gizartea
Iruña eta Iruñea artean galduta
Ion Orzaiz
Euskaltzaindiak 1979. urtean argitaratu zuen Euskal Herriko udalen izendegia. Bertan jada Iruñea azaltzen zen, eta ez Iruña. Garai hartan, Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko buru zen Koldo Mitxelena. Ordurako, artikulu luze bat idatzia zuen Iruñea formaren alde -1958koa-, eta bertan azpimarratzen zuen forma hori zela zaharrena eta jatorrena.
Erabakiak, baina, polemika piztu zuen, baita euskaltzainen artean ere. Aita Polikarpo Iraizozkoak, adibidez, Iruña jo zuen egokiagotzat, eta beste artikulu bat idatzi zuen, Mitxelenari erantzunez. Euskaltzain nafarrak argudiatu zuen Iruña forma, ezagunagoa izateaz gainera, antzinako testu askotan azaltzen dela. Euskaltzaindiko arduradunek, ordea, ez dute irizpidea aldatzeko motiborik ikusten. «Mitxelenak proposatu zuenean bezain egokia da gaur egun ere», laburbildu du Roberto Gonzalez de Viñaspre Onomastika batzordeko buruak: «Iruña izena oso erabilia da eta iturri dokumental zaharrenetan ageri zaigu, hori ez du inork ukatzen. Mitxelenak frogatu zuen moduan, lekukotasun horiek guztiak gaztelaniaz, erromantzez edota latinez idatzitako iturrietatik datoz. Iruña aldaerak izan du, bai, erabilera zabala, baina betiere erdaraz, eta ez euskaraz».
Mikel Belasko hizkuntzalari eta Onomastika elkarteko idazkariarentzat, bietatik egokiena zein den ebaztea «ez da auzi erraza», denboraren lainoak lausotuta azaltzen baita izenaren jatorria bera: «Iruñea edo Iruña oso izen zaharra da. Jatorria ulertzeko, duela 2.000 urteko erroetara jo behar duzu, eta horrek zaildu egiten du dena».
Esanahiari dagokionez, ez dago hipotesi bakarra, baina filologo eta hizkuntzalari askok lotura zuzena egin dute hiri hitzaren eta Iruñea leku-izenaren artean. Horiekin bat dator Belasko: «Ptolomeo eta Estrabon greziar historialariek aipatu zuten hemen bazegoela Pompailon izeneko toki bat, eta haiek Pompeiopolis izenarekin itzuli zuten grezierara. Pompeioren hiria, alegia. Pompeio izena kenduta, ilon atzizkia gelditzen da, grezierazko polis [hiria] horrekin parekatzen dena. Eta ilon hori izanen litzateke, hain zuzen, Iruña edo Iruñea. Grezierazko hiria hitzaren gurasoa, nolabait esanda». Teoria horren arabera, erro komun bat izanen lukete Pamplona eta Iruñea izenek.
'Iruña', tradiziozko izena
Gaztelaniazko izenak ez bezala, euskarazkoak ez du, duela gutxira arte, forma ofizialik izan. «1990. urtera arte ez zen ofizialdu; hiriburuaren euskarazko izenak bi mila urte baino gehiago eman ditu ahoz aho eta euskalkiz euskalki, modu nahiko basan. Erabakia hartzeko unea iritsi zen arte: nola idatziko dugu hau agiri ofizialetan eta seinaleetan?». Galdera horri erantzuteko, Nafarroako Gobernuak txosten bat eskatu zion Euskaltzaindiari. Akademiak -Mitxelenaren lanak oinarri gisa hartuta- Iruñea formaren aldeko jarrera agertu zuelarik, baina, Nafarroako Gobernuak ez zion jaramonik egin, eta Iruña ezarri zuen, izenaren «tradizioa» argudiatuta.
«Iruña hedatuago zegoen hemengo kulturan Iruñea baino», azaldu du Mikel Arregi Euskarabidea institutuko zuzendariak. 1990ean, Arregi ez zegoen Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako departamentuan -PSNko Gabriel Urralburuk zuen aginte makila-, baina ezagun ditu Iruña forma lehenesteko erabili ziren argudioetako batzuk: «Irizpide sozialak erabili ziren Euskaltzaindiaren txostena aintzat ez hartzeko. Cafe Iruña, Los Iruñako, Mercairuña eta horien gisakoak ezagutzen zituen jendeak. Bazegoen forma horren aldeko tradizio bat, erdaraz, batez ere».
Iruñeko Udalak ere bat egin zuen Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarekin, eta gisa horretan idatzi zuen hiriaren izena afixetan, bideko seinaleetan nahiz txostenetan. Izena deklinatzeko garaian, ordea, men egin zioten Euskaltzaindiaren irizpideari. Hala, hiriaren izen ofiziala Iruña zela ebatzi arren, Iruñeko, Iruñetik eta Iruñera idatzi zuten agiri ofizial guztietan. Adituen esanetan, horrek «eskizofrenia puntu bat» erantsi dio auziari.
Berez, Iruñeko Toponimia Batzordeak 1997. urtean hartu zuen erabaki hori, Euskaltzaindiaren nahiz administrazioaren irizpideak uztartzeko xedez. «Kontsentsuzko irtenbide bat izan zen hori, asmo onez egina, baina itzultzaileoi sekulako buruhauste teknikoak ekarri dizkiguna», azaldu du Inma Erreak, Iruñeko Udaleko Euskara zerbitzuko buruak.
Batzorde horretan planteatu zen hiriaren izenaren inguruko auzia. Errearen esanetan, ordea, garai hartako agintariek deklinabidean bakarrik onartu zituzten aldaketak: «PSN, CDN eta EBren arteko hirukoa agintean zen Iruñeko Udalean, eta PSNko Joaquin Pascal zen toponimia batzordeko presidentea. Euskararekiko jarrera irekiagoa agertu nahi zuten, baina Iruñearen izena marra gorri bat zen. Hasieratik beretik oso argi utzi zuten izena bera ez zela ukituko».
Euskara zerbitzuko buruaren ustez, «hizkuntzaren esparrutik kanpo» sortutako arazoa izan zen hura, eta lotura zuzena du hizkuntzaren estatusarekin: «Halakoak gertatzen dira soilik normalizatu gabeko hizkuntzetan. Gaztelaniaz, adibidez, pentsaezina da halako eztabaida bat: akademiak ezarriko du irizpidea, eta jendeak izanen du bere iritzia, eztabaida batzuk sortuko dira, baina, horien gainetik, araua gailenduko da beti. Batera doaz autoritate akademikoa eta autoritate politikoa. Euskararekin, ordea, ez da hori gertatzen, eta ezbaian jartzen dira akademiaren erabakiak».
Egoera «eskizofreniko eta deseroso» hori bukatzeko eskatu du Erreak: «Erabakitzen dena edozer dela ere, irizpide bakar bat finkatu beharko genuke. Iruña baldin bada, horren arabera deklinatu: Iruñako, Iruñatik... Eta bestela, Iruñea izan dadila kasu guztietan. Izan ere, deklinabideak baditu bere arauak, eta horietatik kanpo mugitzen ari gara uneotan».
Biak ofizialak?
Arazo praktiko horiek saiheste aldera, Mikel Belaskok bestelako proposamen bat egin die Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari: Iruñea eta Iruña, biak ofizial bihurtzea. «Alde batetik, Iruñea ofizialdu beharra dago, Euskaltzaindiak bultzatuta, forma hori baita euskara idatzian gehien erabiltzen dena; bestalde, Iruña ere zuzena da, eta historia luzea du. Hortaz, nik proposatzen dut Iruñea-ri lehentasuna ematea, baina Iruña ere aitortzea, alonimo edo aldaera gisa». Legealdia agortzear dela, baina, administrazioek ez dute urratsik egin, eta ez dirudi hauteskundeen aurretik auziari helduko diotenik.
Izena aldatzeko eskuduntza ez dagokio udalari, Nafarroako Gobernuari baizik. Mikel Arregiren ustez, baina, aldaketa oro Iruñeko Udalaren oniritziarekin egin beharko litzateke: «Iruñea formari izaera ofiziala emate aldera, beste edozein izen aldaketaren gisara tramitatu beharko litzateke. Horrek eskatzen du Iruñeko Udalak proposamena egitea gobernuari, beste kasu batzuetan egin den bezala, eta gero gobernuak bide emanen lioke eskaera horri».
Nafarroako Gobernuak izen aldaketa horiekiko agertu duen jarrera, baina, ez da beti berbera izan. UPNren agintaldian, esaterako, gobernuak atzera botatzen zituen eskaerak udalek euskarazko izena bakarrik ofizialdu nahi zutenean, gaztelaniazkoa baztertuta. Udalerri horiek auzitara jo behar izaten zuten euskarazko izena jarri ahal izateko. Orkoien da izen ofizialaren aldaketa auzitegian lortu zuen udalerrietako bat (2005ean). Izen elebidunen kasuan, ordea, gobernuak ez zuen oztoporik jartzen. Laukoa agintera iritsi zenetik, irizpide orokorra da udalen eskaerak bere horretan onartzea, Euskaltzaindiaren gomendioekin bat egiten badute, betiere.
Euskarabideko zuzendariak uste du, dena den, Iruñearen kasuak «ezaugarri propioak» dituela: «Gobernuarentzat konplikatua izan liteke erabaki hori praktikara eramatea. Iruñeak seinalizazioan, agirietan eta bestelakoetan duen eragina oso handia da, eta hori guztia ezin da egun batetik bestera aldatu. Prozesu bat beharko litzateke gizarteak aldaketa normaltasunez ikusi arte». Edonola ere, uste du Iruñeko Udalari dagokiola lehen urratsa egitea: «Hortik aurrera, ez genuke oztoporik jarriko».