astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

gizartea

Motelegi, eta bide okerretik

Ibai Maruri Bilbao

Motelegi, eta bide okerretik

Ezinbestekoa da inoiz ez bezalako larrialdi neurriak hartzea, egoerari aurre egin, buelta eman eta gizakien eta ingurumenaren osasuna babesteko». NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du estatuak ez direla norabide horretan indar egiten ari. Klima aldaketari buruzko goi bilera bat egiten ari dira egunotan Nairobin: plastikoak sortutako kutsaduran ipini dute arreta; amaitu aurretik neurri berriak adostuko direla espero da. Atzo, seigarren GEO txostena aurkeztu zuten, ingurumenaren egungo egoeraren azterketarekin eta etorkizuneko aurreikuspenekin. 70 herrialdetako 250 zientzialarik osatu dute. Ezkor agertu dira: «Aurrerapausoak oso motelak dira ezarritako helburuak lortzeko, eta aurkako norabidetik jo dute sarri». Ohartarazi dute hartu beharreko neurriak ezagunak direla: klima aldaketaren aurkako Parisko akordioan eta NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuetan daude. Horiei heldu eta sakontzea da egin beharrekoa.

KLIMA ALDAKETA

Txostenaren arabera, klima aldaketa «ukaezina» da: 1888tik, planetako lurrazaleko batez besteko tenperatura 0,8 eta 1,2 gradu artean igo da. Datuak neurtzen direnetik izandako hamar urte beroenetatik zortzi azken hamarkadakoak izan dira. «Negutegi efektua eragiten duten gasen isurketak orain arte bezala jarraituz gero, gaur egungo erritmoan haziko da tenperatura, eta Parisko akordioak ezarritako mugak gaindituko dira 2030 eta 2052 artean», ohartarazi dute. Hau da, 1,5 gradu baino gehiago igoko da.

Parisen adostutakoa betetzeko, gasen isurketa %40 eta %70 artean murriztu behar da 2050erako; 2070ean, ezingo da gasik isuri. Txostenaren arabera, isurketak murrizteko neurriak hartzea ekonomikoki errentagarriagoa da ez hartzea baino: tenperatura gehienez bi gradu soilik igotzeko behar diren neurriek 19,5 bilioi euroko kostua izango dute; horrek osasunean ekarriko lukeen onurak 47,8 bilioi euro aurreztea eragingo luke.

AIREAREN KUTSADURA

Heriotza goiztiarren eragile nagusia da airearen kutsadura; urtero, sei eta zazpi milioi heriotza artean eragiten ditu, eta ongizateari eragindako galera ekonomikoa 4,4 bilioi eurokoa izaten da. Txostenaren arabera, 2016an munduko biztanleen %95 bizi ziren lekuetan partikula txiki gehiago daude OME Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatu baino. NBEk ez du zalantzarik: airearen kutsadurak zuzeneko eragina du klima aldaketan. Bi arazoen konponbidea leku berean ikusi du: erregai fosilak erabiltzeari uztea, haiek isurtzen baitituzte negutegi efektua eragiten duten gasak.

BIOANIZTASUNA

Lehorreko ornogabeen %42, ur gozokoen %34 eta gaziko %25 desagertzeko arriskuan daude. Lehorreko ornodunen %60 desagertu dira 1970etik 2014ra. Txostenaren arabera, aniztasun genetikoa arriskuan dago; hau da, labore hazi eta animalia arraza asko desagertuko dira. Horrek elikadura segurtasunari eragingo dio, batez ere andreengan eta umeengan: «Baliabide naturalei lotuta daude pobrezian bizi direnen%70ek bizirik irauteko behar dituzten bitartekoak».

OZEANOAK ETA ITSASERTZA

Ozeanoen eta kostaldeen etsai nagusiak dira tenperatura igoera, uraren azidotzea eta uraren kutsadura. Itsasoko ekosistema asko «arrisku bizian» daude; arrezifeak nabarmendu ditu txostenak. Ozeanoetako plastiko kopuruaz ohartarazi du bereziki: itsasoan pilatutako zaborraren %75 da. Zientzialariek esan dute neurririk hartu ezean ozeanoak suntsitu egingo direla, eta gizakia bizitzeko ezinbestekoak diren zerbitzuak emateari utziko diotela.

UR GOZOA

Hiru pertsonatik bat ur zikinak garbitzeko zerbitzurik ez duen leku batean bizi da. Ur gozoaren %70 nekazaritzarako erabiltzen da; herrialde pobreenetan, baita %90 ere. Horrek ur edangarririk gabe uzten ditu biztanleak. Uraren kalitatea, oro har, «erruz» okertu da 1990etik, kutsadura kimiko eta organikoaren ondorioz. 1970etik hezeguneen %40 desagertu dira.

LURZORUA

2050ean, 4.000 milioi pertsona biziko dira desertu bihurtutako lurretan; bereziki Afrikako eta Asia hegoaldeko lurralde pobretuetan. Baso galeraren erritmoa moteldu da, baina ez da gelditu. Bizitzeko modukoak diren lurren erdia nekazaritzarako eta batez ere abeltzaintzarako erabiltzen dira; 2050erako bikoiztu egingo da, premiak haziko direlako.

Greban klimaren alde

Ziabogarik ez Lurrarentzat

«Trantsizio energetikoak politikaz harago doan adostasuna beharko du»

BERRIAn argitaratua (2019/03/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA