astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

kultura

Nobela eta poesia ugari, narrazioa urri

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Nobela eta poesia ugari, narrazioa urri

Udaberria ofizialki heldu aurretik hasten dira editorialak udaberriko uztako aleak aurkezten. Aurkeztuta daude jada, esaterako, Jose Luis Otamendiren Disoluzio agiriak (Susa) poesia bilduma, Patxi Iturregiren Ur biren artean (Elkar) ipuin sorta, Goizalde Landabasoren eta Garazi Goiaren 1.362 km euri (Elkar) gutun trukea eta Uxue Alberdiren Kontrako Eztarritik (Susa) eta Juan Miguel Munarrizen Euskararen genesiaz (Pamiela) saiakerak.

Aurreratutako loreak lore, baina, liburutegietako apalak betetzeko daude oraindik. Aurtengoan, nobelak eta poema liburuak gehiago dira narrazio lanak baino. Azken genero horretan, Miren Agur Meaberen Hezurren erretura (Susa) eta Aintzane Usandizagaren Kabitu ezina (Elkar) aipatu daitezke. Lehendabizikoak liburu ugari argitaratu ditu dagoeneko; lehendabiziko lana du bigarrenak.

Udaberri honetan estreinako lana emango dute, baita ere, Miren Amurizak eta Nerea Baldak. Amurizaren nobelak Basa du izenburua. Elkarrek argitaratuko du, eta Sabina izeneko emakume baserritar adineko bat du protagonista. Sabina bakarrik bizi da, baserrian, eta zibilizazioaren igurtzi gutxi jaso ohi du. Oso emakume zakarra da, gogorra. Oso harreman estua eta enpatikoa du animaliekin, baina pertsonekin ez. Nobela laburra da.

Baita Nerea Baldaren opera prima ere: Atzerrian. Pamielarekin argitaratuko du, eta emakumeen erretratuak agertzen ditu bertan.

Estreinako liburua izan gabe ere, lehen nobela argitaratuko du Beñat Sarasolak. Gaur bertan aurkeztuko du Deklaratzekorik ez. Susarekin plazaratu du, eta bere iraganarekin erabat eten ezinean bizi den protagonista bat dauka. 1990eko urteetan militante politikoa izana da, ez du ia ezer jakin nahi ordukoaz. Gutxien espero duenean atzera bere iraganera ainguratuko du, baina, Poliziaren agerpenak.

Eta nobela sorta osatzeko, Joxemari Iturralde, Joanmari Irigoien eta Patxi Zubizarreta beteranoen aleak ere badatoz udaberriarekin. Pamielarekin argitaratuko du Iturraldek Jamaikako neska. Bertan, emakume abenturazale, bidaiari eta ausart bat da protagonista: Dafne Zorregieta Rondaall. Jamaikan jaioa eta hainbat lekutan bizi izandakoa, Euskal Herrira etortzea erabaki du, ETAren jardunaren osteko haizeek erakarrita, aitona-amona euskaldunen arrastoaren atzetik.

Irigoienek, berriz, Elkarrekin argitaratuko du Derbia. Izenak berak adierazten duen bezala, kirol norgehiagokan —zehazki, futbolean—ardaztu du, realzale amorratuak diren senar-emazteak athleticzale itsu direnekin elkartuta. 1996an argitaratu zuen Kalamidadeen liburua-ren antzeko tonua darabil idazleak umorezko nobela honetan.

Patxi Zubizarretak Julien Vinsonen hegaldia plazaratuko du, Alberdaniarekin. Ukitu detektibeskoko nobela horrek gertakari historiko bat du abiaburu: Julien Vinson euskarologoak XIX. mendean Baionatik Iruñera globoz egin zuen bidaia. Karlistadaren arrastoa nabaria zenean egin zuen bidaia Vinsonek, eta Zubizarretak Euskal Herrian bizi izandako emakume filologo italiar bat jarri du haren ingurukoen ikerketan.

Xabier Etxaniz Rojok ere nobela argitaratuko du: Denok gara Google, Ereinekin. Bi errelatok osatzen dute libura. Lehena gaur egun dago girotuta, eta neska baten eta mutil baten arteko maitasun istorioa kontatzen du. Txat bidez komunikatzen dira, eta beren arteko harremanaren gorabeherak azaltzen ditu. Bigarren narrazioa 1936ko iraileko Donostian dago kokatuta, militar kolpisten aldeko indarrek hiria hartu berri dutenean. Narrazio hori lotu egiten da gaur egungoarekin.

Poesia, sariak

Poesia sorta ere badakar udaberri honek. Castillo Suarezek hamargarren poema bilduma aurkeztuko du Elkarrekin: Irautera. Desamodio eta min sentimenduak iradokitzen ditu, baso giroko iruditeria lagun. Beatriz Txibitek laugarren poemarioa emango du, Mugagabea, Pamielarekin. Etxe berarekin aterako du Jon Gerediagak bere bosgarrena: Urtaroa eta zeinuak. Iñigo Astizek, berriz, bigarren poesia lana emango du Susarekin. Balea Zuriak Pello Otxotekoren zazpigarrena argitaratuko du: Itsas bizimina. Baita DK II. Poesia Lehiaketaren aurtengo irabazlearen lana ere. Hilaren 20ra arte itxoin beharko du poesiazaleak, hala ere, azken horren izena jakiteko, ordura arte ez baitute ezagutzera emango.

Beste sariketa baten ondorioz argitaratuko du Paloma Rodriguez Miñambresek bere bigarren poesia liburua: Oroimenaren xaflakortasunaz. Iazko Blas de Otero poesia lehiaketa irabazi zuen lan horrekin, eta Ereinek argitaratuko dio.

Sariketa edo bekei lotutako ale gehiago ere loratuko dira sasoi honetan. Aurrerago aipatutako Miren Amurizaren Basa bera, 2017an Igartza beka jasotzetik etorriko da; eta Nerea Baldaren Atzerrian nobela, Getxoko Udalak iaz sortu zuen Ramiro Pinilla saria irabaztetik.

Kattalin Minerren Moio. Izenetik izanera lanaren proiektuak, berriz, iazko Tene Mujika saria jaso zuen. Amaia-Aimar Elosegi Moio gazte transexualaren inguruko kronika eta gogoeta lana da Minerrena. Elosegik bere buruaz beste egin zuen 2007an, eta orduan gertatutakotik gizarteak zerbait ikasi ote duen jakin nahian egindako lana da. Elkarrek argitaratuko du.

Saria lagun izan ala ez, saiakeren eta kronika liburuen atalean ere izango da zer irakurria aurtengo udaberrian. Eider Rodriguezek, esaterako, literaturaren inguruko hausnarketa eta kritika ez ezik, emakumeek literaturan duten tokiaren inguruko datuak eta emakume idazleen ahotsak dakartza Susak argitaratutako Idazleen gorputzak (egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian) saiakera laburrean.

Politikagintzan nabarmendu izan den Hasier Arraizek, berriz, Maitasun keinu bat besterik ez argitaratuko du Ereinekin, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe eta enparauen belaunaldiak errelatoarekiko izan duen jarduna aztertuz: lehen atal batean, kritika literariotik; bigarrengoan, jite politikoagoarekin.

Pablo Sastrek autoeraketaren edo behetik gorako egituraketa politikoaren aldeko aldarria egiten du Komun & haziaren zikloa lanean. Pamielarekin emango du. Txalapartak, berriz, ezker abertzalearen gazte antolakundeen 40 urteko historia bat argitaratuko du. Markel Ormazabal, Irati Sierra eta Xabier Iraola izan dira askoren artean idatzitako ...eta segi aurrera! lanaren koordinatzaileak.

Angel Errok dietarioaren formulari heldu dio Lerro etena (2004-2018) liburun. Eguneroko ohar hautatuak aurki daitezke bertan, hari kronologikorik gabe, konposizio musikal klasikoen motiboak erabili nahi izan balitu bezala antolatuta. Kontu asko bildu ditu, zirtolari, egunkari honetan egunero argitaratzen duen zutabean ohi duen tonuan.

Itzulpenak

Igela argitaletxeak Susanna Tamaroren Bihotza nora, zu hara nobela arrakastatsua argitaratuko du. Fernando Reyk itzuli du. Asun Garikanok, berriz, Carson McCullersen Kafe tristearen balada eta beste istorio batzuk ipuin bilduma euskaratu du Pasazaiterentzako. Alberdaniak Heather Morrisen Auschwitzeko tatuatzailea argitaratuko du, Miel Anjel Elustondok itzulita. Ereinek, Robert Louis Stevensonen Jekyll doktorea eta Hyde jauna klasikoa, Koro Navarrok euskaratuta.

Josu Zabaletak itzuli du Lidia Txukovskaiaren Sofia Petrovna, SESBeko Terrore Handiaren garaian kokatutako nobela. Katakrakek emango du. Baita bi saiakera ere: Amaia Astobizak euskaratu Silvia Federiciren Mundua berriz liluratuz eta Pello Agirrek itzuli Susan Buck-Morssen Thinking Past-Terror. Islamismoa eta ezkerraren teoria kritikoa.

Azkenik, Munduko Poesia Kaiera bi gehiago argitaratuko ditu Susak: Cesare Paveserena eta Idea Vilariñorena, Ion Olano Carlosek eta Garazi Arrula Ruizek euskaratuak, hurrenez hurren.

BERRIAn argitaratua (2019/03/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA