astekaria 2019/03/22
arrowItzuli

bizigiro

ADELA ANDIKOETXEA

«Urte hauetan prozesu osoa nik bakarrik egin dut: landatzetik saltzeraino»

Zihara Jainaga Larrinaga

«Urte hauetan prozesu osoa nik bakarrik egin dut: landatzetik saltzeraino»

Bizkaiko ortuen erregina izena jarri zion behin kazetari batek Adela Andikoetxea nekazariari (Urduliz, Bizkaia, 1954). Gaztea zela, nahi gabea hasi zen ortuariz inguratzen, eta, ordutik, 30 urte baino gehiago egin ditu astero azokaz azoka produktuak saltzen. Denbora horretan, 700 sari baino gehiago irabazi ditu. Mimo handiz zaintzen ditu bere produktuak, eta ahalik eta posturik itxurosoena jartzen saiatzen da azoketan. «Kolorea eta aukera handia izatea da garrantzitsuena». Joan den martxoaren 1ean, urteotan egindako ibilbidea aitortzeko omenaldia egin zioten Bizkaiko Batzar Nagusietan, baita beste hiru emakume bizkaitarri ere. Omenaldi hori aurretik jaso dituen 700 sariak baino garrantzitsuagoa da Andikoetxearentzat: «Beste emakumeekin alderatuta, nik zer egin dut bada, azokatik ortura eta ortutik azokara ibili baino».

Zer zailtasun izan dituzu zure ibilbidean, emakume izateagatik?

Ez dut inoiz zailtasun handiegirik izan. Urte hauetan, prozesu osoa nik bakarrik egin dut: landatzetik saltzeraino. Ni naiz neure nagusia, ez nago goitik agindu ahal didan inoren menpe. Horregatik, nire esparruan, behintzat, ez dut egoera matxistarik bizi izan. Egia da saltzaile gehienak emakumeak garela ere.

Zure lana baloratua ikusi duzu urte hauetan?

Gehienbat bezeroek baloratu dute, oso bezero onak izan ditut. Ezin naiz kexatu.

Eta etxean nola sentitu zara?

Etxean lana, lana eta lana; ia bizitza osoa lanean eman dut. 30 urte nituela hasi nintzenetik, ez dut besterik egin.

Kontziliazioa zaila da?

Oso zaila, esfortzu handiko urte asko izan dira bata bestearen atzetik. Negutegietako lanari batu behar zaizkio etxea eta umeak zaintzea ere. Halaber, astean bizpahiru aldiz joaten nintzen azoketara edo merkatura.

Nolatan hasi zinen nekazaritzan lanean?

Gaztetan, ez zitzaidan batere gustatzen ortuko lana. Enpresa batean motorrak muntatzen egiten nuen lan, eta joskintzan ere ibilia nintzen. Aita hil zenean, baina, amak ortua hiru ahizpon artean banatu zuen. Eta, hasieran, ortuko produktuak gertukoen artean banatzen genituen. Negutegi txiki batekin hasi zena urteetan handituz joan zen. Etxeko negutegiez gain, lursail gehiago erosi genituen, eskariak gero eta ugariagoak zirelako.

Enpresako lana uztera derrigortua sentitu zinen?

Enpresa garai haietan ez zebilen ondo, eta ni haurdun gelditu nintzen bi aldiz denbora laburrean. Senarrak nik baino lan hobea zuen, baina ez geneukan umeak zaintzeko norbait hartzeko behar beste diru. Horregatik, enpresako lana uztea erabaki, eta etxera itzuli nintzen seme-alabak zaintzera. Nire nahia etxetik kanpo lan egitea zen, baina ez zen hala suertatu.

Martxoaren 8an greba egin zenuen?

Ez. Hurrengo egunean Bilbon azoka nuen, eta dena prestatzen ibili behar izan nintzen.

Planteatu zenuen greba egitea?

Ez dut inoiz grebarik egin, lan egin behar izan dut urteko egun guztietan. Halaber, ez dut inoiz oporrik izan. Lanean ez dut inoren laguntzarik; nik egin ezean, nork egingo du?

Zer gertatuko litzateke emakume nekazariak egun batez geldituko balira?

Egun batez, ezer ere ez; baina hilabete batez, geldituko balira, bai, ziur. Auskalo zer gertatuko litzatekeen.

Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?

Etxea ortuariz betetzen hasi zenean, merkatura eta azoketara joaten hasi nintzen. Jendeari nire postuaren itxura gustatzen zitzaiola konturatu nintzen orduan. Eta, gero, Bizkaiko herri gehienetatik eta Gipuzkoako batzuetatik ere deika hasi zitzaizkidan, haietako azoketarako joateko. Astero, gutxienez, azoka batera joan naiz. Garai hartan, gainera, azoka guztietan hainbat sari ematen zituzten. Nire lehenengo azokan, Algortan, adibidez, hirugarren saria lortu nuen ustekabean.

Ostean, 700 saritik gora jaso dituzu zure ibilbidean. Zein da gakoa?

Ez dut inoiz jakin.

Sari guztien atzean dagoen lana, baina, ez da txikia izango.

Esfortzua eta ardura daude. Produktuen aukera handia izateko ardura, hori baita lehiaketetan gehienbat puntuatzen dutena.

Zuretzat, zer da garrantzitsuena?

Postuan koloreak konbinatzea gustatzen zait; betiere, garaiko produktuaren arabera. Horrez gain, dekorazioan arreta jartzea eta bezeroarentzat produktua aukeratzea atsegin dut.

Hemengo barazkiez gain produktu exotikoak ere izaten dituzu azoketan. Nolatan iritsi zinen horietara?

Nekazaritza alorrean erabat murgilduta nengoela Frantziatik katalogoak bidaltzen zizkidaten, eta bertatik, adibidez, piperminak eskatzen nituen. Horrez gain, beste herrialde batzuetara joaten ziren lagunek eta ezagunek haziak ekartzen zizkidaten eta hemen landatzen nituen.

Produktu desberdinak izateak zenbaterako eragina du Euskal Herriko azoketan?

Postuari ukitu berezi bat ematen diote, koloreak konbinatzea errazten du, eta sariak jasotzeko aukerak handitzen dira. Baina produktu horietatik gehienak ez dira saltzen, erakargarriak dira baina erakusketarako soilik balio dute, bota egin behar izaten dira.

Zure ortuariak ekologikoak dira?

Eko naizen galdetzen didaten bakoitzean, erantzuten dut segur aski ekologikoak direla diotenak baino gehiago naizela. Ekologikoa izateko, ziurtagiri berezi bat behar da, eta nik izendapen hori ez dut. Bero handiak eta bat-bateko tenperatura aldaketak izaten direnean, gaixotasunak azaltzen dira, eta horiei, nahitaez, produktu kimikoen bitartez egin behar izaten zaie aurre; bestela, negozioa hondoratu egiten da. Inork ez du erosten bareak dituen letxugarik.

Orduan, diozunez, ez da posible %100 ekologikoak diren barazkiak eskuratzea?

Beraien burua ekologikotzat duten pertsonek ere produktu kimikoak bota behar izaten dizkiete barazkiei, halabeharrez. Are gehiago, araututa daude bota daitezkeen eta bota ezin daitezkeen produktu kimikoak. Zomorroak niri azaltzen bazaizkit, gainontzeko nekazariei ere azaldu behar zaizkie. Intsektuentzako tranpak denok jartzen ditugu, baina, hala ere, guztiz desagertzea ezinezkoa da. Tomatea tratatu gabe lortzea, adibidez, oso zaila da.

Urte hauetan guztietan, zein bilakaera ikusi duzu azoketan?

Lehen, askoz gehiago saltzen zen. Egun, aldiz, dozenaka kilorekin itzultzen naiz etxera, eta lehen baino produktu gutxiago eramaten ditut azokara.

Salgune handietako eskaintzak jaso zenituen hasieran, baina baztertu egin zenituen. Zer dela eta?

Nekazari xume bat nintzen garai hartan, eta nire lehentasuna azokak ziren, bezeroekiko zuzeneko harremana asko estimatzen dut. Saltoki handiek salgairik onenak nahi zituzten, eta ez nengoen prest hori beraiei emateko.

Portugaleteko merkatua toki berezia da zuretzat.

Hantxe hasi nintzen. Negutegiak handitzen hasi ginenean, barazki asko izaten nituen sobran, eta hara joaten hasi nintzen. Ia hogei urtean postu finkoa izan nuen. Astero joaten nintzen, udan baita astean hiru aldiz ere.

Zer da nekazaritzak eman dizun onena?

Batetik, bezeroen maitasuna eta berotasuna; eta, bestetik, jende asko ezagutzeko aukera. Bezero leialak izan ditut. Saltzaileak, bestalde, gehienak ni baino nagusiagoak ziren arren, asko lagunak egin gara. Azoketan, elkartu, eta guretzat tarte bat hartzen genuen. Lehengo saltzaileok elkar gehiago babesten genuen, oraingoekin alderatuta.

Eta unerik gogorrena?

Asko izan dira. Sarritan pentsatu dut dena bere horretan utzi eta pikutara bidaltzea.

Enpresako lana utzi eta hartutako erabakiaz damutu zara noizbait?

Ez nuke damu hitza erabiliko, baina askotan pentsatu dut hainbeste lan egin eta bizitzaz ez gozatzea zenbateraino merezi duen. 35 urtetan ez dut opor egun bakar bat ere izan, eta bi azokatara soilik faltatu naiz: behin, gaixorik nengoelako, eta, bestea, senarrak arazo bat izan zuelako.

Zeren falta sumatu duzu urte hauetan?

Jende berri asko ezagutu dut, baina herriko lagunik, adibidez, ez dut izan, ez naizelako etxetik ateratzen, asteburuetan azoketara ez bada.

Familian erreleboa hartuko dizu norbaitek?

Ez. Baina nik ere ez dut nahi lan hau seme-alabentzat. Sakrifizio handiko lana da.

Zer gomendio emango zenioke emakume nekazari hasiberri bati?

Lan hau oso gogorra da, eta, nire ustez, askoz hobea da ikasketak egitea. Baina hautua egiten badute, gu izan ginen baino azkarragoak izan behar dira. Egia da, baina, egungo emakume nekazariek guk izan ez genituen laguntza asko dituztela.

BERRIAn argitaratua (2019/03/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA