astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

mundua

Mayk EBri eskatuko dio 'brexit'-a ekainaren 30era atzeratzeko gutxienez

Ander Perez Zala

Mayk EBri eskatuko dio 'brexit'-a ekainaren 30era atzeratzeko gutxienez

Gaurtik aurrera, bi aukera daude mahai gainean: datorren asteazkenerako Komunen Ganberak onartzen badu Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak eta Europako Batasunak (EB) adosturiko brexit-aren akordioa, May saiatuko da irteera data ekainaren 30era atzeratzen; aldiz, ganberak ez badu itun hori onartzen, Europar Kontseiluak pisuzko arrazoi bat Londresi eskatuko dio martxoaren 29ko data atzeratzeko. Bi aukerako testuinguru horrek atea ireki dio lehen ministroari akordioa parlamentuan hirugarrenez aurkezteko; diputatuek bitan esan diote ezetz, alde handiz, urtarrilean eta aste honetan, baina, testu hori datorren astean berriz aurkeztuko balu, eta onartuko baliote, EBtik ateratzeko irteera data atzeratu beharko lukete, beharrezkoa den legedia onartzeko. Beraz, datorren asteko testuingurua edozein dela ere, lehen ministroak irteera data atzeratzeko eskatuko dio EBri, gutxienez ekainaren 30era; halere, nahi horrek ez du eragozten akordiorik gabe ateratzeko aukera.

Europar Kontseiluaren datorren ostegun eta ostiraleko goi bileran egingo du eskaria lehen ministroak; egutegiari erreparatuz gero, badirudi Mayk beranduenez datorren asteazkenean aurkeztuko duela hirugarrenez ganberan brexit-aren akordioa, hori baita itun hori onartzeko epemuga. Komunen Ganberak gobernuak aurkezturiko mozioaren alde bozkatu zuen atzo (413-202), eta gobernuari agindu irteera data atzeratzeko. Eskaria egingo du Mayk, eta orain pilota gainontzeko 27 estatu kideen teilatuan dago, baiezkoak ahobatezko erabakia izan behar baitu. Baina, aspaldiko partez, Komunen Ganberatik ateratako erabaki bat garaipen bat da lehen ministroarentzat, haren gobernuko zortzi ministrok mozioaren aurka bozkatu zuten arren, tartean brexit-erakoak.

Zein da beste aldearen jarrera? Batzuek aldeko mezuak bidali dituzte, baina beste batzuek kontrakoak. Atzo goizean, Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek atea ireki zion «atzerapen luze bati», baldintza bat jarrita: Londresek «berriz pentsatzea» estrategia. Horregatik, Tusk bera izan liteke Mayren aliatu nagusia datorren asteko goi bileran. Honako hau adierazi zuen Europar Kontseiluko presidenteak Twitter sare sozialean: «27ei [estatu kideei] eskatuko diet jarrera irekia izan dezatela atzerapen luze baten inguruan, Erresuma Batuak brexit-aren estrategia berriz pentsatu behar duela uste baldin badu eta horri buruzko adostasuna eraiki behar duela uste baldin badu». Jarrera horri begira, David Lidington Erresuma Batuko kontseiluko ministroak atzo jakinarazi zuen apirilean estrategia berria zehazteko bozketak egingo dituztela parlamentuan, Mayren akordioa ez badute onartzen; hori egiteko, beraz, ezinbesteko baldintza da irteera data atzeratzea.

Irlandako Errepublikako Atzerri ministro Simon Coveneyk ere bultzada eman zien aukera horiei, adierazita 21 hilabeteko atzerapena gerta litekeela -2020ko abenduko 29ra arte-; hark ere Tusken baldintza bera jarri zuen: «Gogoetarako epe luzea izatea, estrategia zein den zehazteko».

Europako Batzordea, aldiz, ez zen hain baikor agertu. Bozketaren ostean, batzordearen eledun batek adierazi zuen atzerapena ez dela «automatikoa», eta EBk haren interesak «kontuan hartu» beharko dituela erabakia hartu aurretik. Jarrera gogorrago hori erakutsi arren, jakina da Bruselak ere itunik gabe irtetea eragotzi nahi duela, eta Komunen Ganberak herenegun adierazi zuen ez duela «inola ere» EB akordiorik gabe utzi nahi (321-278).

Erreferendumik ez oraingoz

Atzoko bozketan, behingoz, haserrea ez zuen Mayk piztu, Alderdi Laboristak baizik. Brexit-az bigarren erreferendum bat egiteko zuzenketaren inguruan bozkatu zuten diputatuek, baina laboristek abstenitzea erabaki zuten, eta ganberak ez zuen onartu galdeketa hori egitea (85-334). Erabakiak Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP), Talde Independenteko eta Plaid Cymruko ordezkariak sutu zituen batez ere.

Baina jarrera hori ondo kalkulaturiko erabakia izan zen, bigarren erreferendumaren alde dauden diputatu laboristek ez baitzuten uste horren alde bozkatzeko eguna zenik; galdeketaren aldeko People's Vote (Herritarren Botoa) taldeak ere iritzi bera eman zuen bozketaren aurretik, atzokoa irteera data atzeratzeari buruzko saioa zela argudiatuta.

Bozketaren emaitzak, ordea, agerian utzi zuen gaur-gaurkoz ez dagoela gehiengorik Komunen Ganberan bigarren galdeketa baten alde. Errealitate hori, baina, datozen hilabeteotan alda liteke.

BERRIAn argitaratua (2019/03/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA