astekaria 2019/03/01
arrowItzuli

kultura

Garaiak eskatzen dituen hitzen bila

Ainhoa Sarasola

Garaiak eskatzen dituen hitzen bila

«Ez dakit zein diren gaur behar ditugun hitzak». Zalantza horrek «akuilatuta» idatzi ditu Disoluzio agiriak liburuko (Susa) poemak Jose Luis Otamendik. Zalantza horrek bultzatuta, eta egungo garaiak sortzen dizkion galderak mahai gainean jarri nahirik. «Eta garaikide, neure aldiko agertzeko gogoz berriz ere», idazleak berak liburua aurkeztean atzo gaineratu zuenez. Aspaldion bere baitan nahiz kanpoan «aldaketa dezenteren zantzuak» sumatu dituela, eta liburuan «horien berri poetikoa» eman nahi izan duela azaldu zuen. Eta aitortu «zenbait ñabarduratan beste era batera idazten saiatzeko ahalegina» eskatu diola horrek. Hain justu, irakurleak lan berrian betiko Otamendi eta, aldi berean, Otamendi desberdin bat aurkituko dituela iritzi zion Leire Lopez Ziluaga editoreak. «Esango nuke poema hauetan badagoela bizi dugun garairako poesia molde bat sortzeko ahalegina, gure garaiak eskatzen dituen hitzak, edo hitzetako batzuk behintzat, beltzean jartzeko nahia». Bederatzigarren poesia liburua du idazleak; aurreko lana —Kapital publikoa (Susa)— plazaratu zuela bost urte pasatu direnean iritsi da.

Otamendiren poesian ohikoak diren ezaugarrien artean, «geografia intimotik» hitz egiten duela, «pertsonalean kolektiboa eta kolektiboan pertsonala» ikusten laguntzen duela, eta egungo garaiaz galderak egiten dituela aipatu zuen Lopez Ziluagak, besteak beste. Hain zuzen, idazleak adierazi zuen gorputza izan duela idazteko abiapuntu, eta bere bizipenetatik jardun duela, lehen pertsonan. Baina ez horregatik inguruneari bizkar emanda. «Garai likido hauetan identitateak har ditzakeen hainbat tasuni erreparatu diet zahartzen ari den gorputz bat naizen aldetik; hots, nabarmendu nahi izan dut gorputza dudala abiapuntu eta bizi ditudanen egoitza eta gertaleku, baina inguratzen nauen giro soziala eta ekonomikoa ahanzteke batere».

Lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorkizunean etorriko denaz gogoeta egiten du, esaterako, idazleak. Garai bateko oroitzapenak eta gaurko «errutinen ajeak» tartekatu ditu poemetan, prentsako albisteek zein bere edo besteren gogoetek lagunduta sarri. «Errealitate arrunt itsusiaren markoa usu bihurtu zait hausnarketa eta kronika poetikoarentzat atalase eta sarbide», azaldu zuen. Eta, horrela, bizipenetatik baina libre jarduten saiatu dela erantsi zuen. «Plazan hitz egitera nator, ahots intimoa bilatuz, ordea. Ozen bai, baina etxe barne girotik kontu txikiak egin guran».

Mundua, urtzen

Kapitala da liburuko beste gogoetagai nagusietako bat, Lopez Ziluagak gogorarazi bezala, «poemetan bezala bizitzan ere kapitala gure ertz intimoetan sartzen delako». Hala, orain maitasunaz eta hurrengoan ekonomiaz dihardu Otamendik. Bere kezka azaldu zuen idazleak: «Kapitalak ezarri berotze globala tarteko, glaziarrak eta zirkulu polarreko izotzak ez ezik urtzen ari dira harreman molde eta humanitate neurri duin baterako hainbat konbikzio eta aukera. Mundua bere osoan urtzen ari dela, alegia». Eta mundua aipatuta, kreazioaren mitora egin zuen jauzi, eta azaldu genesiaren kontakizun ezagunak erraztu ziola liburua zazpi ataletan banatzea. «Diruaren, Jainkoaren eta geure kontraesanen aurka, eta beste hainbat kausaren alde borroka egiteko hitz egokien peskizan gabiltza. Eraikitze eta deseraikitze lan handiak, hain zuzen».

Txatalez txatal osatu du Otamendik liburua, zazpi ataletan 39 poema bilduta. Hain zuzen, txatalek, zatiek garrantzia dutela azpimarratu zuen. «Gizaki fragmentatuak gara, gizaki zatikatuak, jendarte zatikatua. Osatu nahi bat eta osatu ezin bat agerikoa da hemen». Halere, poemek ez dutela «etsiaren lezioaz inor limurtu nahi» adierazi zuen, eta gaineratu disoluzioaren erreferentziak aditzera ematen duela, gainbehera ez ezik, «materiaren eraberritzeko gaitasun etengabea» ere. Poesiaren egitekoa ere goraipatu zuen: «Gorputza kartzela bihurtu digun aldi honi, bakardadearen glaziarretan izoztuta eduki nahi gaituen jendarte honetan, partikularraren ahotsaren aldarria egiten du poesiak, norbere kapsulatik ateratzekoa, espazio eta denbora komunak eraikitzekoa».

Aitorpen batekin amaitu zuen, gaur behar diren hitzak zein diren oraindik ez dakiela: «Auskalo, beharbada horregatik egongo da munduan hainbeste poeta».

BERRIAn argitaratua (2019/02/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA