astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

iritzia

Kulturaren oinarrizko saskia

Xabier Paya Ruiz

Kulturaren oinarrizko saskia Xabier Paya Ruiz

Imajinatu mundu bat non kultura elikaduraren parekoa den, non egunean bizitzeko behar diren gutxieneko kaloriak gomendatzen zaizkigun bezala, giza garapen iraunkor onenerako aldian-aldian bizi behar ditugun kultur esperientziak iradokitzen zaizkigun. Esnekiak, barazkiak eta lekariak asteroko dietan sartzen ditugun bezala, antzerkiak, abestiak eta liburukiak gutxieneko marra gorrien kopuruetan ematen zaizkigu aukeran. Gutxienez jan beharreko elikagaien zerrenda da oinarrizko saskia, eta gutxienez izan beharreko kultur bizipenen multzoa da kulturaren oinarrizko saskia. Kulturaren oinarrizko saskiak lau urrats ditu: ezagutza, gozamena, jabetzea eta jarduera.

Kulturak ematen digu mundua interpretatzeko gure ingurukoek darabilten kodearen berri, sinbolo, iruditeria, ohitura eta emozioak ulertzeko eta ulertarazteko softwarea balitz bezala. Euskal kulturaren oinarrizko saskiak zehazten du zer kultur balio ezagutu behar duen euskal herritar batek adin-tarte bakoitzean, noiz tokatzen zaion Agate deunaren berri izatea edo akelarreak deskubritzea. Kontuz: ezagutaraztea ez da heztea. Askotan sartzen ditugu kultura eta hezkuntza zaku berean, baina bi kontzeptuen oinarrizko zentzura jotzen badugu, ezin litezke desberdinagoak izan: hezkuntza bateratzailea da, azterketa beraren galbahea jartzen baitigu ikasle guztioi, antiojo berdintsuen bidez uler dezagun mundua; kulturak, aldiz, sorkuntzaren aniztasuna du oinarri, arteak mundua ulertzeko ematen duen ikuspegi andanatik eraberrituz.

Kultura, ordea, gozatzeko eta bizitzeko da. Giza eskubideen Adierazpen Unibertsalari jarraiki, kultur eskubideen oinarria partaidetza da, norbanakoak giza taldeko kultur bizimoduan parte hartzea, hain zuzen. Film bat ikustea, kontzertu bat entzutea, liburu bat irakurtzea edo artelan baten aurrean jartzea pertsonarengan sentsazio, emozio eta burutazio ugari abiatzeko big bang txikiak izan daitezke, edo sortzaile berriak zein sormenaren nolabaiteko erakarpenean biziko diren herritarrak ugaritzeko amuak. Droga balitz bezala, sorkuntzaren lehen dosi txiki horrek kitzikapenetik eldarniorainoko eragina izan dezake gizakiarengan, eta halako estimuluek mundua mugi dezakete.

Liluramendua bukatutakoan, txunditu gaituen horren logikaz jabetzea komeni zaigu. Mago handienen trukoek, bertsolarien bertso ederrenek zein opera baten konposizio bikainek ondo landutako egitura, arau, estilo eta teknika ugari dituzte atzean. Txalapartaren perkusio-doinuez gozatzeko ez dago zertan harmoniaz jakin, baina musika-noten matematika barneratuta, are apartekoagoak dira egungo talde ezagunen ttakun-ttakunak eta tiriki-taukiak.

Azkenik, zerbait ondo barneratzeko, ez dago jardutea bezalakorik. Ezagutu genuena, gozarazi ziguna eta ulertu duguna birsortzeko gai bagara, kultur zikloa osatuko dugu, kultur kontsumitzaile eta sortzaile izanik. Jarduteari beldurra galdu behar zaio, eta Euskal Herriko kasuan, puntako jarduna ez egiteari. Munduko iturgin edo informatikari guztiak ezin dira onenak izan, eta denek egingo dute lan, gutxiago edo gehiago, okerrago edo hobeto; bada, kulturan berdin.

Euskal Herriko kulturaren oinarrizko saskiak esaten du adin-tarte bakoitzean zer balio, arte eta artelan ezagutzea komeni den, zein gozamen izan behar den berbazko arteekin eta ikusizko arteekin, kultur sorkuntzaren zein mekanismoz jabetu behar diren euskal herritarrak, eta zein kultur adierazpidetan jardun behar duten gutxienik. Pena artikulu honetako lehen berba imajinatu izatea.

BERRIAn argitaratua (2019/03/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA