bizigiro
Tira ahala tira generoaren bira, 'Egunkaria'-n eta 'BERRIA'-n
Urtzi Urkizu
«Egunkari batek, txikia izanda ere, mundua alda dezake». Bideoak harien jolasa erakutsi du. «Korapilo eta aingura. Harilkatu beharreko gaia da feminismoarena». «Feminismoa ez da amaitzen; ez da estadio bat, praktika bat baizik». Danele Sarriugartek, Kattalin Minerrek, Maddi Altunak eta Maria Maiak Tira ahala tira: generoaren trataera Egunkarian eta BERRIAn ikus-entzunezko lana aurkeztu zuten atzo Andoainen (Gipuzkoa). BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin-ek eta Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, 2017ko maiatzean egin zuten Martin Ugalde bekaren deialdia honako gai hau ikertzeko: Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero gaietan zer eragin izan duten. Aipatutako ikus-entzunezko lana da bekaren emaitza. Hilaren 25etik aurrera Interneten ikusgai izango da, bai Martin Ugalde parkeko Vimeo kanalean bai BERRIAren webgunean.
Ekitaldian izan ziren bekaren eragile sustatzaileen ordezkariak. Baita epaimahaiko kideak ere: Beatriz Zabalondo, Martin Anso, Larraitz Ariznabarreta, Lorea Agirre eta Irene Arrarats.
Arrarats bera, Euskaldon Egunkaria-ko eta BERRIAko euskara arduraduna, erreportajeko elkarrizketatuetako bat da. Egileek «barne begirada» landu dute harekin, Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariarekin, Idurre Eskisabel Larrañaga EHUko irakasle eta Egunkaria-ko eta BERRIAko kazetari ohiarekin, Pilar Mendibil Egunkariako Produkzio buru eta BERRIAko Kudeaketa buru ohiarekin eta Lorea Agirre Doronsoro Egunkariako eta BERRIAko kazetari ohi eta Jakin-eko gaur egungo zuzendariarekin.
«Kanpoko bizipena», berriz, elkarrizketa hauekin landu dute: Arantza Gutierrez EHUko irakaslea -hedabideetan dagoen emakumeen ikusgaitasuna ikertzen ari da-, Maite Segurola eta Saioa Iraola Bilgune Feministako kideak eta Onintza Enbeita bertsolari eta BERRIAko zutabegilea.
Minerrek nabarmendu zuen ikus-entzunezko lana grabatzen hasi aurretik artxibo lana egiten aritu zirela hainbat hilabetez: «Batez ere Egunkaria begiratzen aritu ginen, eta jauzia ikusi genuen». Altunak, aldi berean, aipatu zuen Egunkaria-ren garaitik datorrela generoaren gaia. «Emakume feministek tira egin dutelako egin dute aurrera. Izan ere, aldaketak ez dira sortzen gatazkarik gabe».
Egileen ondorioen artean -elkarrizketatu batzuek ere aipatzen dute- aipa daiteke, bestalde, euskaraz aritzearen kontzientzia izateak ezinbestean eragiten duela beste zapalkuntza batzuekiko ardura eta kontzientzia.
Gutierrezek ikus-entzunezko lanean azaltzen du Euskal Herriko komunikabideetan «egoera tamalgarria» dela emakumeen presentziaren ikuspuntutik. «BERRIAko egoera hobea da. Baina, adibidez, asteburuetan iritzi eta analisi gehiago daude gizonezkoek idatziak emakumezkoek idatziak baino. Asteburuetan, andreenak heren bat baino ez dira». Agirre Dorronsorok aipatzen du, hain zuzen, emakumeek erreparo gehiago dituztela plazara ateratzeko, eta harribitxiak behar dituztela ateratzeko. «Aldiz, gizonezkoak edozerrekin ateratzeko gai dira». Iritzi berekoa da Eskisabel Larrañaga ere.
Martxoaren 8az harago
Ikus-entzunezko lanean elkarrizketatuek aipatzen dute iaz Martxoaren 8aren harira egindako lana -emakumezkoek idatzi ohi dituzten testuak hutsik eta ohar batekin atera ziren-. Baina, duela urte asko, Euskaldunon Egunkaria ere nabarmen posizionatu zen emakumeen eskubideen defentsan, esate baterako Hondarribiko (Gipuzkoa) alardearen gaian. Mendibilek honela oroitzen du erreportajean: «Egunkaria-k erabaki zuen neutroa ez izatea alardearen gaian. Horrek harpidedunak eta publizitatea galtzea ekarri zion».
Elkarrizketatuak ez dira, halere, konplazentzian erortzen. «BERRIAk ez du bere horretan goxo geratu behar ingurukoak okerrago daudelako», dio Mendibilek. Ikus-entzunezkoan jasotzen denez, BERRIAko zuzendaritza taldean emakumeak %27 baino ez dira.
Martin Ugalde bekaren hurrengo deialdia martxan da dagoeneko, eta laster emango dute horren berri.