astekaria 2019/03/22
arrowItzuli

mundua

«Etengabea da exodoa: karabanetan 25.000 lagun atera dira urriaz geroztik»

Kristina Berasain Tristan

«Etengabea da exodoa: karabanetan 25.000 lagun atera dira urriaz geroztik»

Honduras, Guatemala eta El Salvadortik, hegoaldetik iparraldera beti, milioi erdi bat lagunek egiten dute ihes urtero. Aspaldiko exodoak karabana forma hartu du azken hilabeteetan. «Etengabea da exodoa. Urriaz geroztik, 25.000 lagun atera dira karabanetan. Zenbaki itzela da. Drama bat». Andrea Villaseñor (Mexiko Hiria, 1974) ari da hizketan. SJM Mexikoko Migranteentzako Zerbitzu Jesuitako zuzendaria da, eta bertatik bertara ezagutzen ditu karabanak. «Duela egun gutxi, aurreneko karabanan ikusi nuen mutiko batekin topatu nintzen aterpetxe batean. Hondurasko 11 urteko mutikoa da. Deportatu egin zuten, eta berriro egiten ari da zeharkaldia. Bakarrik doa».

Lehen karabana urriaren 13an abiatu zen, San Pedro Sulatik. Karla Rivas (El Progreso, Honduras, 1977) hiri horretatik hogei bat kilometrora bizi da, eta gerora atera diren karabanen lekuko izan da. «Babesa ematen duen mekanismo bat da, baina gobernuari mezu bat bidaltzeko mekanismoa ere bada, salaketa bat egiteko mekanismoa, ahotsa izateko mekanismoa». Hondurasko Migranteentzako Zerbitzu Jesuitako eta ERIC Hondurasko Hausnarketa, Ikerketa eta Komunikazio taldeko kideak uste du karabanek ikusgai egin dutela orain arte ikusezina zen fenomeno bat: «Mundu osoko egunkarietako azaletan atera ziren lehen karabanaren argazkiak, eta agerian utzi klandestinitatean zer geratzen zen».


Karabanako iheslari batzuk hesiari begira, Tijuanan. Joebeth Terriquez / EFE.

Emakumeok Martxan! Erdialdeko Amerikako karabanak edo migratzaileen exodoa izeneko hitzaldia eman berri dute biek Donostian. Alboan gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako solasaldian, emakumeen egoeran jarri nahi izan dute arreta. Villaseñorrek argi du ez zutela espero zeharkaldia egiteko hainbeste jende elkartzea, baina, lehen karabanak izandako oihartzuna ikusita, argi zegoela fenomeno berri baten hasiera izango zela. Eta hala izan da. Urriaz geroztik, hainbat karabana abiatu dira bata bestearen atzetik, gauez egiten zen norbanakoen edo talde txikien ihesaldia egun argiz egiten den exodoa bilakatuz. «Hondurastik, batez beste, 7.000 lagun ateratzen dira hilean. Lehenengo karabanan, 7.300 lagunek zeharkatu zuten muga, egun bakar batean ordura arte hilabete osoan zeharkatzen zutenen kopuru bera», gaineratu du Villaseñorrek. Munduko migrazio mugimendu handienetakoa da, handiena ez bada.

«Emakume aurpegia»

Exodoak karabana forma hartu badu, lehen ez bezala emakumeak doazelako hartu du. SJMko zuzendariak dio ibilbidean dituzten arriskuetatik babesteko estrategia bat direla karabanak: «Taldean seguruagoak doaz, lapurretak eta bortxaketak gertatzeko arriskua murrizten baita». Rivas bat dator karabanen berritasuna hori dela: «Emakume aurpegia daukate». Iheslarien soslaia aldatu egin dela dio: «Emakumeak eta haurrak dira nagusi, eta haurren %5, gainera, 5 urtetik beherakoak dira. Badira bakarrik doazen adingabeak ere, eta sendi osoak ere badira. Hamazazpi kidez osatutako familia baten berri izan genuen. Horrek agerian uzten du zenbateraino den larria herrialde bateko egoera familia oso batek elkarrekin ihes egiteko, bai sei hilabeteko haurra eta bai amona ere».

Azken batean, exodoaren benetako arrazoia ulertzeko, iheslariek jaioterrian duten errealitate ankerraz hitz egin beharra dago. Rivasek gerra egoeran dauden herrialdeen parean jarri du Honduras. «Inoiz ez da gerrarik izan, baina herrialde askotan baino bost bider indarkeria handiagoa dago». San Pedro Sula hirian, milioi bat biztanle izanik, egunean hamabost lagun agertzen dira tirokatuta, batez beste. Bagdaden eta Kabulen baino gehiago.

«Indarkeria indizeak itzelak dira». Villaseñorrek emakumeen kontrako indarkeriari ere erreparatu nahi izan dio: «Hondurasen, 2014tik 2017ra 2.300 emakume izan dira indarkeria matxistaren biktima. Kasu horietatik guztietatik 29 baino ez ziren ikertu, eta kasu bakar batean zigortu dute erantzulea. Iaz, datu ofizialen arabera, 380 emakume hil zituzten, eta bederatzi milioi laguneko herrialde batez ari gara hizketan».


Urtarrilean abiatu zen karabanaren irudi bat, Hondurasko Cucuyagua herrian egina. Gustavo Amador / EFE.

Inpunitatea estrukturala dela bat datoz Villaseñor eta Rivas. Azken horren arabera, hamar delitutik bakarra zigortzen da. «Hor hor zergatik dauden hainbeste emakume karabanetan. Gizon askok ere alabekin egiten dute ihes, etorkizunean babestuak egoteko». Villaseñorrek maren fenomenoa hartu du hizpide. «Neskatoak maren sareetan erortzen dira marero-ek begiz jotzen dituztelako, eta, halakoetan, ihes egin ezean, sexu esklabo bihurtuko dira, edo bahituak izango dira, edo bortxatuak, eta haurdun geratuko dira».

Arrazoi estrukturalak

Marak «indarkeria, beldurra eta izua» sortzen dutela dio Rivasek: «Estortsioaren bidez, urtebetean bi milioi dolar lortzen ahal dituzte; euren komunitateetako herritarrei errentak eta zergak ordainarazten dizkiete, kaleko dendariei, taxilariei, medikuei... Talde kriminalak dira, baina gazte pobreek osatzen dute, bizitzan aurrera egiteko baliabiderik ez dutenek, hezkuntzari ez dutenek, eta talde horiek lotura zuzena dute agintari gorenekin: erabateko konplizitatea daukate, eta hori oso konbinazio arriskutsua da».

Maren fenomenoaren kontra, estatuaren erantzun bakarra militarizazioa izan da, Rivasen ustez: Ikerlariaren arabera, «estatuaren gabeziak eta ahultasunak sortutako arrazoi estrukturalak» dira herritarrek ihes egiteko arrazoia: «Oso errotuta dauden arazo batzuk dira. Hondurasen, zuzenbide estatua sendotu beharrean, higatu egin da, eta politikariak, ustelkeriaz jokatuz, euren boterean gotortu dira, besteak beste euren interesak eta negoziazioak lehenesteko».

Defizit demokratikoaz ere mintzatu da: «2009an, estatu kolpe bat izan zen, neurri handi batean kanpotik zuzendua. Honduras kontrol eredu berri baten laborategia izan zen, eta, orduz geroztik, boterean dauden agintariek interesak dituzten multinazionalen esku utzi dute herrialdea. Estatua esku bateko behatzekin zenbatu daitezkeen pertsona batzuen esku dago. Forbes aldizkarian ateratzen dira denak. Estatu kolpetik eratorritako elite bat da». Juan Orlando Hernandez presidentearen hirugarren agintaldia «iruzur hutsa» dela dio: «Konstituzioak hirugarren agintaldia egitea debekatzen du, eta bozetan irregulartasunak izan ziren, baina agerian geratu da ez dagoela botere banaketarik, eta, hiru asteko protestak ikusirik, jazarpen itzel batez erantzun zuen gobernuak. Legez kanpoko gobernu bidegabea daukagu Hondurasen».

Pobrezia da milaka eta milaka lagunek, egun batetik bestera etxea eta jaioterria atzean utzi, eta ihes egiteko beste arrazoietako bat. Aurrean aurkituko dutena atzean uzten dutena baino samurragoa izango den itxaropenarekin abiatzen dira, baina baita horrela izango ote den jakin gabe ere.

Honduras aberatsa da baliabide naturaletan, baina kontinenteko herrialde pobreenen artean dago. «Haitiren parean gaude: hamar pertsonatik zazpi pobreak dira, eta zazpi horietatik lau, ezin pobreagoak. Pobrezia itzela da».

Iheslarien zeharkaldia ere, dena den, ankerra izaten da. San Pedro Sulatik Tijuanara 4.644 kilometro daude, eta oinez, kamioietan eta furgonetetan sartuta edo trenetan igota egin ohi izan dute bidea migratzaileek. Villaseñorrek ohartarazi du «talde kriminalen» eskuetan egon ohi direla ibilbideak: «Mexikora Tapachulatik sartu zen lehen karabana, eta mendebaldeko ibilbidetik joan zen, Pazifikotik. Ekialdekoa da ibilbiderik laburrena eta zuzenena, baina are arriskutsuagoa da, krimen antolatuak ia erabat kontrolatzen baitu». Bideko arriskuak zerrendatu ditu zuzendariak: «Lapurretak, bahiketak eta bortxaketak maiz gertatzen dira. Hamar lagunetatik zazpik salatzen dute bidean indarkeria motaren bat jasan dutela».


AEBetako mugaraino iritsi diren iheslarietako askok kalean jarraitzen dute. Irudian, Tijuanako gune bat. Alonso Rochin / EFE.

Hiltzea edo desagertzea da arrisku horien artean beltzena. Rivasek urtero seme-alaben bila abiatzen diren amen karabana aipatu du: «Ama batzuek hamabost urte daramatzate jakin gabe seme-alabak non dauden, bizirik edo hilik dauden. Samina ikaragarria da. Seme-alaben argazkia lepotik zintzilikatu eta herrialdea zeharkatzen dute galdekatuz ea ikusi dituzten». Mexikon migratzaileentzako dauden 150 aterpetxeak dira ama horientzako erreferentzia bakanetakoa.

Mugaren egoera

Herritarren «elkartasuna» ere nabarmendu nahi izan dute Villaseñorrek eta Rivasek. «Lehen karabanan, iheslariek herrietako kaleetan eta plazetan lo egin zuten, eta herritar zibilen babesa jaso zuten. Gobernuaren erantzuna lausoa izan zen». Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuarekin aldaketa sumatu dute. «Urtarrilaren 1ean iritsi zen presidentetzara, eta, sinbolikoa bada ere, esan daiteke auzi honetan beste begirada bat daukala», dio Villaseñorrek. Mexikoko Gobernuak banatutako txartelei esker, iheslariek aukera daukate urtebetez herrialdean egoera arautuan egoteko. «Urrats bat izan zen, baina kontua da hilabetez baino ez zela egon indarrean neurri hori. Hilabetean 12.000 txartel banatu zituzten, baina gero eten egin zuten programa hori».

Kezkagarria da Tijuanaraino iristea lortu duten iheslarien egoera ere. SMJko zuzendariak honela laburbildu du egoera: «Batzuk coyote-en bidez sartu dira, hesia saltatuz edo basamortua zeharkatuz; beste batzuk lanean ari dira, maquiletan, hilean 250 euroren truke, eta beste asko atxilotuak eta deportatuak izan dira». Tijuanako aterpetxeetan daudenen egoera ere «oso zaila» da: «Ikusezinak dira, espazio itxietan baitaude; batzuetan, atera ere ezin direla. Egoera ankerra da, eta oso arduratuta gaude».

Migratzea eskubide bat dela uste du Villaseñorrek, eta iheslarientzako asilo eta babes sistemak sustatu eta garatu behar direla. Kezka agertu du AEB Ameriketako Estatu Batuetako migrazio politikaren inguruan ere: «AEBetan asiloa eskatzen dutenek Mexikon egon behar dute erantzunaren zain, eta horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen du».

Donald Trump presidentearen diskurtsoarekin ere oso kritikoak dira bi adituak, uste baitute iheslariak kriminalizatzen ari dela. Trump legea zorrotz ezartzen ari dela ere salatu du Rivasek: «Paperik ez duen edozein deportatzen ari dira, edozein duela ere egoera. AEBetan hogei urte zeramatzan jendea deportatu dute. Barack Obamaren garaian delitu kriminalak zituztenak deportatzen zituzten, baina orain ez dago mugarik». Villaseñorrek gaineratu du gurasoek seme-alabak eskolara eramateari utzi diotela beldur direlako eskolan identifikatuko ote dituzten. «Kontua da lanean eta zergak ordaintzen aritu ahal zarela, baina egoera irregularrean, kontraesana bada ere». Estatutik estatura egoera aldatzen dela dio Rivasek: «Ez da gauza bera Kalifornian egon edo Texasen egon».

Haziak jartzen jarraitu behar dela argi dute bi adituek, «kontzientziak piztu, subjektu politikoak sortu, lidergo berriak eraiki eta mundua humanizatu».

BERRIAn argitaratua (2019/03/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA