astekaria 2019/03/01
arrowItzuli

kultura

Berdea gailendu zaio zuri-beltzari

Itziar Ugarte Irizar

Berdea gailendu zaio zuri-beltzari

Ez direla ausartu. Agian hori pentsatuko du batek baino gehiagok. Roma zen aurtengo Oscar sarietako promesa handietako bat. Alfonso Cuaronek, zuri-beltzean, bere haurtzaroko Mexiko kontatzeko egindako ariketak aukera handiak zeuzkan zinemako sari entzutetsuenen historian mugarri sendoak jartzeko; Netflixek ekoitzitako lehen lana izatea film onenaren garaikur preziatuena jasotzen, edo aurrenekoa film onenaren eta ingelesez besteko pelikula onenaren sariak biak batera jasotzen. Baina ez bata eta ez bestea; bidean geratu da zuzendari mexikarraren lan laudatua. Peter Farrellyren Green Book-ek hartu dio aurre; bost izendapenetatik hiru lortuta: film onena, jatorrizko gidoi onena eta taldeko gizonezko aktorerik onena (Mahershala Ali). Beste hainbeste garaikur bildu ditu Roma-k, denera hamar izendapen zituen arren: zuzendari onena, ingelesez besteko film onena eta argazki onena. Atzo goizaldean banatu ziren sariak; festa giroan eta une gogoangarri handirik utzi ez zuen galan.

Film onena lortzeko aurtengo hautagaien artean bazen elementu aipagarri bat: zortzitik zazpi izan dira gertakari errealetan oinarritutakoak. Green Book-ena da kasu argienetako bat, zeinak AEBetako iragan arrazistaren berri ematen duen. Nick Vallelongak idatzitakoa du gidoia, Viggo Mortensenek antzezten duen pertsonaiaren benetako semeak. Tony Vallelonga gidariaren pertsonaia da Mortensenek antzezten duena; eta haren eta Don Shirley pianista afro-amerikarraren (Mahershala Ali) lagun harremana du kontagai, 1960ko hamarkadan AEBetako hegoaldean egindako bidaia batean harilkatua. Orain artean, Bobby anaiarekin egindako lanengatik izan da ezaguna Farrelly; elkarrekin eginak dituzte, besteak beste, Dumb and Dumber (1994) eta There's Something About Mary (1998). Aurreko horien umoretik gutxi du Green Book-ek; dramatik du gehiago. Torontoko jaialdian estreinaldi arrakastatsua egin ostean, atzo eraman zuen sari denetan handiena. Taldearekin igo zen hura jasotzera, eta «zu gabe ez dago pelikularik» esan zion handik Mortenseni, hark eta Carrie Fisherrek egindako lana goraipatuta.

Beste muturrean Yorgos Lanthimosen The Favourite zegoen: gaueko beste promesetako bat zen, baina, azkenean, galtzaile nabarmena bilakatu zen. Hamar izendapenekin agertu zen zuzendari grekoaren lantaldea Los Angelesko (AEB) Dolvy antzokira, baina garaikur bakarra jaso zuten. Olivia Colmanentzat izan zen emakumezko aktore onenaren saria, Ana Estuardo erreginaren larruan egindako lanagatik. Aurretik ere egina zuen lana Lanthimosentzat (The Lobster, 2015), baina zuzendariak genero historikora egin duen jauzi honetan hartu du sona aktoreak. Colmanek jasota, gabe geratu zen Glenn Close aktore beteranoa. Hura ere izendatua zegoen emakume aktore onenaren sarirako, The Wife-en Literaturako Nobel saridunaren itzalean bizi den emaztearen rola jokatzeagatik. Aurtengoarekin, zazpigarrenez geratu da atarian.

Sari gehien, Mercuryrenak

Gaueko beste ezusteko bat Bohemian Rhapsody-k eman zuen, Queen talde britainiarren eta haren buru Freddie Mercuryren gaineko biopic-a sari gehien eraman zuen pelikula izan baitzen. Jokoan zituen bost sarietatik lau jaso zituen: muntatze, soinu muntatze, soinu nahasketa eta gizonezko aktorerik onenarenak. Rami Malekentzat izan zen hori, Mercuryren larruan egindako interpretazioagatik. Aktore egiptoarrak esker hitzetan nabarmendu zuen bere istorioa, Queeneko abeslari gogoangarriarena bezala, artearen munduan bidea urratu nahi duen etorkin baten istorioa dela.

Hain zuzen, Queeni egin zion gaua hasteko enkargua Hollywoodeko akademiak. Lehen aldiz azken 30 urteetan, ez zen aurkezlerik izan galan, eta haiek hasi zuten hiru ordu eta erdi inguru iraun zuen ekitaldia, We Will Rock You eta We Are The Champions-ekin eta Mercuryri lekua hartu zion Adam Lambert kantariarekin. Izatez, Kevin Hart aktore eta umorista zen aurten aurkezle lana egitekoa, baina txio homofobo batzuk argitara irten ostean erabaki zuten kentzea.

Galan izan zen beste une musikal aipatuena Lady Gaga eta Bradley Cooperren artekoa izan zen. Gagak kantu onenaren saria irabazi zuen A Star Is Born filmean sortutako Shallow kantuagatik, eta hori abestu zuten Cooperrek eta berak agertokian. Zortzi izendapen zituen filmak, eta bakarra jaso zuen. Gauza bera pasatu zitzaion Adam McKayren Vice-ri; zortzi izendapen eta sari bat, makillaje eta ile apaintze onenarena.

Beste urte batzuen aldean, leherketa handirik gabeko gala izan zen atzokoa. Ezusteko handienak irabazleen jakinarazpenek sortu zituzten. Eta hala hartu ziren Black Panther-en hiru garaikurrak. Aurreneko aldia zen superheroien gaineko ekoizpen bat film onenaren sarirako izendatua zegoena, eta, azkenean, garaikur hori eraman ez bazuen ere, Ryan Cooglerrek esan dezake historia egin duela, beste hiru lortuta: musika, jantzi eta ekoizpen diseinu onenarenak.

Egile mexikarren bolada

Kategoria begiratuenean saria lortu ez arren, Roma ingelesez besteko pelikularik onenaren saria lortu duen lehen film mexikarra bihurtu zen atzo. Angela Basett eta Javier Bardem aktoreen eskutik jaso zuen saria Cuaronek, eta bere aldarria, motz eta zuzen, hor utzi zuen Bardemek. Gaztelania hutsean esan zuen: «Ez dago mugarik eta harresirik talentua geldiaraziko duenik». Egile mexikarren bolada onari ere segida eman zion Cuaronek; sei urtean bost garaikur joan dira Mexikora, zuzendaritza onenari lotuta. Cuaron bera izan zen lehena 2014an,Gravity-rekin, eta ondotik heldu ziren Alejandro Gonzalez IƱurritu (Birdman, 2015; The Revenant, 2016) eta Guillermo del Toro (The Shape of Water, 2018).

Aldarri hitzengatik txaloak irabazi zituen beste bat Spike Lee izan zen. Egokitutako gidoirik onenaren saria irabazi zuen BlacKkKlansman lanagatik; 70eko hamarkadan Ku Kux Klanean infiltratutako detektibearen istorioa ardatz duen lana. Samuel L. Jackson aktorea estu besarkatu ondotik igo zen agertokira. «2020ko hauteskundeak ate joka daude. Historiaren alde zuzenean egon gaitezen. Egin dezagun maitasunaren aldeko eta gorrotoaren aurkako hautu morala». Ez zuen zuzenean aipatu, baina aipatu gabe aipatu zuen Donal Trump; Bardemek bezala, Roma-k bezala. Beste argazki bat ere utzi zuen Leek: film onena Green Book jo zutela entzutean, jarlekutik altxatu eta alde egiteko imintzioak egin zituen.

BERRIAn argitaratua (2019/02/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA