorkinekin, aitortu beharrekoa.
Tatuajeak nonahi dira liburuan. Eta txakurrak. Eta hizkuntzaren galera. Eta Berlusconiren Tele5, post-humanitatearen propaganda egiten. Dena dator batera. Post-humanitate garaian, humanitatearen parte bat da nire begiak lakoa. Glaukoma daukat. Horrek esan nahi du begiaren parte batek ez duela lanik egiten, baina hor irauten duela. Gure gizartean ere glaukoma parte batzuk daude: itxura batean ezertarako balio ez duten ezindu eta zaharrekin. Horiek esklabotza berri honetako pertsonei esker zaintzen dira. Zaharrak dira orain negozioa. Eta nortzuk egin dira negozio horren jabe? Zergatik iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak zahartzaroari buruzko zentro esperimental bat?
Beste nobela bat etorriko da?
Bai. Camboya-k pertsekutatu egiten nau. Eta gorputzarekin segituko dut: sexualitateaz, gorputza gazte eta berde ez dagoen garaian. Eta begira, sexu harremanetan ere funtsezkoa da boterea, eta botereak hierarkia eskatzen du. Eta non egiten du arrantzan gizarte honetan finkatutako 60 urtetik gorako gizon ahaltsuak? Hierarkian askoz beherago dauden horien —etorkinen— biltokietan. Eta hor duzu Berlusconi, berriro ere.