kirola
Gazteak ere badatoz atzetik
Imanol Magro Eizmendi
Elite Mailako finala da Amarikaren asmo horren eredu garbia, bi bikoteetan final bat baino gehiago jokaturiko pilotari bana baitago, eta, haren alboan, aurrenekoa duen beste bat. Patri Espinarrek eta Miriam Arrillagak Leire Garai eta Leire Etxanizen aurka jokatuko dute. Lehen fasean elkarren aurka aritu ziren, eta azken horiek irabazi zuten, 18-11. Espinar buruz buruko txapelduna da, eta iaz binakako txapeldunorde izan zen. Etxanizek, berriz, binakako txapela irabazi zuen aurreko bi aldietan, bietan Olatz Arrizabalagarekin bikotea osatuta.
Arrillaga eta Garairentzat, aldiz, esku-huskako lehen egun handia da. Arrillagak, 13 urte bete arte, eskuz jokatu zuen Usurbilen (Gipuzkoa), Aitor Aranguren Baikoko pilotariarekin, baina utzi egin behar izan zuen, eta palaz hasi zen Suberri klubean. Duela bi urte hasi zen berriz ere eskuz, gehienetan bakarrik entrenatuz, eta egun bi modalitateak uztartzen ditu. «Final gogorra izango dela uste dut. Ligaxkako partida ere hala izan zen, lehen zatian batez ere, baina, gero, haiek tartea ireki zuten. Espinarrekin jokatzeak konfiantza ematen du, baina badakit nire bila joango direla». Iazko finaletan, Astelena Eibarko pilotalekua bete egin zen, eta bertan egon zen atzelari gaztea. Ez du izutzen igandeko giroak. «Finalerdietan, Errenterian, jende asko bildu zen, eta ez nengoen oso urduri. Ea finalean ere eusten diedan kirioei».
Garai, mutilen aurka
Leire Garai Lehen Mailako finaleko pilotari gazteena da, eta haren historia besteen ezberdina da. Orain arte finaletan aritu diren pilotariak bere garaian esku-huska jokatzeari utzitakoak dira, eta gero itzulitakoak. Garai, aldiz, ez; 15 urte ditu, eta beti jokatu izan du, Gasteizko Zaramaga klubean. «Nire adineko neska pilotari bakarra naiz nire klubean, eta Araba guztian [Txapelketako arabar bakarra da]. Kadetea naiz, eta mutilekin jokatzen dut, eta gustura jokatuko nuke maizago neskekin. Hori bai, ni toke erdiko pilotekin jokatzera ohituta nago, eta nahiago ditut bigunak baino [bigunekin ez du takorik erabiltzen eskuetan]. Jokoak abiada biziagoa du».
Hirugarren urtea du Master Cup Txapelketan, eta pozik dago egiten ari den bidearekin. «Txikitatik gauza asko entzun behar izan ditut. Esaten zidaten ez nintzela inora iritsiko neska nintzelako, adin batera iristean utzi beharko nuela, eskuko minarengatik utzi beharko nuela... Eta begira». Gustura ari da Etxanizekin, eta haren esperientziak mesede egiten dio. Finalera begira, argi du estrategia. «Pilota bigunekin partida gogortzera jokatu behar dugu. Luzea eta gogorra bada, aukera gehiago izango ditugu».
Lehen Mailako finala 22 tantora jokatuko da; Promozio Mailakoa, berriz, hemezortzira. Guztira, 3.080 euro banatuko dituzte sarietan, eta finala Zumarragan jokatzea bertako udalaren ekimena izan da. Mikel Serrano alkate eta afizionatu mailako pilotari ohiak «harro» dagoela esan zuen. «Pilota gizonezkoen eremua izan dela esan da beti, baina emakumeak beti hor egon dira. Merezi duten tokia emateko garaia iritsi da».