mundua
Eragotzi zitekeen genozidio bat
Ander Perez Zala
Apirilaren 7an 25 urte beteko dira Ruandan muturreko hutuek tutsien eta hutu moderatuen aurkako genozidioa hasi zutenetik. Ehun eguneko epean, 800.000 eta milioi bat zibil artean hil zituzten; ehunka mila laguni bizi osorako ondorio fisiko eta psikologikoak eragin zizkieten; milaka emakume bortxatu zituzten; ehunka mila haur umezurtz geratu ziren; eta beste hainbestek ihes egin behar izan zuten. Sarraskiak ondorio lazgarriak utzi zituen: gizartearen kohesioa eta eraikuntza erabat suntsitu zituen, eta hautsi egin zuen ruandarren batasuna eta elkarrekiko konfiantza.
NAZIOARTEA GENOZIDIOAN
Genozidioaren hasiera gertakari batek eragin zuen: 1994ko apirilaren 6an, Juvenil Habyarimana Ruandako presidentea hil zuten, haren hegazkinari eraso eginda; Burundiko presidente Cyprien Ntaryamira ere hil zuten eraso horretan. Orduan ez zegoen argi nor izan zen egilea, baina Ancelek orain argi du: «Orain badakigu, Frantziako Justiziaren balistika aditu bati esker, hegazkina bota zuten bi misilak Kanombeko base militarretik bota zituztela [Kigali ingurutik]; base horretan, Ruandako armadaren eliteko unitateak zeuden, Frantziak entrenaturikoak. Beraz, egun badakigu muturreko hutuek antolatu zutela euren presidentearen hilketa. Horren ondoren, muturreko hutuek osaturiko gobernu berria osatu zuten; hori, gainera, Frantziako enbaxadaren lokaletan. Hortik aurrera, Frantziaren etengabeko babesa izan zuten».
Hasiera-hasieratik, eta gaur egun arte, Eliseoaren jarrera anbiguoa izan da: «Guri esan ziguten bi talderen arteko sarraskiak zirela. Ruandara iristean, konturatu ginen diferentzia handia zegoela esan zigutenaren eta gertatzen ari zenaren artean. Ez genuen neutroak izateko arrazoirik; erasotzaile bakarra zegoen, eta, halere, esan ziguten RPF oztopatzeko, jakinda horiek zirela genozidioaren aurka ari zirenak. Denbora asko pasatu genuen genozidioa egiten ari zirenak babesten». Frantzia, gainera, Nazio Batuen Erakundetik (NBE) «guztiz bakartu» zen, eta, gainera, horri gehitu behar zaio erakunde horrek ez zuela «ondo jardun» Ruandan: «Kigalin 2.500 soldadu inguru zituen genozidioa hasi zenean, eta ez zuen batere egin. Erakunde kolektiboa guztiz paralizatu zen; ez nau harritzen NBEko estatuak eztabaida amaigabeetan murgildu izana».
Ancel genozidioaren 65. egunean iritsi zen Ruandara, 1994ko ekainaren 22an, eta begien aurrean ikusi zuen sarraskia. Garai horretan, RPFren garaipena hurbil zegoen: «Gobernuaren indarrak RPFren aurkako borroka galtzen ari ziren. Nire ustez, denbora gehiago pasatzen zutelako tutsiak hiltzen RPFren aurka egiten baino. Eta justu egun horretan [ekainaren 22an] erabaki zuen Eliseoak operazio bat egitea, ofizialki humanitarioa zena, baina praktikan militarra izan zena».
Talde hori iritsi aurretik, muturreko hutuek jada ehunka mila tutsi eta hutu moderatu hil zituzten; sarraski antolatua izan zen. Vidal estrategiaz mintzatu da: «1994ko Ruanda oso gutxi urbanizatuta zegoen. Genozidioa, gehienbat, landa eremuetan izan zen. Bi taktika erabili zituzten: batetik, tutsiak leku itxietan elkartzea, elizetan, eskoletan... eta granadak erabiliz eraso egitea, milizien bidez edo zibilen bidez. Bestetik, tutsiak euren ingurugiroan blokeatzea, eta gero exekutatzea. Hori bandek egiten zuten, buruzagi lokalek ordainduta». Eraso horiek, hasieran, pistolak erabiliz egin zituzten, eta, gerora, aihotzekin; arma hori sarraskiaren ikonoetako bat bilakatu zen.
Eraso horiekin lotuta, Ruandan kontatu zioten gertakari bat ekarri du gogora Ancelek: Frantziako armadako kide batzuk ustez RPFko milizianoak zeuden toki batera joan zirenean, horien ordez ehunka herritar aurkitu zituzten, «zonbiak balira bezala» zeudela. «Basera itzuli, eta horiek ebakuatu behar zituztela esan zieten agintariei. Ezezkoa jaso zuten, hori ez zela haien misioa».
Zergatik hartu zituzten erabaki horiek? Eta zeren ondorio izan zen genozidioa? Zalantzarik gabe, Frantziako armadaren ekintzek, Eliseoaren aginduek baldintzatuta, eragin zuzena izan zuten, baita NBEren ekintzarik ezak ere. Baina ez hori bakarrik: Ruandaren historiaren errepasoa egitea besterik ez dago ohartzeko genozidioaren haziak Europako kolonizatzaileek jarri zituztela; mendeetako erabaki politiko eta estrategikoen ondorio izan zen genozidioa.
HUTUAK ETA TUTSIAK
Bi protagonisten, hutuen eta tutsien arteko gorrotoak baditu oinarri historikoak, baina bien arteko harremana ez zen beti era horretakoa izan. Zatiketa ulertzeko, lehenik beharrezkoa da ruandarren berezko bizimodua eta harremana ezagutzea.
Hiru talde agertu ziren egun Ruanda eta Burundi diren eremuetan: twak VI. mendean; hutuak VII. mendean; eta tutsiak VIII. eta IX. mendeen artean. Gehienak nekazaritzari esker bizi ziren: hutuek lurra lantzen zuten, eta tutsiek abereak zituzten. Lehenak Afrika ipar-mendebaldetik iritsi ziren, eta bigarrenak, Victoria aintziraren hego-mendebaldetik. Twek, berriz, ehiza zuten oinarri, eta mendietan bizi ziren, beste bietatik bakartuta.
Kolonialismoaren aurreko garaian, hutuak, tutsiak eta twak herri bakarra ziren, eta ruandartzat zuten euren burua. Kultura bera zuten, eremu berean bizi ziren, eta hizkuntza bera hitz egiten zuten -kinyaruanda-. Lotura horiek garrantzitsuak ziren, kohesiorako elementuak baitziren. Gainera, ruandarren arbasoei buruzko istorioen arabera, hutuek, tutsiek eta twek arbaso bera dute: kanyaruanda. Beraz, familia bereko senideak ziren: hori zen sinesmena ruandarren artean.
Botere egiturari dagokionez, hutuak eta tutsiak klanetan bizi ziren, eta horietako bakoitzak lider bat zuen. Egitura bertikala zen, hierarkikoa. Hasiera batean, klan horietan estatus berezia zuten abereak zituzten familiek. Vidalen iritziz, honako hauek dira harreman hori ulertzeko gakoak: «Hutuek eta tutsiek hizkuntza bera hitz egiten zuten, baita orain ere, eta garai horretan sinesmen berak zituzten. Hutuen eta tutsien arbasoak nekazariak eta abere zaintzaileak ziren, hurrenez hurren. Abereak ziren aberastasun gorena, eta erregetzari loturiko leinuak ziren abere gehien zutenak. Horiek zeuden gizartearen gehiengoaren gainean; alegia, nekazarien gainetik. Harreman ekonomikoak etengabeak ziren, lur beretan bizi baitziren, zelai handietan».
Antolaketa sistema horretan, postu gorena zuen erregeak -mwami-ak-, eta klanen liderrek leialtasuna zioten. Sistema zentralizatu bat garatu zen arren, ez zen monarkikoa, eta klanen liderrek autonomia zuten. Baina, horien gainetik, erregea zegoen beti; egitura horretan, Vidalek bi etnien arteko harremanaren gakotzat du erregetzaren jatorria nekazaritzatik zetorrela: «Horren ondorioz, tutsien leinuek osatzen zuten erregetzaren ingurunea. Leinu horietatik errekrutatzen zituzten herrialdeko buruzagiak». Tutsi hitza, berez, abere anitz zituen norbanako batez aritzeko erabiltzen zuten; hutu hitzak mendeko esan nahi zuen.
KOLONIALISMOA
XIX. mendearen amaieran hasi zen hausten ruandarren batasuna, Europako kolonizatzaileen erabakien ondorioz. 1884. eta 1885. urteen artean Berlinen egindako konferentzian, kolonizatzaileek Alemaniako Inperioari eman zioten egun Ruanda eta Burundi diren eremuaren kontrola. Inperioak ez zuen zuzenean agindu, baizik eta buruzagi lokalen bidez, eta erregeari agindu zioten haren agintea zentralizatzeko, mendeetako sistema aldatzera behartuz; hori izan zen lehen aldaketa handia, tutsien boterea areagotzearekin batera. Erabaki oro, iritzi arrazistetan oinarrituta.
Horietan erabakigarriena izan zen Kamiten mitoa. Teoria horren arabera, Afrikan aurkituriko baliozko edozer gauza kamitek kontinente horretara eramandakoa da; ideia horrek dio kamitak direla kaukasoarren ondorengoak, eta Harri Aroan Afrika iparraldera joan zirela, eta hortik hedatu zirela kontinente osora.
Logika horri jarraituz, alemaniarrentzat tutsiak ziren kamiten oinordeak, eta, beraz, horiek lehenetsi zituzten. «Alemaniak erregimen monarkikoari eutsi zion, baina hori kontrolatzeko asmoz. Buruzagitzak modernizatu zituzten, eta horien ondokoak lehenetsi zituzten hutuen aurretik. Tutsiak eskolatu zituzten. Eta, beraz, gizarteko parte garrantzitsuenak monopolizatu zituzten». Kolonizatzaileen mito horrek, zalantzarik gabe, hutuen gorrotoaren lehen harria jarri zuen, eta mendeetako harreman baketsuari eta batasunari kolpe latza eman. Kolonizatzaileentzat, tutsiak ziren «arraza gorena».
I. Mundu Gerraren ondoren, Alemaniak bere koloniak utzi behar izan zituen, Versaillesko Itunak (1919) behartuta. Nazioen Ligak erabaki zuen Ruanda eta Burundi Belgikaren agindupean jartzea; Vidalen iritziz, Belgikak «sakondu egin zuen» Alemaniako Inperioaren joera kolonialista, eta hutuen eta tutsien arteko desberdintasun sozialak finkatuta geratu ziren. Izan ere, belgikarrek egoera sozioekonomikoak hartu zituzten oinarri gisa, eta horien arabera antolatu zuten gizartea; alegia, hiru taldetan zatitu zituzten ruandarrak. Horrez gain, herritarrak hutuak edo tutsiak ote ziren definitzeko, kolonizatzaile belgikarrek buruaren eta sudurraren tamainak hartu zituzten oinarritzat; horrekin batera, nortasun agiriak inposatu, eta horietan norbanako bakoitzaren etnia zehaztu zuten 1931n.
Belgikako Gobernuak, gainera, tutsien eliteko kideak bakarrik izendatu zituen goi karguetarako, eta tutsiek soilik zuten eskubidea eskolara joateko, zergak biltzeko eta aske mugitzeko. Hutuak, aldiz, gero eta pobreagoak bilakatu ziren, eta horien haserrea handitu egin zen urteek aurrera egin ahala. Kolonialismoan hartutako erabakiek eta diskriminazioak eragin zuzena izan zuten gerora gertatu zen genozidioan.
1960KO HAMARKADA
XX. mendearen erdialdean, deskolonizazio mugimenduak indarra hartu zuten Afrikan eta Asian. Burundiren kasuan, belgikarrek lehenetsitako tutsien elitea independentziaren alde agertu zen, eta, horren ondorioz, tutsien eta belgikarren arteko harremana hoztu egin zen. Egoera horri aurre egiteko, Belgikako Gobernua hutuak lehenesten hasi zen; 1957an, Hutuen Emantzipazio Mugimenduaren Alderdia (MDR-Parmehutu) sortu zuten hutuek.
Estrategia aldaketa hori mugarri izan zen, hutuak ere independentziaren alde agertu baitziren. MDR-Parmehutuko buruzagiak, gainera, Kamiten teoriaren aurka agertu ziren, eta hori mehatxu bilakatu zen tutsientzat. Mutara III.a 1959an hil zenean, hutuak tutsien eta belgikarren aurka matxinatu ziren, eta «iraultza soziala» deklaratu zuten. Matxinada horretan milaka tutsi hil zituzten, eta beste hainbestek ihes egin behar izan zuten.
Egoera horretan, Belgikak indargabe ikusi zuen bere burua, eta agintea NBEri eman zion. 1960an hauteskundeak egin zituzten, eta MDR-Parmehutu izan zen garailea; monarkia abolitu, eta buruzagi tutsien tokia hartu zuten buruzagi hutuek. Horren ondorioz, milaka tutsik Ruandatik ihes egin zuten; herrialde independentea bilakatu zen bi urteren ostean.
HABYARIMANAREN AGINTEA
Gerora erabakigarria izan zen politikari bat, Habyarimana, 1973an iritsi zen boterera. Garai horretan, alderdi bakarreko sistema zegoen, eta, beraz, hutuen MDR-Parmehutuk zuen boterea. Habyarimanak, joerei eutsi, eta kolonialismo garaiko nortasun agiriak lehenetsi zituen, baina kontrako zentzuan, hutuak tutsien gainetik jarrita. Tutsi batzuk Ruandako eremu oihantsuetara lekualdatu zituzten, behartuta; gehienbat.
Habyarimana, gainera, atzerrian zeuden tutsien itzuleraren aurka agertu zen: «Jende gehiegi dago Ruandan, eta elikagai gutxi ditugu». Garai horretan, ekonomiak okerrera egin zuen kafearen prezioa amildu zelako, eta familia asko pobrezian sartu ziren.
Horren ondorioz, erbestera joan ziren tutsien ondorengoek RPF sortu zuten; garai horretan, Ruandako milioi bat tutsi bizi ziren atzerrian, eta haien xedea zen aberrira itzultzeko eskubidea segurtatzea. Horren aurrean, gobernuak zatiketan eta diskriminazioan oinarrituriko propaganda abiatu zuen; eta, ideia horiek zabaltzeko, berebiziko garrantzia izan zuten hedabideek.
PROPAGANDAREN INDARRA
Atzerriko indarren eragina batez ere 1990eko hamarkadan hasi zen sumatzen Ruandan; Frantziak izan zuen, batez ere, rol erabakigarria. Hamarkada horretako lehen urteetan dena sekretupean egin zuten; horretaz gogoratzen da Ancel: «Ruandara joateko gutxi falta zela, armadako kide batzuk etorri ziren gugana, Ruandako egoeraren berri ematera. Harritu egin nintzen, ez nekielako Frantziako armada Ruandan zegoenik». Gerra zibilean sekretupean sartu zirela dio: «Ez genekien armada gobernuaren alde borrokatzen egon zela RPFren aurka, ezta hango armada entrenatu zuenik ere». Ruandan egondako egunez aritu da, besteak beste, bere Rwanda, la fin du silence liburuan (Ruanda, isiltasunaren amaiera).
Hamarkada horren hasieran, Parisek presio egin zion Ruandako presidenteari alderdi anitzeko sistema ezarri zezan, eta azkenean helburua betetzea lortu zuen. Egoera hori baliatu zuten muturreko hutuek euren alderdiak sortzeko, eta hedabideak irekitzeko. Bien bitartean, 1990eko urriaren 1ean, RPF Ruandara sartu zen iparraldeko mugatik, Ugandatik; garai horretan jada Frantziaren babesa zuen Ruandako armadak. «Frantzia Ruandaren aliatua zen, herrialde frantses-hiztuna. Ez zegoen interes ekonomikorik, baina herrialdearen kokapena estrategikoki interesgarria da, Kongoren [Errepublika Demokratikoaren] eta Ugandaren bizilaguna baita», uste du Vidalek.
Testuinguru horretan, tutsien aurkako propaganda abian jarri zuten. Kangura egunkariak, esaterako, Hutuen Hamar Aginduak argitaratu zituen, eta hutuek tutsiekin izan behar zituzten harremanek nolakoak izan behar zuten zehazten zuen; tutsiak etsai gisa aurkezten zituen. Kangura jende gutxirengana iritsi zen arren, gainontzeko egunkariek eta aldizkariek egunkari horren edukia argitaratu zuten; gainera, informazio hori irudiekin batera publikatzen zuten, eta hor ere tutsien aurkako mezuak agertu ziren. Ahozko transmisioak lagundu zuen eduki eta ideia horiek hedatzen.
Halere, propagandarako tresna eraginkorrena irratia izan zen, eta horren bidez zabaldu zuen gobernuak hutuen aurkako gorrotoa. Irrati bat soilik ruandarren %29ak zuten arren, gainontzekoek tabernetan edo eremu publikoetan entzuten zuten irratia. Radio Rwandak (NNR), 1992ra arte herrialdeko irrati bakarrak, gobernuaren adierazpenak, jakinarazpenak eta albisteak emititzen zituen soilik; Frantziak sustaturiko alderdi anitzeko sistemaren ostean, muturreko hutuek irratiak ireki zituzten. «Kanpotik inposaturiko alderdi aniztasun hori hedabideen askatzearekin batera etorri zen. Presidentearen eta alderdiaren inguruko muturrekoek Radio Libre des Milles Collines [RTLM] sortu zuten, gerora genozidioan tutsiak hiltzera deitzen zuen irratia», Vidalek jakinarazi duenez. Irrati horren estilo informalak jende asko erakarri zuen, eta entzuleen deiak zuzenean emititzen zituzten; irrati hori, gerora, genozidioan erabiliko zuten tutsiak identifikatzeko, hiltzaileei hedabide horren bidez jakinarazi baitzieten non bizi ziren tutsiak. Garai horretarako, genozidioaren antolaketa abian jarria zuten.