kultura
Gidoia aurrez idatzita zegoen
Ainhoa Larrabe Arnaiz
1980. urtera egin du Aranbarrik. «Oso garai berezia izan zen idazlearentzat. Artean, adiskide zuen Bernardo Atxagak gogoan zerabilen Obabaren geografia hura». Idazleek sortzen dituzten tokiei buruzko gogoeta egin du. Txomin Agirrek Arranondo sortu zuen Kresala (1906) nobelan; Ondarroa ez zen Ondarroa bat. «Ohiko bihurtuko da inguruko erreferente geografikoak dituen herriak sortzea, inolako mapetan ageri ez direnak». Augustin Anabitartek Usauri asmatu zuen, eta Jose Antonio Loidik, Urgai. Adibide sorta zerrendatu du idazleak. «Zenbat Obaba munduan: eta, gu, hemen, astearte buruzuri batean, Kalaportu mapan kokatu nahian».
Madrilgo Carabanchel espetxetik idatzi zuen Sarrionandiak Izuen gordelekuetan barrena lanaren atarikoa, eta pasarte bat irakurri du Aranbarrik. «Niretzat berezi samarra izan da 1980 urte hau: hogeita bi urte egin ditut, eta inoiz baino askeago senditu izan dut ene burua [...]». Zazpi ataletan dago liburua antolatuta; Sarrionandiaren hitzetan «bidaia» bat da, «zazpi zatitan banaturik: sorterria, Paris, Grezia, Lisboa, Irlanda, Praha eta Deserria, hau da, Europako zazpi lurralde eta hiri zahar mitikotan barrena». Atal horietako bakoitzean geralekua egin du Aranbarrik. «Uste baino gehiagotan itzuliko da zazpi espazio horietara».
Sorterriaren formak
Lehen atala: Sorterri hautatuan. Bertan azaltzen diren bi poema ezagun irakurri ditu Aranbarrik: Sorterriko koplak eta Sustraiak han dituenak. «Nekez uzten du bere sorterria/ sustraiak han dituenak...». Geldialdia eta galdera: «Eta sinistu behar dugu kartzelara sartu aurretik idatzi zituela?». Narrazioak (1983) liburua izan zen argitaratu zuen hurrengoa. «Ordurako preso dago Sarrionandia, baina ez da kartzelaz ari». Sorterria nabari du Aranbarrik Narrazioak lanean. «Erromantizismo klasikoan kokatzeko moduko Euskal Herri bitxi bat da kokatzen duena». Ni ez naiz hemengoa (1985) aipatu du jarraian. «Erudizioaren luparen azpian dagoen herria Cadizko Puerto de Santa Mariako kartzela sistemaren biktima diren militanteen herria dela azalduko du. Herria dago han eta hemen».
Haurtzaroaren erreferentziak ere ohikoak dira Sarrionandiaren obran. Ifar aldeko orduak (1990) ipuin liburuan azaltzen den Haurrak pintaturiko paisaia pieza jarri du adibide gisa. Hasi da pasarte bat irakurtzen. «Oiztik behera Durangorantz autoz gindoazela, Barranku parean, handik oinez joango nintzela esan nien lagunei...». Sarrionandiaren sorterriak bi forma dituela dio Aranbarrik. «Badago itzuli beharreko espazio hori: sorterri samurra eta gozoa». Itzuli nahi hori eromeneraino eramango du Lagun Izoztua (2001) nobelan. «Egindako bidea da bestea: kontzientzia eman dion hori». Kolosala izango da (2003) eta Lagun Izoztua-n azaltzen da hori argien.
Sorterritik Parisera egin du jauzi Aranbarrik, Paris Neskazaharrak bigarren atalarekin. «Pott bandakoek berebiziko ahalegina egin zuten nazioarteko kultura erreferenteak euskal literaturara txertatzeko». Paristik itsasora egin du Izuen gordelekuetan barrena liburuaren laugarren atalari heltzeko: Itsasoaren ezpainetan. Bertan bildutako Ulyses Itacara heltzean poemarekin abiatu da Aranbarri, eta Kavafis poeta greziarraren Itaka errezitatu du gero. «Kavafisek azpimarratu zuen garrantzitsuena bidaia dela eta ez helmuga». Sarrionandiarekin lotu du segidan. «Orain jakin dugu Martin Larralde dela bere Ulises». Hala idatzi zuen Sarrionandiak: «Itzuli izan balitz zer?». Erantzun dio Aranbarrik. «Itakan jendea lasai bizi zen Ulises gabe, eta Euskal Herria ere lasai bizi da Larralderik gabe. Horra olerkiaren muina: bizitzak aurrera egiten du».
Itsasoaren presentzia
Itzuleraren mitoa aise gaindituko du itsasoak, idazlearen hitzetan. Lagun izoztua eleberrian azaltzen diren hiru itsasoak jarri ditu adibide gisa. «Kalaportu iraganari lotuta dago: gerra galdu duen herriarena da; umiliazioarena eta kontzientzia hartzearena. Bigarrena Amerikako erdialdekoa da: epikotasunik gabeko itsaso txepela. Han galduko du burua Armandok. Hirugarrena, Antartikoa, etorkizunean dago kokatuta: gaua baino beltzagoa da, eta mamuz betetakoa».
Lisboako nigarkanta du izena Sarrionandiaren lehen liburuaren laugarren atalak. Portugalgo kulturak idazlearengan izan duen eragina izan du Aranbarrik ahotan. «Portugesa hizkera politikoa dela sarritan aipatuko du. Bernardo Soares idazleak [Fernando Pessorearen heteronimoa] idatzi zuen: 'A minha pátria é a língua portuguesa'; eta, Sarrionandiak erantzun zion: 'Euskara da gure territorio libre bakarra'». Portugaletik Irlandara, bosgarren atalera: Hodeien margoa. W.B. Yeats poetak idazlearengan izan duen eragina azpimarratzeko. Pragara gero, Prahako orenetan baitu izenburu seigarren sailak. «Kafkaren hiria da Praga». Kafkaren lorratzaren bila aritu dela dio Aranbarrik, eta aurkitu duela. «Kartzelako poemetan, mundu zentzugabe horretan, Espainiako Erresumako espetxe politikaren erretratua egiten duenean, hor dago Kafkarik gordinena».
Azken atala: Iragan dira horik oro. «Obra guztia idatzi du zazpigarren sail honetan. Ez dakit lurrari hesirik jartzerik dagoen, baina idazleari ezin zaio mugarik jarri». Geografiaz bi hitz. «Paisaia elkarrekin bizi dugun espazioa da: perspektiba da, begiak dira, ideologia da, eta hautua».