gizartea
Iruzurraren horma Osakidetzan
Garikoitz Goikoetxea
Ia urtebetez euste horma baten gisa aritu ostean, kargua utzi du Jon Darpon Osasun sailburuak. Horma pitzatuta zegoen, Osakidetzako zuzendariaren dimisioarekin, eta are gehiago zulatu da orain. Horma eraistea falta da: zer gertatu den jakitea, eta, batik bat, zergatik. Zer aldatu behar den.
Euste hormaren estrategiari jarraitu dio Darponek hasieratik, eta oposizioetako iruzurrak sortutako uholdeak ito egin du. Lehen salaketak iritsi zirenean oso irmo erantzun zuen, irmoegi: «oportunismoz» aritzea leporatu zien sindikatuei, «asmakeriatzat» jo zituen salaketa batzuk, eta erronka bota zuen -«norbaitek frogaren bat baldin badu, jar dezala mahai gainean, izen eta abizenekin»-. Denborak erakutsi du salaketek bazutela funtsa, eta eskatutako frogak mahai gainean jarri dituztela salatzaileek -nahiz jazarpena jasan ordainetan-. Finean, hilabeteotako iruzur zantzuek jokoz kanpo utzi dute sailburuaren jarrera irmoa.
Egoera jasanezina zeukan, eta bozak ate joka. Batetik, auzitegietan: fiskalaren txostenaren ostean, epaitegia ari da ikertzen. Bestetik, legebiltzarrean: PP izan da Darponen flotagailua orain arte, baina amaitu dela erabaki du, eta prest agertu da sailburua gaitzesteko -bidenabar, kontuan izatekoa da gai horretan PPk zer zentraltasun izan duen: hark bideratu ditu Osakidetzako zuzendariaren eta sailburuaren dimisioak-.
Askatu du euste horma Darponek, utzi du kargua azkenean, baina erroko auzia hor dago: urteetan nolako iruzurra egin den, zer arazo dagoen Osakidetzako sarbidean, nolako behin-behinekotasuna duten langileek, eta zer aje dauzkan administrazioan postua lortzeko sistemak. Eztabaida sakona eskatzen du gaiak.
Ez dira gutxi urteotako iruzur sistema ulergarritzat jotzen duten sendagileak. Batetik, oposizioen eredua ez dutelako egokitzat jotzen: «Nola neurtzen da zein den mediku ona? Egun bateko azterketa teoriko baten bitartez?». Bestetik, urteetan lanean ari diren medikuak direlako asko: «Behin-behinean hainbeste urte postu batean -batzuetan hogei urte ere bai-, ondo lan egin, eta justua da oposizioen ondoren beste batek hartzea postu hori?». Ez da osasun arloko gaia soilik: hezkuntzan ere bada eztabaida.
Gaixotasunaren erremedioa ez da hobea izan Osakidetzan. Iruzur sistema bat eraiki dute, legez kanpokoa, eta sekulako boterea ematen diena zerbitzuburuei, nahierara erabakitzen baitute postuak nori eman. Finean, kontrol mekanismo bat da. Ez dira ezohikoak «txanda-pasak», edo antzinatasunaz aparteko irizpideak erabiltzea: lagunak, kontsulta pribatuetako lankideak...
Horma bat erori da Darponen dimisioarekin, baina hori baino horma handiagoa eraiki da urteotan Osakidetzan: iruzurraren, boterekeriaren eta isiltasunaren horma. «Hau ez da Darponekin hasi. Osakidetza ezagutzen dudanetik egon da hor gai hori». Darponekin amaituko da? Sailburu berriari ez zaio presiorik faltako.
Oposizioak «behartuta»