politika
Potxuak eta txotxoak
Jose Mari Pastor
Astebete eskasean bi aldiz irakurri edo entzun ditut Bizkaiko kostaldean hain ohikoak ziren eta oraindik ere entzuten diren berbak: potxu eta txotxo. Potxu hitza emakumezkoei deitzeko erabiltzen dute Lekeition. Txotxo hitza, aldiz, gizonezkoei esaten zaie Bizkaian, batez ere itsasaldeko herri eta lekuetan. Teorian arrantza-ontziko mutil gazteei esateko berba bada ere, esparru zabalagora hedatu da txotxo: lagun artean ere erabiltzen da, solaskideak arrantzaleak edo marinelak izan ez arren.
Txotxo hitza asteazkenean entzun nuen, Eako lagun baten ahotik. «Bai, hala da, txotxo», esan zidan. Gipuzkoan urteak daramatzan kostaldeko bizkaitar bati motel hitzak ez dio zirrara berezirik eragiten. Txotxo berbak, ostera, bai. Hurbiltasun afektibo handiagoa du. Bizkaian bizi diren gipuzkoarrei antzera gertatuko zaie, seguruena, baina alderantziz: txotxo hitzak ez die motel batek bezainbesteko konplizitaterik sentiaraziko.
Lekeitioko emakumezkoek martxoaren zortzian herrian eginiko elkarretaratzeko pankartan agertu da potxu berba. Potxuak Martxan izeneko talde feministak sinatu du. Euren buruari deitzeko tokiko berba aukeratu dute neska lekeitiarrek. Emakumeak martxan? Neskak martxan? Ez. Potxuak martxan.
Potxu eta txotxo oso esparru mugatuan entzuten dira gaur. Gainera, ez dirudi dagokien eremutik baino urrunago joango direnik. Erdarak gutako askoren buruan ezarritako unibertso semantikoaren zamak ez du asko laguntzen. Potxu? Txotxo? Zer ote da hori?
Potxuak martxan egon dira Lekeition. Bilbon, emakumeak. Bizkaiko hiriburuko pankartetan euskara eta erdara azaldu dira. Euskarak ez du leku txikirik izan, bertako argazkiei erreparatzen badiegu. Pozteko modukoa da. Bartzelonan erdarazko pankartak erakutsi dituzte, eta horrek eztabaida eragin du. Batez ere, pankartak eraman dituzten emakumeek katalanez egiten zutelako. Alta, aldarrikapen nagusiak egiteko espainiera aukeratu dute. Erdara, katalana eta euskara ez bezala, hizkuntza normalizatu eta «ez-politizatua» delako.
Marta Rojalsek argi azaldu du: aldarrikapena egiteko hizkuntza katalana izanez gero, ideologia jakin bat sartzen ei duzu tartean. Mezu horiek katalanez edo euskaraz zabalduz gero, independentista zara, susmagarria. Erdaraz jarriz gero, inork ez dizu etiketa unionista edo kolonialistarik jarriko. Beraz, emakume katalanek edo euskaldunek hobe dute hizkuntza arrotzean ahalduntzea, independentistatzat jotzea nahi ez badute.
Ez da gai erraza. Erdara erabiltzea kritikatzen baduzu, baliteke mugimendu feministaren kontra ari zarela entzutea. Behinola langileen borroka erdaraz egitea zalantzan jarriz gero, langileriaren kontra egotearen sinonimoa zen, ia-ia. Ez dadila orain hala ulertu.
Bartzelonan pankarta batzuk erdaraz, baina jende asko katalanez. Eta Bilboko kaleetako manifestazioan pankarta asko euskaraz, baina zenbateko portzentajean entzun da euskara? Bai, ukaezina da feminismoak hizkuntza kontzientzia piztu eta handitu duela Euskal Herrian. Lekutan daude 80ko urteetan Bilboko taberna feminista mitiko baten garaiak. Euskaraz eskatu eta txineraz ari ote zinen adierazteko aurpegia jartzen zuten zerbitzari batzuek. Lidia Falcon andrearen eskola unionistakoak -orduan espainolistak-. Barran, El País, El Correo eta, tartean, beste egunkariren bat. Malasaña auzoaren sukurtsala ematen zuen -nork jakingo orduan, Madrilgo alde hori zer izango zen 30 urte geroago-.
Asko aurreratu da, asko, baina ez dezagun pentsa Euskal Herriko feminista guztiak euskararen aldekoak direnik. Esan diezaietela gure kaleetan emakumezkoen eskubideak erdara hutsez aldarrikatu nahi izan dituzten herritarrei. Simone de Beauvoir baino feminista sutsuagoak direla erantzungo dizute. Euskarak ez duela zer ikusirik borroka horrekin -erdarak, bai-. Eta deskuidatzen bazara, esan ez, baina hau pentsatuko dute: «¿Qué me está contando la aldeana?».
Mujeres en lucha? Potxuak borrokan nahiago. Txotxoekin edo txotxo barik.