astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

gizartea

Mugimendu feminista, grebaz: «Jauzi kualitatiboa egin du aldarrikapenak»

Arantxa Iraola

Mugimendu feminista, grebaz: «Jauzi kualitatiboa egin du aldarrikapenak»

«Lan guztiak egiteari utzi genion, eta Euskal Herriko kaleak gogor astindu genituen, gure herriak aldarrikapen, ekintza eta elkartasun feministaz betez». Mugimendu feministako ordezkariak Donostian batu ziren atzo, Martxoaren 8ko grebak lagatako emaitzaz eta ondorioez aritzeko. Pozik eta harro solastatu ziren, zifrez harago. «Grebak erantzun masiboa izan du; zenbatu ezina da herriak kalea hartzean duen indarra. Horregatik, ez dago zifrarik Martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik», nabarmendu zuten. «Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa egin dugu, gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu digulako».

Eman zituzten, hala ere, alorrez alor, hainbat zifra eta datu zehatz. Hezkuntzan: eskola publikoetan, andreen %85ek baino gehiagok egin zuten greba; eskoletako jangeletan, lanuztea ia erabatekoa izan zen; eta, unibertsitateetan, Leioa, Gasteiz eta Donostiako campusetan, jarduera «oso baxua» izan zen. Osasun arloan: «ospitaleetan zein lehen mailako arretan» diharduten andre askok deialdiarekin bat egin zuten, baina «gehiegizko zerbitzu minimoek» grebaren intzidentzia gutxitu zuten. Udaletan eta aldundietan: erantzuna «masiboa» izan zen. Jaurlaritzan: andreen %68k egin zuten greba. Merkataritzan: atxikimendu «handia» neurtu zuten. Industrian: grebak arrakasta «handia» izan zuen kontserba fabriketan, eta beste hainbat lantokitan; itxi ere egin zituzten horietako zenbait. Greba egin ez zutenei begiratu beharra adierazi zuten, hala ere: «Badakigu zein zaila den sektore batzuetan greba egitea eta batzuek ezin izan dutela beren greba eskubidea gauzatu. Zerbitzu minimoetan egon diren emakume askok ere ezin izan dute lan grebarik egin».

Eremu «guztietan»

Haragokoak ere izan baziren, gainera, deialdiren xedeak. «Lanaren kontzeptu klasikoa» gainditu nahi zuten, eta «bizitzako eremu guztietan» kokatzea haren aldarriak. Kontsumo ereduaren gaineko «kritika» egin zuten, adibidez, hainbat ekitaldiren bidez, eta kontsumo greba egitera ere egin zuten. Aparteko lekua izan zuten, halaber, greban andrazko pentsiodunek eta etxeko lanetan ari direnek. «Etxeko barneko langileen %97 migratzaileak gara, eta indar batez aldarrikatu dugu figura horren desagertzea», gogora ekarri zuten atzo ere.

Nabarmendu zuten grebaren antolaketa «deszentralizatua» lehenetsi dutela aurten, eta sendotu egin duela horrek deialdia: «Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara. Hori da gure garaipen nagusia». Feminismoak helburu duen «iraultza» lortze aldera, «heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik» jardun behar dela esan zuten, eta oroitarazi zuten kritiko jardun behar dela «keinu sinboliko hutsak» egiten dituzten erakundeekin. Izan ere, «bizi eta lan baldintza prekarioen arduradun zuzen» batzuk -Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Iberdrola aipatu zituzten adibideen artean- «grebara batzeko» keinuak egiten ikusi dituzte aurten, eta ez daude horrekin konforme mugimendu feministako ordezkariak: «Ez diegu onartzen keinu sinboliko gehiagorik egitea; gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu. Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu». Bertan goxo ez geratzeko deia egin zuten.

«Urrats handia egin dugu, baina urrun gaude helburuetatik», onartu zuten. «Beraz, grebak azaleratzen dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu». Hortik, asteotan grebaren harira egindako aldarriak berritu zituzten. Zaintzan: «Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu». Enpleguaren arloan: «prekaritatea» eragozteko eskatu zuten. Indarkeriaren aurkako neurrietan: hain justu, andrazkoak etengabe «menpeko lekuetan» kokatuta haien aurkako bortxakeria errazten duen sistema bat goldatzen dela gogorarazi zuten. Hezkuntzan: «Hezkuntza sistema hezkidetzailea, kalitatezko sexu heziketa integratzailea eta inklusiboa hezkuntzaren etapa guztietan, askotarikoak baikara». Errotiko eskeak dira guztiak, azaleko konponbideekin bideratu ezin daitezkeenak. Horren aldeko aldarria berritu zuten, sakonekoa: «Bizitzak erdigunean jarriko dituen itun sozial bat eskatu dugu ozen».

Jendea, erruz

Ostiralean ikusitako babes keinuak nekez ahantziko dituzte. Kontra egin zienik ere izan zen, ordea: salatu zuten grebaren harira 60 andre baino gehiago identifikatu zituztela, eta leku askotan poliziek jarrera «oldarkorra» izan zutela. Esan zuten, ordea, egin ziren manifestazio eta ekitaldi gehienetan jendea erruz ibili zela, eta argi dute bidea: «Honek guztiak garbi erakusten du emakumeen antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla emakumeen diskriminazio egoerak gainditzeko eta feminismoaren garaia dela ozen esateko».

Jaurlaritzak erreparaziorako eskubidea aitortu nahi die bortxa matxistaren biktimei

BERRIAn argitaratua (2019/03/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA