kultura
Bi anaia Anaitasunako finalera
Ainhoa Larretxea Agirre
Giro berezia zen Lesakan: sarrerak astebete lehenago bukatu ziren, eta ikus-entzuleek ilara egin behar izan zuten aretora sartzeko. Bertso gosez ziren entzuleak, eta gogor txalotu zuten bertsolarien lana. Gazte asko bildu ziren saioan, eta Fernando Anbustegi aritu zen gai jartzaile lanetan.
Joanes Illarregik saio borobila osatu zuen hasi eta buka; ale ederrak utzi zituen ariketa denetan. Eneko Fernandezekin batera kantatu zuen zortziko handian. Bikotea eta lankideak ziren, eta nagusiak erran berri zien ezin zituztela oporrak batera hartu. Zorrotz ekin zion Fernandezek: «Nik luzarora luzatu nahi dut/ Joanes gaur begirada/ umeak pozik dabiltza baina/ gu noiz elkartuko gara?». Arrazoi sendoak botaz, Illarregik fin borobildu zuen ariketa: «Ni gabe bizi zaitezke eta/ arren egon zaitez lasai/ ez urduritu bien oporrak/ elkartu nahi horien zai/ hau ongi dago biek aparte/ hartu behar baitugu jai/ hola lanetik deskantsatzen dut/ eta zugandik ere bai».
Zortziko txikiko ariketan ere ale ederrak utzi zituzten denek. Fernandezek eta Untxalok osatuko ofizioa izan zen denetan txalotuena. Lagunak ziren, eta, Untxalo estresatuta zebilenez, jolas parke batera joan ziren. Errusiar mendian buruz behera gelditu ziren. Fin ekin zion Untxalok: «begiratu nazazu/ begiak itxita/ titiak eskotetik/ atera zaizkit ta». Umoretsu erantzun zion Fernandezek: «kolpe txiki batean/ ni estresatu naiz». Berriro itzultzeko proposamena egin zion Untxalok, eta bukatzen asmatu zuen Fernandezek: «berriro bueltatzea/ dugu plan itzela/ baina nork erran dizu/ jaitsiko garela?».
Hamarreko txikiko ariketan utzi zituzten bertsolari denek alerik polit eta osoenak. Guraso izatekotan zen bikotea osatzen zuten Sanjurjok eta Joanes Illarregik. Sanjurjok haur txikia aitatxi-amatxik zaintzea nahi zuen; Illarregik, aldiz, haur eskolara joatea. Zorrotz hasi zen Illarregi: «baina muga dezagun/ euren harremana/ familia ez dadin/ bilakatu lana». Fin erantzun zion Sanjurjok: «umearentzat ere/ ona izango da/ eskolara joateko/ badago denbora». Bertsoaldia fin borodildu zuen Illarregik: «espezialistak dira/ ta hortarako daude».
Ariketa berean, Fernandez eta Alkaiza greba egiten ari ziren. Fernandezek pintxo bat jatera joateko proposamena egin zion Alkaizari. Arrazoietan sendo ibili zen Alkaiza saio guztian, eta zorrotz ekin zion bertsoaldiari: «gose izan zaitezke/ baina ez eskirola». Fernandezek ere zorrotz erantzun zion: «Nire Saioa nago/ gaur grebaren alde/ zerbitzu minimoak/ zertarako daude?». Elkarrizketa polita osatu zuten biek.
Xabat Illarregik eta Untxalok ere saio polita egin zuten hamarreko txikian. Bikote erretiratua ziren. Illarregik aurreztutako diruaz disfrutatu nahi zuen; Untxalok, aldiz, ondorengoentzat gorde. «Gizon bat ez al zara/ fin eta normala/ egin zazu baratza/ bertzeek bezala» ekin zion Untxalok. « Ze ez gastatuz gero/ hau da nire hitza/ ez duzula merezi/ onartzen zabiltza» erantzun zion Illarregik.
Klima aldaketaren gaia izan zuten puntu erantzunetan. Xabat Illarregi bereziki fin ibili zen ariketa horretan; azkar eta zorrotz erantzun zituen Anbustegik jarritako hiru puntuak. «Suteek erre dute/ gure ingurua»bota zion hirugarrenean eta zorrotz erantzun zuen Illarregik: «zein izango da baina/denaren burua/buru askorik ez du/nere aburua/ izorratzen du bera/ bizi den mundua».
Gai beraren ertz ezberdinak
«Egutegiari begira zaude, luze doa denbora». Bertsolariek ertz ugari atera zizkioten kartzelako gaiari, eta entzuleek bereziki eskertu zuten bertsolarien freskotasuna. Abortatzera doan emakumearen azaletik kantatu zuen Alkaizak, ale politak utziz: «begiak dira epaimaitxo bat/ ta hitzak berriz latigo/ ... eta damurik ez dut sentitzen/ eta eginen nuke berriro» bukatu zuen.
Sanjurjok kartzelatik ateratzeko zain dagoen presoaren rola hartu zuen , eta bukaera polita eman zion saioari: «beti ixa bat markatu ohi dut/argia itzali eta gero/ eta negarra ateratzen zait/ ia gauero-gauero».
Sanjurjoren bide bera hartu zuen Joanes Illarregik. Lehen bertsoan egoera kokatu ondotik, bigarren bertsoan borobildu zuen arratsalde osoan egindako lan borobila: «mesanotxean daukat saskia/ irakurtzeko badut astia/ kartzela hontako nere pasada / ez da izandu eztia/ begia malkoz bustia/ barruan malaostia/ nahastuta tripa azpia/ egunen batean aterako naiz/ ta ikusi eguzkia/ eta orduan bizituko dut/ bizi ez dudan guztia».
Finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko da, martxoaren 23an, 17:00etan.