politika
«G7koena ez dira lau egun; urte oso bat da»
Ekhi Erremundegi Beloki
Beharrezkoa zen G7koena Miarritzera ekartzea?
G7koena mundu mailako gertakari diplomatikorik handiena da; hautatua den hiri edo lurraldearentzat, harrotasun handiko gaia. Ez dut auzapez bakar bat ere ezagutzen gertakari horri harrera egiteari uko egingo liokeenik: kamera guztiak gure hirira eta lurraldera buruz itzuliko dira. Halako gertakariak antolatzeko Eliseoaren baldintza guztiak betetzen dituzten Frantziako zazpi hirien artean da Miarritze. Beraz, Errepublikako presidenteak proposamena egin zidanean, kontsideratu nuen ohore handia zela gure hiriarentzat eta lurraldearentzat. Are gehiago, ondorio interesgarriak ditu gailurraren momentuan ez ezik aitzinetik eta ondoren ere.
Zer ondorio?
Lurraldearen balioztatze batzorde bat sortu dugu, gure lurraldearen irudia eta lorpenak erakusteko eta ondorio ekonomikoak nola lortu gogoetatzeko. Hori da gaur egun egiten ari garena. Martxotik aitzina prentsa bidaiak antolatuak izanen dira Parisen diren nazioarteko erredakzioetatik. Lau gertakari handi antolatuak izanen dira G7koen bilera aitzin, gailurrean landuko dituzten gaien inguruan eta goren mailako parte hartzaileekin. Aukerak sortuko ditugu gure lurraldeaz mintza daitezen eta gure lurraldera jende berria erakartzeko: kazetariak, ordezkaritzak... Jende horrek guztiak lo egiteko lekua behar du, jan behar du, erosketak egiten dituzte. Adibidez, dendariekin Ongi etorri G7ra operazioa eginen dugu; ondoko sei hilabeteetan guregana datorrenak dendari horien guztien zerrenda izanen du, eta beherapenak eskuratuko ditu. Hori egina da G7koenaren harira sektore ekonomikoa mobilizatu eta eskaintza bat egin dezan gure bisitarientzat. G7koena ez dira lau egun; urte oso bat da.
Uda erdian hiria bunkerizatzeak ez ote dio kalte egiten irudiari?
Miarritzeren irudia mundu guztian hedatuko da. Mundu guztiak ikusiko du estatuburuak Miarritzen elkartu direla. Nik uste dut, alderantziz, publizitate zoragarria dela. Lehenengo zona erabat itxia izanen da, baina bigarrenean identifikazio txartela duen edonor sartzen ahalko da.
Turista arrunta ez da pasatuko.
Ikusi behar da zerbait berezia baduen egiteko ala bere bizitegia hor duen. Zer nahi duzu, abuztuak 31 egun ditu, ez lau. Galdera da ea merezi duen gailurra hona ekartzea. Jende andana batek erran digu merezi duela: Garapen Kontseiluak, Eskualdeak, Departamenduak, Euskal Elkargoak... Gero, badira kontra direnak; errezibitu ditut. Baina G7koen gailurraren kontra dira. Nik erran diet ez dela hori geure buruari egin diogun galdera. Jakin nahi izan duguna da G7koenaren harira lurraldearentzat ezer interesgarri ba ote den. Baietz erantzun dugu.
Andre Garretak dio tokiko enpresentzat ahalik eta eragin gutxien izatea espero duela.
Ez dakit. Ez dut harekin aipatu. Badakit balioztatze batzordean ordezkatua dela. Hala ere, zinez, lau egun dira! Enpresak lurrera eroriko dira lau egunengatik?
Badirudi ez duela aipatzen duzun ondoriorik espero.
Ba, erran nahi du gaizki informatua dela! Jean Vier enpresako nagusia errezibitzekoa dut: eskaintzak eginen ditu, opari eta halakoetarako. 150 enbaxadoreak errezibitu genituenean, Miarritzeko sukaldari batek egin zuen bazkaria; 300 bazkari. G7koena gertakari kontsumitzaile bat da: itzultzaileak, giza baliabideak, baliabide materialak kontsumitzen ditu. Bada, kontsumo hori hemen gertatuko da: eragile ekonomiko horiei eskatuko diegu G7koen bilkuraren zerbitzu hornitzaile izatea; diru sartzeak izanen dituzte.
G7koenaren kontrakoekin bildu zinen. Nola pasa zen bilkura?
Elkorren arteko elkarrizketa bat da. G7koenaren kontra dira arrazoi ideologikoengatik. Ulertu dezaket; kontsideratzen dute planetaren etsairik handienak elkartuko direla, eta abar. Bertan behera uzteko eskatu didate; erran diet ez nuela bertan behera utziko -gainera, ez dut horretarako botererik-; beraz, elkorren arteko elkarrizketa bat da. Errespetatzen dut haien jarrera. Nazioarteko gertakari diplomatiko bat dagoen aldiro kontra-gailur bat antolatzen da, manifestazioak badira... Haien eskubidea da, baldin eta ez bada bortizkerian egiten.
Zein izanen da haien lekua?
Haien esku dago. Jaka Horiekin bezala da: Miarritzen manifestazioa egiten dutenean modu baketsuan, ez da arazorik. Hiru manifestazio baketsu egin dituzte; bukatzean, ostatuetara doaz tragoak edatera. Bikain da; ez dago errateko ezer. Ni haiengana noa, solasean ari gara, ez nago ados erraten duten gauza anitzekin, baina horrela da. Badago kezka bat G7koenaren heineko gertakari baterako Black Bloc eta bestelakoak etorriko direla Europa iparraldetik. Jende horrek edozein gertakari baliatzen du hausteko, lehertzeko. Bazterrean atxiki behar ditugu.
Beraz, zer leku dute kontrakoek?
Kontrakoek manifestazioak eginen dituzte, baina gertakaria den lekutik distantzian.
Hori ez da zehaztua. Segurtasun indarrak ari dira finkatzen.
Prefetak departamendu osoko debekua aipatu zuen.
Ez dakit. Ni ez naiz sartzen horrelakoetan. Ez naiz arduratzen ordena publikoaren atxikitzeaz. Sinpleki erraten dut hona etorriko direnei harrera egin eta babesa emateko betebeharra dugula.
Miarritzen izan zen azken protestan, neska gazte bat larriki zauritu zuen Poliziak.
Beste arazo bat da hori. Poliziak bere burua defendatu behar du; bestela, ez da gehiago poliziarik. Era berean, erabiliak diren arma horiek inutilak dira; ni kentzearen aldekoa naiz. Neska gazte hori bisitatu nuen ospitalean. Zauritua izan da ez zelarik manifestazioan parte hartzen ari. Istripu bat da. Horrelako istripuak gertatzen dira nonbait bortizkeria badenean.
Hor ez zen bortizkeriarik.
Ez zen. Baina enfrentamendua bazen. Euskal Herrian badakigu zer den bortizkeria. Istripu deitoragarri bat da. Baina nik argi dudana da manifestazioak, izatekotan, Miarritzetik eta hirigunetik distantzian izanen direla.
Orduan, ez dute lekurik izanen.
Kontrakoek garbiketa egin behar dute beren inguruan. Bortitzak distantzian atxikitzeko antolatzen badira, zergatik ez. Ni ez naiz horren kontra. Baina, G7koenaren kontrakoak ere kuadro batean sartu behar dira.
G7koena antolatzeak Hotel du Palaisen afera bizkortu du.
Ez, ez, batere. Badira hiru urte Hotel du Palaisen inguruan lanean ari garela. Agintaldi hasieratik dakigu obrak egin beharko direla eta hotelari gaitasun komertzial berriak eman beharko dizkiogula. Arriskua bazen palazio estatusa gal zezan. Hotelak nazioarteko hedadura izan dezan, ezinbestekoa da talde handi batekin elkartzea; Hayat taldearekin egin dugu akordioa. Obrak hasiak dira; udan geldituko dira, eta G7koenaren ondotik segituko.
Nola bizi izan dituzu azken hilabeteetako gorabeherak?
Nola bizi... zer nahi duzu erratea... bai, tentsioak izan dira, baina hemendik hamabost hilabetera hauteskundeak datoz. Horrek bideratu ditu gauzak.
Uste duzu baietz?
Denek zekiten zer gertatzen ari zen; polemika sortu da anbizio politikoengatik. Nik horrela ikusten dut. Hartu diren erabaki guztiak herriko kontseiluak hartu ditu, gehiengoaren babesarekin, modurik demokratikoenean. Horren aurrean orroaz aritzen ahal da, eta abar. Erran nahi baduzu nire gehiengoa ez dela biziki sendoa, horretan ados nago. Baina beti konplikatua da hiru zerrenda batuta zerrenda bakarra osatzea.
Zure kudeaketa salatu dute hautetsi batek baino gehiagok. Herriko etxea ekonomikoki arriskuan eman duzula diote.
Frogatu dezatela! Administrazio auzitegian helegiteak ezarri dituzte; ikusiko dugu zer emanen duten. Hautetsi batek salatu zuen bankuek ez gintuztela babesten, erabakia hartzeko bilkurarik egina ez zutenean ere. Bankuek diruztatzea onartu dute, kontratu guztiak izenpetuak dira, obrak eginen dira... Ez dut ikusten herriko etxea zertan dagoen arriskuan.
Jarrera autoritarioa eta sexista leporatu dizute.
Erradazu aldi bakar bat jarrera sexista izan dudana. Pertsona bakar batek erraten du hori, eta informazio bat dela kontsideratzen duzue? Ez dut ulertzen. Gaur egun, arazo handi bat dugu informazio eta komunikazio publikoarekin, denek erraten dute: sare sozialei ematen diegun lekua. Aski da pertsona batek zerbait erratea, haien lana zer den ez dakiten kazetariek hartu eta artikulu bat egin dezaten. Ez da hori kazetaritza lanbidea. Hori da jende guztiak erraten duena. Zergatik ez dituzue galdezkatzen sexista ez naizela erraten duten beste guztiak? Ez dut ulertzen zuen lan egiteko modua. Biziki ongi ezagutzen dut kazetaritza lanbidea; bada 25 urte horretan ari naizela.
Hautetsi batek erraten badu emazte izateagatik gutxietsia sentitu dela, normala da galdera egin diezazugun.
Bada, nik erraten dut ez dela hala izan! Zoazte nire ingurukoak, nire emaztea galdezkatzera, eta ikusiko duzue ez naizela sexista! Gezurra da, arras gezurra. Ez da galdera egin beharrik! Ikaragarria da! Eta autoritarioa? Ez da nahasi behar autoritatea eta autoritarioa. Erabakiak hartu behar ditut, eta hartzen ditut. Irudi bat eraikia izan da autoritarioa naizela errateko. Funtsean, badira Kim Il-sung eta Michel Veunac. Hara, Ipar Koreako liderra bezalakoa naiz. Nork pentsa dezake hori? Sekulako zozokeria da.
Ez ote da giro pozoitsua herriko kontseiluan?
Jauna, ez dago giro pozoitsu bat. Herria, herriko kontseilua, axuantak dira. Herri baten exekutiboa axuantak dira. Hamahiru dira, eta horietarik hamarrek proposatzen dudanaren alde bozkatu izan dute beti; hamarrek bozkatu zuten Nathalie Motchen kanporatzea; hamarrek bozkatu zuten Amigorenaren kanporatzea. Ez ditut nik hartu erabakiak: exekutiboak hartu ditu.
Herriko bozetarik urte betera, nola ikusten duzu etorkizuna?
Nik ez dut oraindik erabakia hartu; udazkenean hartuko dut. Talde bat baino gehiago prestatzen hasiak dira: normala da. Herriko bozak baino urte bat lehenago, bakoitzaren anbizioak agertzen ari dira, eta bakoitza gai gatazkatsu batean oinarritzen da. Nire lana hamabi hilabetez egin behar dudana egiten segitzea da. Zeren momentu batean nire bilana aipatu beharko da: 2014an aurkeztu nuen zerrenda eta egin dudana. Ikusiko duzue hitz emana bete dudala.