astekaria 2019/03/15
arrowItzuli

gizartea

Zimenduak mugitzeko zimendua

Garikoitz Goikoetxea

Zimenduak mugitzeko zimendua

Lorratza utzi zuen iazkoak: milaka eta milaka emakumek elkartu zituzten oinak eta eskuak, zapaltzen dituen «sistema heteropatriarkalaren» aurka. Gizarte sistemaren zimenduak jarri nahi dituzte kolokan: «Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte berri bat imajinatu eta proposatzen dugu». Mugimendu feminista gero eta lorratz handiagoa eragiten ari da bide horretan; beste astindu bat eman zuen atzoko greba jendetsuaren bidez, milaka eta milaka andreren babesez. Zimendua osatzen ari da, sistemaren zimendua kolokan jartzeko. «Itun sozial berri bat» martxan jartzeko.

Kaleak harro hartu dituzte milaka eta milaka emakumek. Indarrez. Berealdiko jendetza bildu dute: Bilbon, adibidez, bi ordutik gorako manifestazioa egin zuten iluntzean, hainbestekoa baitzen jende emaria. Ez da ohiko greba izan: gainditu egin du enpleguaren arloa, eta iritsi da pentsiodun eta ikasleengana, kontsumora eta zaintza lanetara ere. Gizarte osoa blaitu du aldarri feministaz, eta parte-hartze datu hotzetan neur ezin daitekeen lorratza utzi.



Aurtengo grebak tokian tokiko lana eduki du oinarrian. «Auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitate zehatzei erantzutea lehenetsi dugu. Hori da herri bat feminismotik eraikitzeko oinarria». Arrakasta handia izan du zentralizatu gabeko eredu horrek: herri handi eta txiki, talde egituratu eta norbanako, gazte eta adineko, kolore bateko eta besteko, bilgune izan da greba feminista. Hala nabarmendu dute lehen balorazioan: «Indarrak batzea da gure bidea, aliantzak eraikitzea eta sakontzea. Elkarrekin boteretu gara, eta hori da gure garaipen nagusia». Argazkiak dira horren lekuko: nolako sareak ehundu dituzten, zer mugimendu eragin duten bai hirietan, bai herri txikiagoetan.

Politikariak, mugitzen

Iazko grebaren arrakastak izan du oihartzunik; eragile eta erakunde batzuek aldatu egin dute grebarekiko jokaera, eta azken egunetan nabarmena izan da emakumeen eskubideekin lotutako proposamenak ugaritu direla. Itxurakeriarako arriskua sumatu du mugimendu feministak: «diskurtso politikoki zuzenak» entzun dituztela, baina benetako urrats gutxi. «Azaleko keinuek ez digute balio. Politika feminista ausartak exijitzen ditugu». Hain zuzen ere, Zuriketa morerik ez leloa erabili dute azken egunetan itxurakeria hori salatzeko, eta atzo ere hainbat erakundetan utzi zuten mezu hori, pintaketen bitartez -Donostiako udaletxean, besteak beste-.



Erakundeak mugiarazi ditu lanuzteak. Eusko Legebiltzarrekoa irudi esanguratsua izan zen: gutxieneko parlamentari kopururik ez, eta osoko bilkura bertan behera. Lanuztearekin bat egin zuten EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE-EEko emakumeek -hiru gizon ere falta izan ziren, horietatik bi kontziliazioagatik-, eta ezin izan zuten bilkura egin. PPko lau emakume parlamentariak saioan ziren. «Emakumearen kausaren alde egiteko modurik onena, lana eta obligazioak betetzea», adierazi zuen Laura Garrido legebiltzarkideak.

Ordezkari politiko ugarik bat egin zuten manifestazioetan; beste batzuek agenda publikoa murriztu zuten -hori egin zuen Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak: elkarretaratze batera joan-.

Grebak eragina izan zuen enpleguaren arloan, batik bat sektore feminizatuetan: adinekoen egoitzetan, garbiketan, saltokietan... Gogoan izatekoa da sektore feminizatu askotan lan gatazka betean daudela azken urteetan, «lan baldintza duinak» eskatzeko. Emakume horiek bereziki gogoan izan zituzten atzoko greban.



Badira parte hartzeari buruzko datu batzuk. Hezkuntzan, adibidez, atxikimendu handia izan du. Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera, langileen %49k egin dute greba. Hezkuntzan, hamar langiletik zazpi inguru dira andreak; beraz, haietatik %70 inguruk egin dute greba -lanuzte partziala egin dutenez gain-.

Enpleguaren esparruko grebak eragin du BERRIAn ere: emakume guztiek bat egin dute mugimendu feministaren deialdiarekin, azken asteetan gogoeta prozesu bat egin eta gero. Protesta egin zuten Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa).

Gogoeta zaintzari buruz

Haragokoa izan da, hala ere, greba feminista: ez da ordainpeko lanera mugatu. Aurtengo deialdian «zaintzaren gatazka» jarri dute erdian: noren gain geratzen diren umeen eta adinekoen zaintzak, ezintasunak dituztenenak, etxeko lanak... Salatu dute genero desoreka handia dagoela: «Feminizatuta eta pribatizatuta daude lan horiek, eta bereziki emakume migranteen esplotazioan oinarritzen dira». Ardatzen artean ez zegoen arren, migratzaileen egoera bereziki gogoan izan dute greban.



Zaintzaren auzia gogoetarako gaia izan da. Hori zen, hain justu, mugimendu feministaren asmoa: zaintzaren gatazka ikusaraztea. «Lan horiek gizonen gain kokatzea izan da xedea». Herri askotan, gizonek zaintzarako guneak atondu behar izan dituzte. Sortutako eztabaidak eta gogoetak balio handikoak direla adierazi dute grebaren balorazioan: «aldaketarako haziak» direla egunotan gaiari buruz egindako gogoetak.

Zaintza lanen ondorioak eta lan esparruko desorekak nabari dira pentsiodunen artean. Arlo hori da aurtengo grebako berritasuna: pentsiodunena. Azken hilabeteetan, protesta handiak egin dituzte pentsioen egoera salatzeko. Greban ohartarazi dute genero desoreka nabaria dela: pentsio baxuena duten gehien-gehienak emakumeak dira. «Lan feminizatuak eta bereziki zaintza lanak aintzat ez hartzearen ondorioa da hori».

Adinekoak bakarrik ez, gazteak ere bildu ditu greba feministak: nabarmena izan da emakume gazteen presentzia mobilizazioetan. Askok indarkeria sexistaren aurkako kartelak hartu dituzte eskuan, eta «hezkuntza sistema hezkidetzailea» aldarrikatu dute.

Iragarki sexistak

Kontsumoaren zutabea ardatza izan da mobilizazioetan: multinazionalen jarduna salatu dute bereziki, «beste herrialdeak ustiatzen dituztelako eta langileen esplotazioaren ikur direlako». Nabarmentzekoa da Angeluko (Lapurdi) Leclerc saltokian egindako protesta. Emakumeen egunaren kari, merkataritza kate horrek eskaintza batzuk egin ditu salgai jakin batzuetan: makillajea, arropa, parafarmazia... Arratsaldean, grebalari talde bat kartel sexistak kentzeko eskatzera joan zen. Dendara sartu ziren, eta kartelak kentzen hasi. Tentsio uneak izan zituzten arduradunekin, baina azkenean saltokiko buruek berek erretiratu zituzten eskaintza horiekk iragartzeko kartelak.



Grebaren lorpenetako bat izan zen Angelukoa. Baina mugimendu feministak ohartarazi du aurkako enbata irmoa jasaten ari direla: «Ultraeskuinaren gorakada, kapitalismo autoritarioaren berrarmatzea, bizi baldintzen prekarizazioa, borroka sozialen kriminalizazioa, feminizidio sistematikoa... Larria da bizi dugun garaia». Donostiako mobilizazioan, hain justu, keinu bat egin zieten mugimendu horiei: katedralean kartel handi bat ezarri zuten, Atzerapausorik ez leloa zeukana.

Mugimendu feministak beste pauso bat eman du atzoko grebaren bitartez. Beste mugarri bat. Nabarmendu du bidearen hasiera dela oraindik: «Ez gara sistemaren ukazioan geratzen». Zimendua aldatu nahi du: «Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa».

BERRIAn argitaratua (2019/03/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA