bizigiro
Zer arrantzatua egon dadin
Maialen Unanue Irureta
Ez da Euskal Herriko kontua: Afrika iparraldetik Norvegiaraino, angulen populazioa bakarra da, stock bakarra. Halaxe azaldu du Estibaliz Diazek, Aztiko biologoak: «Ezin dugu hitz egin Euskal Herriko ibaietako angulen populazioaz: populazioa bakarra da, eta egoera oso larria da stock osoan». Europa osoko eta Afrika iparraldeko 41 ikerlari urtero biltzen dira ICES lantaldean -Itsasoaren Esploraziorako Nazioarteko Batzordea-: azken urteko datuak eramaten ditu haietako bakoitzak bilkurara, eta horietan oinarritutako aholkuak ematen dizkiote, gero, Europako Batasunari. Aztiko biologoa Europako koordinatzailea da, gainera, eta egoeraren larritasuna nabarmendu du: «Egoera kritikoa da oraindik: gizakiak eragindako edozein hilkortasun motak zerotik ahalik eta gertuen egon behar du».
Diazek azaldu duenez, hainbat dira angulen hilkortasuna eragiten duten faktoreak: ez da bat eta bakarra, eta, gainera, desberdinak dira leku bakoitzean. Arrantza horietako bat da, baina baita presak eta zentral hidroelektrikoak ere: Diazen esanetan, hiru horiexek dira Euskal Herrian angulen hilkortasuna eragiten duten faktorerik nabarmenenak. «Beti galdetzen digute ea zein den larriagoa, baina ez daukagu erantzunik: faktore askoren gehiketa eta haien arteko interakzioa dela uste dugu; batak besteari eragiten dio, zurrunbilo baten gisan, eta oso zaila da hortik ateratzea ez baduzu kausa guztien gainean eragiten».
Euskal Herrian bete beharreko bi helburu aipatu ditu Diazek: «Arrantzak iraunkorra izan behar du, eta ibaien konektibitatea hobetu behar da: arrantza sasoia laburtuz eta angulak errekan gora eta behera ibiltzeko oztopoak kenduz lor daitezke bi helburuak». Arrainentzat pasabideak jarri, oztopoak kendu... Halako zenbat neurri hartuak ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta harekin elkarlanean dabil Azti. «Arro pilotuen nazioarteko sare bat sortu dugu: hamar dira guztira, eta gurea Oriakoa da». Hantxe egiten dituzte neurketak.
Hamar urtean, emaitzarik ez
Europako Batasunak, bere aldetik, agindu bat eman zien EBko kideei 2007an: kudeaketa plan bana egin zezatela angula leheneratzeko. Beste hainbat alorretan bezala, ordea, ez zieten esan zer neurri hartu: bakoitzaren esku gelditu zen erabakia. Plana egin, eta martxan jarri zuten, eta Diazek aipatu helburuak lortzeko neurriak hartu ziren. Handik hamar urtera lortu dituzten emaitzak, ordea, ez dira iristen esperotakoetara: «Ez daukagu angula populazioa berreskuratzen ari dela erakusten duen adierazlerik; beraz, orain arte hartu diren neurriak baino zorrotzagoak hartu behar dira».
Unai Eizagirre itsasontzian aritzen da angulak arrantzatzen. Gorka Rubio / Foku
Euskal Herrian egiten den arrantza aisialdikoa da, ez profesionala: alegia, harrapatzen diren angulak ezin dituzte saldu; norberaren kontsumorako izan behar dute. Lehen, bost hilabete irauten zuen angularen kanpainak, eta, gaur egun, bi hilabete eta erdi. Aisialdiko arrantzak bi modalitate ditu: lehorrekoa, erreka bazterrean egiten dena, eta itsasontzikoa; biek ala biek azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra arrantzatu izan dituzte angulak azken urteetan. Azken kanpainan, 2018-2019koan, ordea, neurri berri bat hartu zuen Eusko Jaurlaritzak: itsasontzitik egiten den arrantza astebete ingurura mugatu zuen, 2018ko abenduaren 3tik 11ra. Dena den, itsasontzitik aritzen direnei, aste hori pasatuta, lehorreko lizentzia atera eta gainontzeko egunetan lehorretik aritzeko aukera eman zieten.
Aurten, gainera, gogorxeago jarri da Europako Batasuna ere, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak azaldu duenez: «Herrialde bakoitzak 2019ko abuztua eta 2020ko martxoa bitartean hiru hilabetez segidan debekatu behar du angulen arrantza: abuztutik urrira izan dadin saiatuko gara, kanpainari ez eragiteko».
Hiru hilabeteko debekuarena oso kontuan hartzeko neurritzat du Azkuek, eta litekeena da azkena ez izatea. «Beste neurri batzuk etor daitezke, zorrotzagoak, estatu kideen erreakziorik ikusten ez badute: ikusteko dago zer gertatuko den». Ondoan dituen herrialdeen aldean, Euskal Herrian soilik egiten da aisialdiko arrantza: hori kontuan hartuta, zerbait egitea pentsatu zuen Eusko Jaurlaritzak. «Gure defentsarako posizioa Europa mailan oso ahula izango zela pentsatu genuen, eta itsasontziko arrantza mugatu genuen Madrili eta Europari adierazteko prest gaudela esfortzu batzuk egiteko».
Frantziari begira
Arrantzaleak, berriz, kezkatuta daude. Ontzitik aritzen direnek ez dute bat egiten Aztirekin, Unai Eizagirrek azaldu duenez: «Angula gutxi dagoela esaten da, eta ez dugu dudan jartzen, baina guk ez dugu hori ikusten arrantzatzen dugunean». Ez dutena ulertzen da, gehienbat, Euskal Herrian neurriak hartzea eta gainontzeko lekuetan, aldiz, ez hartzea, edo hartzen direnak leunagoak izatea. «Frantzian egundoko arrantzak egiten ari dira: gero eta baimen gehiago eta gero eta arrantza handiagoak egiteko aukera ematen diete. Ez dauka zentzu handirik, gure ustez». Azkuek, ordea, ez du uste maila profesionalean eta aisialdikoan ibiltzen direnen jardunak konparagarriak direnik: «Nire ustez, aisialdiko arrantza eta arrantza profesionala ezin dira jarri maila berean: gureak arau propioak izan behar ditu». Eizagirreren esanetan, lehorrean aritzen direnen antzera bi hilabete eta erdiz jarduteko aukera izan nahi dute, eta, batez ere, informatuta egon: «Urtero-urtero kartilla bat betetzen dugu, non azaltzen diren harrapatu ditugunak eta ez ditugunak: informazio hori eskatzen ari gara, baina inork ez digu ematen».
Lehorrean aritzen dira Xabier Murua eta Joxe Mari Aduriz. Azken bi hilabeteetan, beren antzera aritzen direnekin bildu dira, denen artean eskakizun zehatzak egiteko Jaurlaritzari: hiru adostu dituzte, guztira. Batetik, bazterreko angula arrantza mantentzea. Bestetik, azken kanpainan izandako gaizki-ulertuak argitzea, eta, azkenik, lizentziak ez murriztea: norbaitek lizentziari uko eginez gero, hura eskuratzeko aukera ematea beste norbaiti.
Muruak eta Adurizek esan dute euren jarduna ez dela erasokorra: «Legez, eguneko bi kilo baino ezin ditugu harrapatu lehorretik: batez beste, egun on batean, 200-300 gramo jasotzen ditugu; ez zaigu iruditzen batere agresiboa denik». Azkue ados dago haiekin: defendatzen errazagoa da lehorrekoa, ontzikoa baino «jasangarriagoa» delako: «Bere txarrean, guk badugu argumentu on bat: aisialdiko arrantzale gehienak lehorretik aritzen dira. Uste dut horri garrantzia eman behar diogula, eta, eztabaida puntu horretara iristen bada Europan, horixe defendatuko dugu».
Hurrengo bilera, irailean
Azti, Eusko Jaurlaritza eta arrantzaleak urtero biltzen dira: hurrengo bilera irail inguruan izango da, Azkueren esanetan. Ordurako, ziurrenik, jakingo dute zer hiru hilabetetan ezarriko duten debekua, eta ikerlarien txosten berri bat izango dute, abuztuan bilduko baitira. Datu horiek eskuan izanda, zehaztuko dute nola izango den hurrengo kanpaina.
«Zainetan» darama angulen arrantza Adurizek, eta, gainontzeko arrantzaleen gisara, ez luke angulen aisialdiko arrantza galtzerik nahi. Lasaitasun mezua bidali du Azkuek: «Helburu nagusia angula errekuperatzea da: luzaroan iraun dezan, iraunkorra izan beharko du».