astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

politika

Argi-ilunak azaleratu dituzte

Edurne Begiristain

Argi-ilunak azaleratu dituzte

Euskal Herriko Eliza katolikoak argiak eta ilunak izan ditu ETAren indarkeriaren aurrean. Frankismoaz geroztik, Elizaren barruan ikuspegi kontrajarriak egon dira euskal gatazkaren inguruan, eta rol polemikoa izan du usu. Maiz leporatu izan zaio negoziazio prozesuetan bitartekaritza lanak egitea, ETAren biktimei babes nahikorik ez ematea edota erakunde armatuaren jarduna justifikatzea; kritikak ez dira apaldu oraindik.

Elizak euskal gatazkan izan duen egitekoaz gogoeta egiteko asmoz, Eliza ETAren indarkeriaren aurrean jardunaldiak egin dituzte Gasteizko EHUko Letren Fakultatean, bi egunez. Bertan bildutako apaizek, teologoek, bake mugimenduetako kide ohiek eta irakasleek bat egin dute ideia batean: Eliza katolikoak beti arbuiatu du biolentzia, baina «jarrera epela» izan du ETAren biktimekin eta «berandu» eskatu die barkamena.

Lekukotzen bitartez eta ekarpen akademikotik landu dute gaia mintegian. Lehen eguneko saioan, testigantzak eskaini dituzte Maite Fuertes BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeko sortzailea izandakoak, Angel Maria Unzueta eta Felix Placer apaiz eta teologoek eta Pilar Aranburo Libertad Ya! plataformako kideak. Haien lekukotzek agerian utzi dute Elizak ez duela jarrera bateratua izan euskal gatazkaren aurrean eta sarritan ez dela egon egoerak eskatzen zuen mailan.

Hain justu ere, Unzuetak «argi-ilunak» aipatu ditu Elizaren rola aztertu duenean. Azpimarratu du euskal gotzainek beti gaitzetsi dituztela ETAren hilketak, bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu argia egin dutela eta gatazka amaitzeko «prestasuna» agertu dutela. Ordea, aitortu du Elizak «ahaztuta» izan dituela biktimak eta «berandu»babestu dituela. Haren ustez, Elizak ezinbestez egin behar du autokritika, adiskidetzea eraikitzeko.

Bestelako ikuspegia eman du Placerrek. Azpimarratu du funtsezkoa dela ETAren indarkeria gatazka politikoaren barruan kokatzea Elizak bete duen rola ulertzeko. Herria 2000 Elizako kide ohia eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeko ordezkaria da Placer, eta argi utzi du elkarte horien asmoa beti izan dela «indarkeria guztiak» konpontzea eta Euskal Herriko «eskubide kolektiboak» aldarrikatzea. Placerrek gogoan izan du euskal presoen egoera ere, eta haiek hurbiltzea galdegin du, bizikidetza lortzeko.

Elizaren aurkako kritika latzenak Fuertesek eta Aranburok egin dituzte. ETAren indarkeriaren aurrean «koldarkeriaz» jokatzea eta biktimen saminari «bizkarra» ematea egotzi diote biek Elizari. Gogor eta irmo mintzatu dira, ahoan bilorik gabe. Biek ala biek gogoratu dute ETAren jardunaren urterik ilunenetan erakunde armatuaren hainbat biktimak salatu zuela Euskal Herriko elizak -eta bereziki gotzainek- ez zutela izan behar adinako begirunea haiekin, eta ulerberago jokatu zutela «terroristekin». «Euskal gizartea koldarra izan zen ETAren aurrean, baina are koldarragoa izan zen Elizaren hierarkia. Lotsa ematen dit», salatu du Fuertesek. Gogoratu du 1988an BAKek lehen manifestazioa antolatu zuenean Elizak «hiru aldiz» ukatu ziela babesa, eta Jose Maria Setien Donostiako orduko gotzainak «axolagabe» jokatu zuela ETAk Jose Maria Aldaia bahitu zuenean.

Zorrotz mintzatu da, halaber, Aranburo. «Euskal Eliza urteetan hotza eta koldarra izan da sufrimenduarekin. Ez da harritzekoa, beraz, elizaren hierarkiak ere berdin jokatu izana». Ez du ezkutatu desadostasun sakonak dituela «eliza nazionalistarekin», Euskal Herrian eta Katalunian «kalte ikaragarria» egiten ari delako. Horren aurrean, «eliza unibertsala» aldarrikatu du Aranburok.

Elizaren rola ikuspegi historiko batetik aztertu duten irakasle eta akademikoen artean, berriz, erabateko adostasuna dago: EAEko gotzainak beti egon dira ETAren indarkeriaren aurka, baina biktimak «ahaztuta» izan dituzte 1990eko hamarkadaren erdira arte.

«Isilik» eta «berandu»

Jarrera hori ulertzeko gakoetako bat azaldu du Jose Maria Ortiz Orruño EHUko Historia Garaikideko irakasleak: «Euskal gizartea, erakundeak, estatua eta Eliza berandu hurbildu ziren biktimengana». Elizaren kasuan, EHUko irakasleak uste du «isiltasun koldarra» erakutsi zuela eta Miguel Angel Blanco hil zuten arte ez zuela «iraultza zibikorik» bultzatu ETAren aurka.

Gogoeta horrekin bat egin du Galo Bilbao Deustuko unibertsitateko irakasleak. Uste du EAEko gotzainek «beranduegi» aitortu zutela biktimen oinazea «bidegabea» izan zela, nahiz eta apustu garbia egin zuten beti bakearen alde. «Argi dago Eliza ez dela egon egoerak eskatzen zuen mailan, baina ziur naiz uste dugun baino hobeto jokatu duela», ondorioztatu du.

Gogoeta autokritiko batekin amaitu ditu jardunaldiak Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak. Argi mintzatu da: «Euskal Elizak ez zuen nahikorik egin adiskidetzearen alde. Mehatxuen aurrean ausartago izan behar zuen eta gertuago egon biktimengandik. Hasieran ez genuen ongi jokatu, baina norabidea zuzentzea lortu dugu».

«Eliza aitzindaria izan zen era guztietako indarkeriak salatzen»

BERRIAn argitaratua (2019/03/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA