gizartea
«Dena aldatzera etorri gara»
Ibai Maruri Bilbao
Bost ardatz izango ditu grebak: zaintza, enplegu eta kontsumo greba izango da; baita pentsiodunena eta ikasleena ere. Bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eredu berria aldarrikatuko dute. Helburu hori lortzeko, 28 eskaera zehatz jaso dituen agiria adostu dute. Besteak beste, emakumeek sufritzen duten prekaritatea desagerrarazteko eskatu dute. Indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza defendatu dute. Baita arrazakeriarik eta gerrarik gabekoa ere. Horregatik, greba egunean planto egitera dei egin dute: kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari. Lanaren esplotazioa, kapazitismoa, arrazakeria eta sexu-generoaren arteko bereizketa gainditzeko agenda garatu nahi dute.
Martxoaren 8an Euskal Herriko bost hiri nagusietan egingo diren protesten berri ere eman zuten atzoko agerraldian. Bakoitzean bi mobilizazio egingo dira: 12:00etan elkarretaratzea, eta 19:00etan manifestazioa. Bilbon kasu bietan manifestazioa izango da, eta biak Jesusen Bihotzetik abiatuko dira; Bulebarrean eta Antiguako tuneletatik izango dira Donostian; Gazteluko plazan eta Golem zinemetatik, Iruñean; Plaza Berrian eta Iparralde zentro zibikotik, Gasteizen; eta Merkatu plazan eta Errepublika plazatik, Baionan. Herri, auzo eta eskualdeetan egingo diren ekintzetan parte hartzeko ere eskatu dute.
Greba antolatzen ibili diren andreen artean «aniztasuna» dagoela esan du Ozaitak. Baina elkarrekin «lurzoru komun batean sustraituriko borroka» egituratu dute. Oinarri ideologiko eta helburu politiko konpartituak dituen lurzorua dela zehaztu du: «Feminismo antikapitalista, antikolonialista, eta heteroarauaren kontrakoa». Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan osatu dira batzarrak. «Errealitate lokalei egokien erantzuten dion markoa osatzeko, deszentralizazioa lehenetsi da». Sortu den sare horrek martxoaren 9tik aurrera «ehuntzen jarraituko den eraldaketaren oinarria» jarri duela uste dute.
Aliantzak ere osatu dituzte greba antolatzerakoan. Oso garrantzitsuak izan direla esan du Ozaitak, «estrategikoak». Besteak beste, honako mugimendu hauekin izandako elkarlana goraipatu du: pentsiodunak, etxeko langileak, emakume baserritarrak, emakume migratzaileak, kolektibo antirrazistak, errefuxiatuen aldeko Herrien Besarkada mugimendua, ikasleen eta gazteen kolektiboak, aniztasun funtzionala duten emakumeen kolektiboa, emakumezko euskal presoak eta gehiengo sindikala. «Denak izan gara beharrezkoak greba feministak aurrera egin dezan».
Iazko martxoaren 8an egindako grebak «historia egin» zuela gogoratu dute. «Hala ere, indarra dugun arren, oraindik erailtzen gaituzte, esplotatu eta kriminalizatu». Horregatik, instituzio publikoen inplikazioa eskatu du, egungo egoeran «ardura berezia» dutelakoan. Eta bultzatu gura duten aldaketan parte izatea nahi dute. «Politika feminista ausartak nahi ditugu, behar besteko aurrekontu publiko errealekin».
Gizarte itun berria
Mugimendu feministako kideen esanetan, kolektiboa izan behar da bizitza sostengatzeko ardura. «Gure jendartean, bizitza batzuek beste batzuek baino balio handiagoa dute», gaitzetsi du Lejarretak. Zaintza berrantolatzeko eskatu du: «Politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila; pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoon eskubideen bizkar egon. Emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da».
Herritartasun eredu «inklusibo» bati ateak irekiko dizkion itun sozial bat eskatu du mugimenduak. «Gure lurraldeetan eta gorputzetan burujabe izateko. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatzeko. Bazterreko subjektuok, gure aurkako indarkeriarik gabe, aske izan ahal izateko».