astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

gizartea

Kurrinkak gora, eta kezka ere bai

Jon Rejado

Kurrinkak gora, eta kezka ere bai

Salburuko hezegunean, Gasteizen, basurdeak arkuz hiltzen ari dira, populazioa kontrolatzeko. Duela hilabete inguru iragarri zuen albistea udalak. Hamaika iritzi eta eztabaida piztu zuen, baina, iritziak iritzi, agerian utzi zuen errealitate bat: basurdeen populazioak nabarmen egin du gora. Ez bakarrik Gasteizen, baizik eta Euskal Herri osoan. Igoera horrek eragozpenak eragin ditu zenbait sektoretan, eta agerian utzi du erakundeek zer zailtasun dituzten egoera kudeatzeko. Hain justu, bilera egin zuten atzo Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak; basurdeen arazoa aztertzeko lantalde bat sortzea erabaki dute.

Ez dago Euskal Herri osoko daturik basurdearen populazioari buruz. Foru erakundeak arduratzen dira basurdearen kudeaketaz, eta dituzten datuak, oro har, ale ehizatuenak dira. Gipuzkoan eta Nafarroan, segida historikoak jakinarazi dituzten bi herrialdeetan, nabarmena da gorakada: 6.835 basurde ehizatu zituzten 2007-2008ko sasoian, eta hamar urte geroago, 2017-2018koan, 11.799 basurde. Hots, %73 inguru igo da animalia ehizatuen kopurua, eta, administrazioen arabera, antzera hazi da populazioa.

Basurde populazioaren gorakada «orokortua» dela azaldu dute eragile guztiek. Andres Illana Ekologistak Martxan elkarteko kideak zehaztu du Europa osoko joera dela, Euskal Herrikoa ez ezik. Horren oinarrian hainbat arrazoi ikusten dituzte adituek. Fernando de Juana Gasteizko Udaleko Bioaniztasun Unitateko buruak honako hauek zerrendatu ditu: landa eremuan gero eta jende gutxiago egotea; babeslekuak ugaritzea; janaria lortzeko zailtasunik ez izatea, bai basoetan, bai bestelako eremuetan; populazioa kudeatzeko sistema bakar gisa ehiza baliatzea; eta basurdeek harrapari naturalik ez izatea.

Soluzio, laguntza edo arazo

Eragile gehienak bat datoz arrazoi guztien baturaren ondorio dela egungo egoera, baina arrazoi batek eragiten du eztabaida gehien: ehiza. Uxaldien sistema baliatu dute administrazioek basurdeen populazioa kudeatzeko. Datuek agerian utzi dute ez dela nahikoa. Hala hausnartu du EHNEk. «Agerikoa da ehiza ez dela nahikoa basurdeen gainpopulazioari aurre egiteko; izan ere, ehizatu arren, gorantz ari da».

Administrazioek ehiza baino ez dute baliatu basurdeen kopurua kontrolatzeko. Dituzten datuen arabera zehazten dituzte ehiza egutegia, eremu batzuk eta ehizatu beharreko basurde kopurua; urtez urte berrikusten dute. Alde horretatik are indar handiagoa jartzeko asmoa dute. Arabako Foru Aldundiak hausnartu du «eremu asko» daudela non ezin baita ehizatu: segurtasun eremuak, animalientzako babesguneak, erreserbak... Horrez gain, Arabako zein Gipuzkoako foru aldundiek sasoiko ehiza egun gehiago ahalbidetu dituzte. Bide horretan jarraitzeko asmoa agertu dute.

Kudeaketa horren arriskuaz ohartarazi du Illanak. Hain zuzen ere, haren ustez, batez ere ehizaren ondorioa da basurdeen populazio handia. «Kudeaketa zinegetiko txarraren ondorioa da; gizakia da predatzaile bakarra, eta ez daki lan hori egiten».

Illanaren esanetan, ehiztariek animalia handienak hil nahi dituzte trofeo gisa. Horren ondorioz, familietako kide nagusiak hil ohi dituzte, eta ale gazteenak bizirik utzi. Gaineratu du horrek basurdearen ohiko bizi zikloa azkartzen duela. Fernando de Juanak gertakari hori berretsi du. Ohiko basurde familia batean, eme nagusia da ugaltzen den bakarra. Ordea, hori desagertuz gero, urte batetik gorako emeak ugaltzen hasten dira. Gasteizko Salburuko hezegunean martxan dagoen «kontrol kanpaina» horretan oinarritu dute.

Aritz Ezeiza Gipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzailearen iritziz, ehizarik gabe are handiagoa izango litzateke basurdeen populazioa. Aurrekariak badaudela gaineratu du. 2011n, Gipuzkoako Foru Aldundiak animaliaren ehiza eten zuen sasoi erdiz baino gehiagoz. «Presio ekologisten» ondoriozko neurria izan zela dio Ezeizak. «Ikaragarrizko gorakada eragin zuen horrek».

Gipuzkoako ehiztariek greba mugagabea hasi dute, hain justu. Askotariko arrazoiak daudela azaldu du Ezeizak: araudi gero eta gogorragoak, talde ekologisten «presio eta biolentzia», beti «ustezko errudun» gisa aurkeztea... Arrazoi horiez guztiez gain, Ezeizak nabarmendu du ehiza ez dela «betebeharra» ehiztarientzat. «Afizioagatik egiten dugu, eta, hori baliatuz, beharrezkoa den funtzio soziala egiten dugu». Protesta horrek batez ere basurdeen ehizari eragingo dio orain.

Illanak aitortu du etorkizuneko kudeaketa batean ehizak lekua ere izan dezakeela. Ordea, eskatu du gaur egungo kudeaketa eta horren ondorioak aztertzeko. Hain zuzen ere, ehizaz gain, basurdearen populazioa kudeatzeko bestelako aukerak beharko direla iradoki dute Ekologistak Martxan-ek eta EHNEk, baita Gasteizko Udaleko ordezkariak ere. Ordea, beste neurri horien eraginkortasuna eta bideragarritasuna egiaztatu gabe dagoela aipatu dute beste eragileek: animaliak antzutu botiken bitartez, arrak zikiratu, eremu batzuetan kalteak saihesteko otso gernua baliatu...

Kalteak, eta arriskuak

«Basurdea ez da kaltegarria per se; ekosistemaren beste pieza bat da, baina eragozpenak sor ditzake populazioa ez dagoenean doitua», azaldu du De Juanak. Gaur egun, populazioa beharko lukeena baino handiagoa izanik, eragozpen horiek hainbat eremutara zabaltzen dira. De Juanak berak aipatu du bioaniztasunean eragin dezakeeela horrek. Salburuko hezegunea erabili du adibide gisa. Basurdea 2003an heldu zen hara, eta, ordutik, behera egin du uretako hegazti batzuen populazioak: ur bazterrean lurrean abia jartzen duten hegaztien populazioak. Susmoa dute basurdearen presentzia izan daitekeela horren arrazoia. «Animalia orojalea da, eta arrautzak eta txitak oso gustuko ditu». Horrez gain, De Juanak aipatu hezegunearen inguruko errepideetan gora egin dutela basurde eta autoen arteko istripuek.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan ere kalteak eragin ditu basurdeen gehiegizko populazioak. EHNEk ohartarazi du baratze eta laboreak harrotzen dituztela, baita abeltzainen larreak ere. Horrez gain, gaixotasunak heda ditzaketela gaineratu du sindikatuak. Baserritarrek abereen osasun azterketak egin ondoren, gerta daiteke basurdeekin kutsatzea.

Arrisku horrek kezka eragin du hainbat sektoretan. Belgikan, Estonian, Letonian eta Lituanian, esate baterako, txerri sukarraren kasuak antzeman dituzte azken hilabeteetan, eta basurdeekin lotu dute gorakada hori. Gaixotasun horrek, izan ere, basurdeengan eragiten du, eta horien bidez zabal daiteke. Kalteak dakartza horrek ekonomian eta abereetan.

BERRIAn argitaratua (2019/03/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA