iritzia
Errotarria
Iñigo Aranbarri
Ez da izan Bateragunekoa kasu bakarra. Azken hamar urtean, 40 aldiz kondenatu du Estrasburgok Espainia. 70, berriz, Europako Kontseiluaren parte denetik. Erraz esaten da: 70 kondena, teorian bertako biztanleen eskubideak defenditu behar dituen administrazioaren kontra, gehienak epaileek ez zutela inpartzialtasunik iritzita. 70 kondena, tortura kasuak kontuan hartzeke.
Egunotan, Kataluniakoa dela, Altsasukoa dela, ezin aurkiturik nabil hitz egokirik Espainiako Justiziarena definitzeko. Aukeratzen dudana aukeratu, ez da zuzena, eta motz nabil, eta baldar. Alferrik ditut hiztegiak eta apalategietako literatura oro. Norbaitek Francesco Carrara italiar legegilearena ekarri du, politika epaitegietako atetik sartzen denean Justizia airean ateratzen dela leihotik. Eta nola ez dakidala, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ondorengo egun beroak datozkit. Sumindura jeneralaren aurrean euskal politikariak ikusten ditut, egoerak hartaratuta, zin zintzoa egiten, ez zutela horrelako beste erasorik onartuko, bidekoak jarriko zituztela berriro gerta ez zedin.
Joan dira urteak eta errotarriak ez du kerarik, ordea. Xehatuko du jendea eta mintzatuko da Estrasburgo, berandu harrian dabilenarentzat. Eta hitz eman zuten haiek ez digute esango ezin dutela ezer egin. Hala ere, eskertuko nuke norbaitek aitortuko baligu noiz eta nola erabaki zuten, Trantsizioaren poz-bitsetan, Justizia garbitu gabeaz funtzionatuko zuela sistema politiko berriak, betikoak segituko zuela errotari, hori zela, hain zuzen, demokraziak ordaindu beharreko saria.