astekaria 2019/03/22
arrowItzuli

bizigiro

Etxeko soberakinen gordelekua

Uxue Gutierrez Lorenzo

Etxeko soberakinen gordelekua

Erosi eta gorde. Logika horri jarraikiz, urteen poderioz ondasun materialak metatu egiten dira etxeetako armairu, tiradera eta apaletan. Batzuek, gainera, denbora tarte luzeak ematen dituzte apal batean pausatuta, hautsak janda eta jabeek ahantzita. Gauza horiek bota nahi ez, eta gordetzeko beharra nabaritzen dute askok. Ez dute, ordea, egunerokoan erabiltzeko asmorik. Orduan, pilaturiko ondasunek gainezka egiten dute gero eta murritzagoak diren etxe zein pisuetan. Horri konponbidea eman nahian alokatu edo erosi ohi dira trastelekuak, objektuak etxetik kanpo pila daitezen. Eta bada herritarren behar hori ogibide bihurtu duenik ere. Langileek azaldu dute zerbitzua ugaritzen ari dela, gizarteko fenomeno baten erakusleiho: etxeak gero eta txikiagoak dira, baina gero eta garestiagoak.

«2012an sortu genuen negozioa, nik eta nire ahizpa bikiak. Guk geuk erabili genituen antzeko zerbitzuak, baina Bilbon ez zegoen funtzio hori betetzen zuen negoziorik». Nahia Maruri Bilbox enpresako kudeatzailea da egun, eta bere azalean bizi izandakoak bultzatu zuen negozioa abiatzera. Azaldu duenez, Bartzelonan bizi zenean ezagutu zuen zerbitzua, eta antzera gertatu zitzaion ahizpari, Madrilen. Marurik aitortu du «zalantza askorekin, baina gogoz» egin zutela bi ahizpek Bilbora buelta, trasteleku alokairua lanbide bihurtzeko ideia buruan bueltaka zutela. Esan eta egin. Ideia hori erabaki irmo bihurtu zuten; zazpi urte igaro dira ordutik, eta negozioa hazi besterik ez da egin.


Bilbox enpresako kideek 1.000 trasteleku inguru dituzte 3.000 koadroko eraikinean, Bilbon. Aritz Loiola / Foku.

Sandra Andres funtzio berdina betetzen duen TKB negozioaren arduraduna da Gasteizen, Bilbon eta Donostian, baina bestelako hasiera bat izan zuen.«2006an zabaldu genuen lehen espazioa, Gasteizen. Guk bide luzea egina genuen bizikleta salmenten sektorean -BH enpresa-, eta negozioa dibertsifikatu nahian erabaki genuen trastelekuak alokatzeko espazio bat irekitzea».

Bilbox zein TKB, bien negozioak gora besterik ez du egin. Marurik hazkunde horren berri eman du: «2012an, 200 erabiltzaile inguru genituen, eta orain, aldiz, 1.000 trasteleku ditugu erabilgarri. Horietatik 810 inguru daude beteta oraintxe bertan». Andresek-eta, ostera, gaur-gaurkoz 1.200 trastelekuren bueltan dituzte alokagai, eta %90 dago alokatuta oraintxe bertan. Kopuruek gora egin dute, gorakada horren adierazle.

Erabiltzaile horiek guztiek espazio baten beharra duten arren, oso pluralak dira gelen barruan dituzten objektuen jatorria, erabilera eta itxura. «Familia, bildumagile eta kirolari askok dituzte haurrak», esan du Marurik. Andresek gehitu du «egunero erabiltzen ez diren objektuak» gordetzen direla, batik bat.


Langile bat altzariak trasteleku batetik ateratzen ari da. Aritz Loiola / Foku.

Bilboxen bezeroa da Ismael Caperos, eta bost urte daramatza trastelekua erabiltzen: «Autobidetik igarotzen ari nintzela ikusi nuen eraikina. Etxetresna elektrikoak eta erremintak gordetzen ditut». Mikel Martinezek, berriz, maletak, kutxak eta autorako ordezko piezak ditu gordailuan. Horrelakoetan, espazioak «epe luzerako» alokatzen dituzte oro har, etxetik kanpoko gela osagarri gisa. Baina badira beste epe motzeko bi kasu: eraberritze lanak eta etxe lekualdaketak. Horrelakoetan, alokaldia motzagoa izaten da, eta, hori jakinik, Andresek adierazi du zerbitzuak erabat malguak direla. «Erabiltzen duzuna ordaintzen duzu. Gutxienekoa hamabost egun izan ohi da, eta, hortik aurrera, erabilitako egun zehatzak ordaintzen dituzu». Hortaz, prezioak aldagarriak dira: metro karratu bateko trastelekuak dira txikienak, eta hilean 30 euro balio dute, gutxi gorabehera. Batez beste, hiru metro koadro dituztenak dira erabilienak, eta horiek 90 euro inguruko kostua dute hilean.

Ohiko itxuraren aurkakoa

Trastelekuen itxura «ohikoaz» jardun da Maruri.« Zikinak, hezeak, eta ilunak, inork joan nahi ez duen toki horiek izan ohi dira trastelekuak. Gureak, aldiz, trasteleku arrunten antitesia direla esan daiteke». Asmo horrekin, ohikoa irauli dute, eta Bilboxen eraikinak erabat argiztaturiko 3.000 metro koadro ditu, eta 1.000 gela zuri-berde.«Ohiko trastelekuak gune deserosoak izan ohi dira. Gune ezatseginak dira, eta lapurreta ugari izaten dira bertan», gehitu du Marurik. Eta Andresek ere iruditegi arrunt horren sokatik tiraka segitu du. «Tradizionalki, trastelekuak etxebizitza blokeen teilatuetan egoten ohi ziren, eta igogailua ez zen ateraino iristen. Herritar asko nekatu dira eskailera horiek igotzeaz edo espazio horien segurtasun gabeziaz». Hori dela eta, Bilboxeko zein TKBko kideek segurtasuna dute ardatz trastelekuen eredu berria goraipatzerakoan. Horrek no- la funtzionatzen duen zehaztu du

BERRIAn argitaratua (2019/03/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA